Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen deskribapena
Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea da Euskal Autonomia Erkidegoan kutsadura-mailak kontrolatzeko eta zaintzeko sistema, eta betetzen du autonomia-erkidegoek beren lurraldean airearen kalitatea ebaluatzeko duten betebeharra.
Sare honek analizatzaileak eta sentsoreak ditu, airearen kalitateari buruzko araudiak ezarritako kutsatzaileak neurtzeko, besteak beste:
- Sufre dioxidoa (SO₂)
- Nitrogeno oxidoak (NO eta NO₂)
- Ozono troposferikoa (O₃)
- Karbono monoxidoa (CO)
- Bentzenoa (C₆H₆)
- Esekiduran dauden partikulak (PM₁₀ eta PM₂,₅)
Horrez gain, parametro meteorologikoak erregistratzen dira, hala nola haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa.
Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea Euskal Autonomia Erkidegoan zehar banatutako estazioek osatzen dute. Gaur egun 55 estazio daude, eta horietatik 18 industria-jarduerekin lotuta daude.
Estazioak honela sailkatzen dira:
- Kokapenaren arabera: landa-eremuak, hiri-eremuak edo azpihiri-eremuak.
- Kutsaduraren jatorriaren arabera: trafikoa, industria edo hondo (iturri anitzen nahasketa denean).
Estazio finkoez gain, Sareak ekipo mugikorrak ditu lurraldeko hainbat puntutan kanpaina adierazgarriak egiteko.
Gaur egun honako hauek daude:
- 3 furgoneta mugikor eta 1 atoia mugikor analizatzaile automatikoekin.
- 2 laborategi mugikor, kutsatzaile mota desberdinak neurtzeko.
Ekipo horiei esker, airearen kalitatea toki eta une jakin batean ezagutu eta kontrolatu daiteke, beharrezkoa bada neurriak hartzeko. Ohiko kutsatzaileez gain, konposatu organiko lurrunkorrak eta metal astunak ere neurtzen dituzte, besteak beste.
Bestalde, neurketa automatikoak denbora errealean egiten diren arren, Sareak neurketa eskuzko puntuak ere baditu kutsatzaile jakin batzuentzat, eta analisiak Osasun Publikoko Laborategian egiten dira.
Horretarako, PM₁₀ partikulen kaptatzaile eskuzkoak erabiltzen dira; laginak (iragazkiak) laborategira eramaten dira eta erreferentziazko metodoen arabera aztertzen dira. Laginketak 24 ordu irauten du, eta eguneroko datuak lortzen dira.
Modu honetan neurtzen diren eta airearen kalitateari buruzko araudian jasotako kutsatzaileak hauek dira: As, Cd, Ni, Hg, Pb eta Benzo(a)pireno.
Estazio bakoitzak, finkoa izan edo mugikorra, analizatzaileak edo monitorak ditu barruan, kutsatzaileen kontzentrazioa neurtzeko.
Ekipo hauek etengabe funtzionatzen dute, egunean 24 orduz, urtean 365 egunez, salbu eta matxura gertatzen denean. Prozesuak aire lagina hartzea dakar, aurretik egokitua eta homogeneizatua, eta aztertzea 10 segundotik 15 minutura bitarteko tarteetan, kutsatzailearen arabera.
Analizatzaile bakoitza etengabe konektatuta dago datuak eskuratzeko terminalera, eta terminal horrek analisi bakoitzaren emaitzak jasotzen ditu. 15 minuturo, sistemak batezbestekoa kalkulatzen du eta gordetzen du. Datu horiek etengabe transmititzen dira Bilbon kokatutako datu-zentrora.
Datuak jasotakoan, balidazio automatikoa egiten da Sarearen datuak ustiatzeko softwarearen bidez, eta ondoren webgunean argitaratzen dira. Azkenik, datuak eskuz egiaztatzen ditu teknikari kualifikatu batek.
Sarean, honako kutsatzaile hauek aztertzen dira aztertzaile automatikoekin: sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno dioxidoa (NO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa, bentzenoa eta partikulak (PM10 eta PM2.5). Aztertzaile automatikoek airearen lagin bat hartzen dute denbora errealean, eta metodo fisikoetan edo kimikoetan oinarritzen dira neurtu nahi den gasa edo partikula atzemateko. Kutsatzaile bakoitzak bere neurketa-teknika du. Emaitzak taula honetan ageri dira.
Kutsatzaileak | Neurketa-teknika | Erreferentziako araua |
|---|---|---|
Sufre dioxidoa | UV fluoreszentzia | UNE-EN 14212:2013 Giroko airea. Fluoreszentzia ultramoreagatiko sufre dioxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.
|
Nitrogeno dioxidoa | Kimioluminiszentzia | UNE-EN 14211:2013 Giroko airea. Kimioluminiszentziagatiko nitrogeno dioxido eta nitrogeno monoxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.
|
Karbono-monoxidoa | Infragorriaren xurgatzea | UNE-EN 14626: 2013 Giroko airearen kalitatea. Espektroskopia infragorri ez barreiatzaileagatiko karbono monoxido kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.
|
Ozonoa | UV xurgatzea | UNE-EN 14625:2013 Giroko airea. Fotometria ultramoreagatiko ozono kontzentrazioa neurtzeko metodo normalizatua.
|
Bentzenoa | Gasen kromatografia | UNE-En 14662: 2013 Parte 3. Bentzeno kontzentrazioak neurtzeko metodo normalizatua. 3. zatia: Xurgapen bidezko laginketa in situ eginiko gasen kromatografiarekin. |
Azken aldaketako data: