Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2024ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1873

AGINDUA, 2024ko apirilaren 3koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez deitzen baita irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu bat hautatzeko prozedura, askatasunaz gabetzeko neurri judizialak bete behar dituzten adingabeei egoitza-arreta emateko eta horiekin hezkuntza-arloko esku-hartze integrala egiteko. Neurri horiek Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusita daude.

Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, bere lurralde-eremuan, adingabeen epaitegiek beren epai irmoetan ezarritako neurriak betearaztea. Horretarako, zerbitzu, erakunde eta programa egokiak sortu, zuzendu, antolatu eta kudeatuko ditu, hartara bermatzeko lege horretan aurreikusitako neurriak behar bezala betearazten direla.

Lege horren 45.3 artikuluan aurreikusten denez, Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak egin ahal izango ditu irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin, bere eskumenekoak diren neurriak betearazteko, zuzenean gainbegiratuta. Dena dela, horrek ez du esan nahi betearazpen horren ondoriozko titulartasuna eta erantzukizuna lagako direnik.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 13.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari honako eginkizun hauek dagozkio, besteak beste: Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea; Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea; eta adingabe arau-hausleen arloko eskumenak baliatzea, adingabea babesteko eskumena duten gainerako organo eta administrazioekin lankidetzan.

Bestalde, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 14. artikuluan honako eginkizun hauek ezartzen dizkio, besteak beste, sail horretako Justizia Zuzendaritzari: justizia konpontzailea eta gatazken konponbide alternatiboa sustatzea eta garatzea Justizia Administrazioaren esparruan; bere eskumenen esparruan, zehapen- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan egiten dituen gainerako jarduerekin koordinatuta; gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatzea, planifikatzea, antolatzea eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sailen lana koordinatuz; lantalde psikosozial judizialen antolaketari eta funtzionamenduari laguntza ematea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea; eta deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortzea eta kudeatzea.

2024ko abenduaren 31n amaituko dira Uribarri, Txema Fínez eta Andoiu/Gorbeia (Araban) eta Urgozo eta Autonomia Egoitza (Bizkaian) hezkuntza-zentroetan adingabe eta gazteen egoitza-arrerako neurriak eta gizarteratze-neurriak betearazteko EAEk sinatu zituen lankidetza-hitzarmenen luzapenak.

Lehen aipatutako neurriak beteko direla bermatuko duten zerbitzuak mantentzeko beharra dago oraindik ere; beraz, hitzarmen berriak sinatu behar dira, egiten ari ziren jarduketen jarraitutasuna bermatzeko.

Adierazitako gaikuntza-titulua betez eta adingabeen jurisdikzioaren eremuko jarduketen oinarria adingabearen interes gorena dela kontuan hartuta, esperientzia egiaztatua duten gizarte-ekimeneko erakunde pribatuekin lankidetzan aritzeari esker, kalitatezko hezkuntza-arloko esku-hartzea egin ahal izango da, adingabeak benetan gizarteratzera bideratuta.

Adingabeekin esku-hartze programak egiteko gaituta dauden erakunde asko daude, eta horien helburuetako bat da adingabeekin eta gazteekin gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea egitea.

Horregatik, hautaketa-prozedura bat antolatu behar da, eta horrek bermatu egin behar ditu publikotasun, gardentasun, lehia, objektibotasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak eta, aldi berean, aukera eman behar du askatasunaz gabetzeko neurriak betearazteko garaian egin behar den esku-hartzean kalitate tekniko hobea bermatuko duten erakundeen proiektuak hautatzeko; hartara, jarduketa egokia egingo da, adingabearen mesedetan, haren interesak aintzat hartuta.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta deitzea irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak hautatzeko prozedura, askatasunaz gabetzeko neurri judizialak bete behar dituzten adingabeei egoitza-arreta emateko eta horiekin hezkuntza-arloko esku-hartze integrala egiteko –neurri horiek Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusita daude– EAEko hezkuntza-zentroetan, I. eranskinean ezarritako oinarriekin bat, lankidetza-hitzarmen bat formalizatzearen bidez.

Lankidetza-hitzarmen bat sinatzen duten erakundeei gehieneko konpentsazio bat emango die Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura, I. eranskinean jasotzen diren jarduera hitzartuak egiteko 2025. eta 2026. urteetan egiten dituzten gastuengatik. Konpentsazio horrek ez dio inola ere onura ekonomikorik ekarriko hitzarmena sinatzen duen erakundeari.

Bigarrena.– Agintzea, batetik, deialdi honen iragarkia EHAAn argitaratzeko eta, bestetik, parte hartzeko gonbidapenak bidaltzeko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta emateko EAEko erakunde laguntzaileen erregistroan inskribatuta dauden erakunde homologatuei, eskaintza aurkeztu nahiko balute. Hala bada, hurrengo eranskinetan adierazten diren jarraibideen arabera egin beharko dute.

Hirugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke egintza eman duen organoaren aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Agindu honen I. eta II. eranskinak Justizia Zuzendaritzaren Gazte Justiziaren Zerbitzuan jaso ahal izango dituzte interesdunek.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 3a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala