Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen deskribapena

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea EAEko kutsadura-mailak kontrolatzeko eta zaintzeko tresna bat da, eta autonomia-erkidegoek beren lurraldeko airearen kalitatea ebaluatzeko betebeharrari erantzuten dio. Sareak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen kutsatzaileak aztertzeko eta neurtzeko sentsoreak ditu; batik bat, sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NO eta NO2), ozono troposferikoa, karbono monoxidoa (CO), bentzenoa eta partikula esekiak (PM10 eta PM2.5). Horretaz gain, hainbat parametro meteorologiko ere neurtzen ditu: haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.

Estazio bakoitzak, izan finkoa ala mugikorra, kutsatzailearen kontzentrazioa neurtzen duten aztertzaileak edo neurketa-monitoreak ditu barruan. Etengabe aztertzen dute tresnok, 24 orduz, urteko 365 egunetan (matxurarik ez badago, noski); giroko airearen lagin bat hartzen dute, aldez aurretik egokituta eta homogeneizatuta, eta aztertu egiten dute, 10 segundotik 15 minuturako tarteetan, aztertu beharreko kutsatzailearen arabera. Aztertzaile bakoitza etengabe dago konektatuta datuak biltzen dituen terminalera, eta azken horrek aztertzaile bakoitzaren analisi bakoitzaren emaitzak jasotzen ditu, eta ordu laurdenean behin, batez bestekoa kalkulatu eta jaso egiten du. Datu horiek etengabe helarazten zaizkio Bilbon kokaturiko datu-zentralari.

Datuak jaso bezain laster baliozkotze automatikoa egiten da Sareak duen datuak ustiatzeko softwarearekin, eta webgune honetan argitaratzen dira. Ondoren, teknikari aditu batek eskuz egiaztatzen ditu datu guztiak. 

Sarean, honako kutsatzaile hauek aztertzen dira aztertzaile automatikoekin: sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno dioxidoa (NO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa, bentzenoa eta partikulak (PM10 eta PM2.5). Aztertzaile automatikoek airearen lagin bat hartzen dute denbora errealean, eta metodo fisikoetan edo kimikoetan oinarritzen dira neurtu nahi den gasa edo partikula atzemateko.  Kutsatzaile bakoitzak bere neurketa-teknika du.  Emaitzak taula honetan ageri dira.

 

Kutsatzaileak

Neurketa-teknika

Erreferentziako araua

Sufre dioxidoa

UV fluoreszentzia

UNE-EN 14212:2013

Giroko airea. Fluoreszentzia ultramoreagatiko sufre dioxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.

 

Nitrogeno dioxidoa

Kimioluminiszentzia

UNE-EN 14211:2013

Giroko airea. Kimioluminiszentziagatiko nitrogeno dioxido eta nitrogeno monoxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.

 

Karbono-monoxidoa

Infragorriaren xurgatzea

UNE-EN 14626: 2013    

Giroko airearen kalitatea. Espektroskopia infragorri ez barreiatzaileagatiko karbono monoxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.

 

Ozonoa

UV xurgatzea

UNE-EN 14625:2013

Giroko airea. Fotometria ultramoreagatiko ozono kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.

 

Bentzenoa

Gasen kromatografia

UNE-En 14662: 2013 Parte 3.

Bentzeno kontzentrazioak neurtzeko metodo normalizatua. 3. zatia: Xurgapen bidezko laginketa in situ eginiko gasen kromatografiarekin.

 

 

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea euskal lurralde osoan banatutako estazioek osatzen dute; gaur egun 55 daude, eta horietatik 18 jarduera industrialekin lotuta daude. Oro har, kokatuta dauden eremuaren arabera sailkatzen dira: landagunean, hirian edo hiri inguruan; baita jasotzen duten kutsaduraren jatorriaren arabera ere: zirkulazioa, industria edo hondokoa (hainbat iturriren nahasketa denean).

Estazio finkoez gain, sareak ekipamendu mugikorrak ditu, lurraldeko hainbat puntutan kanpainak egin ahal izateko.

Gaur egun hiru furgoneta mugikor eta atoi mugikor bat du, guztiak ere aztertzaile automatikoz hornituak, baita bestelako kutsatzaileak neurtzen dituzten bi laborategi mugikor ere.

Ekipamendu mugikor horiei esker airearen kalitatea ezagutu eta zaindu dezakegu leku eta denbora jakin batean, ondoren, eta beharrezkoa izanez gero, neurriak hartu ahal izateko. Ohiko kutsatzaileez gain, konposatu organiko hegazkorrak edo metal astunak neur ditzakete, besteak beste.

Neurketa automatikoak denbora errealean egiten dira, baina Sareak baditu neurketak eskuz egiteko zenbait puntu ere, analisiak Osasun Laborategietan egiten diren zenbait kutsatzailerentzat. Horretarako eskuzko PM10 kaptadoreak erabiltzen dira; haien laginak (iragazkiak) laborategi batera bidaltzen dira eta han dagokion erreferentziako metodoen arabera aztertzen dituzte. Laginketek 24 ordu irauten dute, eta beraz, egunero lortzen dira datuak. Hala neurturiko eta airearen kalitateari buruzko egungo legedian arauturiko kutsatzaileak honako hauek dira: As, Cd, Ni, Hg, Pb eta Benzo(a)pirenoa.

 

Azken aldaketako data: