Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2000eko maiatzaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1873

EBAZPENA, 2000ko apirilaren 7koa, Hezkuntza sailburuordearena, fondo publikoekin ordaindutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen 2000-2001 ikasturterako eskola-egutegia egiteko arautegia zehazten duena.

Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, haien irakaslanak planifika eta antolatzen dituzte. Urte barruan irakaslan horiek burutzeko, beharrezkoa da ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia finkatzea.

Eskola-egutegi hauek burutu eta onartzeko kontutan hartu behar diren oinarrizko arauak zehazteko eskuduntza dauka Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ikastetxeen autonomia errespetatuz, beharrezkoa den antolakuntza eta pedagogi koherentzia bermatzeko.

Horiek horrela eta eman zaizkidan eskuduntzez baliatuz, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA ETA EZARPEN-EREMUA

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunpekoetan, 2000-2001 ikasturterako eskola-egutegia burutzeko arauak finkatzea da ebazpen honen xedea.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetako araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta itunpeko guztiei ezarriko zaie ebazpen hau.

II. KAPITULUA
BURUTZEKO FUNTSEZKO ARAUAK

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpekoen eskola-egutegia ondoko honi lotuko zaio:

1.– 2000-2001 ikasturteko klaseak ezingo dira 2000ko irailaren 1a aurretik hasi, ezta 2001eko ekainaren 30a baino beranduago bukatu ere.

2.– Hezkuntza Berezi, Haur Hezkuntza, eta Lehen Hezkuntzako mailetako ikasleek jasoko dituzten ikastorduak eta egunak, gutxienez 880 eta 176 izango dira hurrenez hurren. Egun hauetatik, bakarrik, "San José de Calasanz" eguneko jaia eta herri edo lurraldeko bi jaiegun kendu ahal izango dira. Eguneroko ordutegian ezingo da 30 minutu baino gutxiagoko klaserik izan.

3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailan, ikasturte bakoitzaren iraupena 1050 ordukoa izango da. Goiz eta arratsaldez emango dira eskolak, gutxienez ere 175 irakastegunetan klase-jardunaldiak izango direlarik. Egun hauetatik, bakarrik, dagokion irakasmailako zaindariaren jaieguna eta ikasturtearen aurkezpena egiteko erabiliko den eguna, (tutore, irakasle, programa, helburu, ordutegi eta abar), klase-eguntzat hartu daitezke.

4.– Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzako mailetan, ikasturteak 175 irakastegunetako iraunpena izango du gutxienez. Eragin hauetarako, klasea emateko egunak (160 gutxienez) eta ohizko eta aparteko deialdietako azken probak eta ebaluazioak egiteko erabiltzen direnak besterik ez dira irakastegunak izango. Gaueko U.B.I. izan ezik, klase guztiak 60 minutukoak izango dira.

Aipatutako klaseko 160 egunak benetan irakasteko izango dira, beraz ezingo dira gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleei azterketak egiteko erabili; ezta ebaluatze batzordeak, klaustroak edo antzeko ekintzak egiteko ere. Dagokion irakasmailako zaindariaren jaieguna eta ikasturtearen aurkezpena egiteko erabiliko den eguna, (tutore, irakasle, programa, helburu, ordutegi eta abar), klase-eguntzat hartu ahal izango dira.

Maiatzeko eta ekaineko eskola-egutegia ikastetxeek erabakiko dute, kontuan harturik Unibertsitatean sartzeko 2000-2001 ikasturteko probak ekainaren erdi aldera (ohiko deialdia) eta uztailean (ez-ohikoa) egingo direla. Era berean, kontuan hartuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, Batxilergoaren ezarpen orokorrari buruzko 1997ko ekainaren 27ko Aginduak, 1998ko uztailaren 21eko Aginduaren bidez aldatuak, (98-08-13ko EHAA) bere 24.4 artikuluan ezarritakoa: Batxilergoko ikasleek 20 egun naturaleko tartea eduki behar dute, gutxienez, ohiko ebaluazioaren azken saioaren eta ez-ohiko proben artean.

U.B.I. eta LOGSE-Batxilergoko 2. kurtsoko azken probak eta dagozkien Ebaluaketa-Batzarrak egin eta gero, klase-emankizunek aurrera jo beharko dute, Selektibitate-proba gertatzeko. Klase hauek ikastaldeko ikasle guztientzat irekita egongo dira, baita kurtsoa gainditu ez duten ikasleentzat ere. Egun hauek eta Batxilergoko aparteko deialdiari dagozkion azterketak prestatzeko erabili litezkeen egunak, klase-eguntzat hartuko dira.

5.– Ezinbestekoz klase-egun kopurua gutxituko balitz, berregokitu egin beharko da egutegia aipatutako egun kopurura iritsi arte, beti ere langileen eskubideak errespetatuz. Nahiz eta egunen batean ikasle batzu edo ikasle guztiak klasera ez doazen, Ikastetxeak klaseak ofizialki programaturiko ordutegiaren arabera eskaintzen jarraitu behar izango du.

Egutegia berregokitu behar denean hasieran egiteko erabili zen prozedura berbera jarraituko da.

Dagokion Aginte-organoak ez badu berregokitze proposamenik egiten, Ikuskaritzak egin dezan eskatuko dio. Erantzunik ezean, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak egutegia berregokitu eta ikastetxeari jakinaraziko dio.

6.– a) Euskal Autonomia Erkidegoko Lan-Egutegian jai diren egunak, eta herri lurralde eta dagokion irakasmailako zaindariaren jaiegunak, horrela hartuko dira Eskola-Egutegian.

b) Herri edo lurraldeko zaindarien jaiegunak laneko ez den egun batean ospatzen direnean, jaia ospatzeko beste eguna hautatu ahal izango da, egun horren ordez. Horrek ez du esan nahi Bigarren Hezkuntzako mailetan egun horiek benetako eskola-eguntzat hartu ahal direnik.

c) Dagokion irakasmailako zaindariaren jaieguna, egun horretatik hurbilen dagoen astelehenean edo ostiralean ospatu ahal izango da.

d) Irakasmaila bat baino gehiagoko ikastetxeek egun berberean ospatu ahal izango dute irakasmaila guztien zaindarien jaieguna.

7.– a) Eguberritako oporraldiak 2000ko abenduaren 23tik 2001eko urtarrilaren 7rarteko aldia, gutxienez, hartuko du (biok barne).

b) Aste Santuko oporraldiak, 2001eko apirilaren 12tik 16ra bitarteko aldia, gutxienez, hartuko du (biok barne).

8.– Irakasmaila bat baino gehiagoko ikastetxeak irakasmaila ezberdinei dagozkien eskola-egutegiak harmonizatzen ahaleginduko dira. Halaber, udalerri, inguru edo eskualdeko ikastetxe guztien eskola-egutegiak harmonizatzen ahaleginduko da.

III. KAPITULUA
IZAPIDEGINTZA

4. artikulua.– 2000ko ekainaren 2a aurretik, Ikastexeen Zuzendariek eskola-egutegiaren proposamena bidaliko diote dagokion Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari, eskuduntza duen Aginte-Organoak onartu zuen bilerako aktaren kopiarekin.

5. artikulua.– Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak, egutegiak aztertu ondoren, egutegi bakoitzaren txostena egingo du.

Ikastetxeren batek finkatutako epealdiaren barruan eskola-egutegiaren proposamena bidaltzen ez badu, edo bidalitakoa onartzen ez denean, Hezkuntza Lurralde Ordezkariak erabakitzen duena esleituko zaio.

6. artikulua.– Behin Hezkuntza lurralde ordezkariak egutegiak onartu eta gero, Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko guztiek bete behar dituzte, ikastetxearen zuzendariak betetzeko erantzunkizuna izango duelarik eta betetzearen kontrola eta gainbegiratzea Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoari dagokiolarik.

7. artikulua.– Ikastetxe bakoitzeko eskola-egutegia bertako iragarki-taulan jarri behar izango da erakusgarri, eta ezingo da inolaz ere aldatu, dagokion Aginte-Organoak aurretik egindako eskabidea, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak idatziz onartu gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko apirilaren 7a.

Hezkuntza sailburuordea,

ALFONSO UNCETA SATRÚSTEGUI.


Azterketa dokumentala