Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2000eko maiatzaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1869

AGINDUA, 2000ko apirilaren 18koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez, kanpo merkataritzan adituak prestatzeko beka programak arautzen dira.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburuetariko bat Euskadiko enpresak nazioartean ezagunagoak izan daitezen beharrezko baldintzak sortzea denez, eta helburu hori lortzeko, besteak beste, esportazioan adituak behar direla kontuan hartuta, Sail honek kanpo merkataritzan adituak prestatu nahi ditu. Beraz, honakoa

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

<PALIGN="JUSTIFY">

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea kanpo merkataritzan adituak prestatzeko beka programak arautzea da.

Programa honetako diru laguntzak ez dira itzuli behar, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura diru laguntzak emateari buruzko arauak bete beharko dira.

Agindu honen bidez ezarritako diru laguntzak lehiaketa bidez eskuratuko dira. Beraz, eskabide ugari egon daiteke; guztiak aurrekontu kreditu berari egotziko zaizkio. Laguntzak eman aurretik, eskabideak balioztatu eta konparatu beharko dira, eta, onartuz gero, diru laguntza bakoitzari dagokion diru kopurua zehaztu.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dauden aurrekontu kredituetatik hartuko dira baliabide ekonomikoak. Ezingo da aurrekontuetan onartutako diru laguntza baino diru gehiago eman, edo aurrekontuak eguneratzean onartzen diren aurrekontu kredituetan onartutakoa baino gehiago, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuak aldatzea onartzen den kasuetan.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ondorengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete bekak:

a) Eskabidea egiten den unean, gutxienez 12 hilabete lehenagotik, administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Europar Batasuneko edozein Estatu kidetan, unibertsitateko goi titulua eskuratua izatea, eta hobe Ekonomia eta Enpresa Zientzietako edo Ingeniaritzako titulua bada. Doktoretza ikasketak egitea ahalbidetzen duten ikasketak hartuko dira goi titulutzat.

Europar Batasunetik kanpo eskuratutako unibertsitate tituluak ere onartuko dira, baldin eta, eskabidea aurkezten denean, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak homologatutako tituluak badira.

c) 30 urte baino gehiago ez izatea.

d) Izangaiek, nahitaez, ingelesez ongi-ongi jakin behar dute, eta atzerriko beste hizkuntza batean behar adina jakin.

Salbuespen gisa, beka non egingo den kontuan hartuta, ingelesa ez den beste hizkuntza bat har daiteke atzerriko lehen hizkuntzatzat.

e) Aldez aurretik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izatea; ez, behintzat, horrelako edo antzeko edukirik edo helbururik duenik.

f) Horrelako diru laguntzak edo bestelako laguntzak direla eta, zigor espediente batean, edo diru laguntza itzultzeko espediente batean, sartuta ez izatea.

II. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

<PALIGN="JUSTIFY">

4. artikulua.– Diru laguntzen zenbatekoa.

Hona hemen, agindu honen bidez arautzen diren diru laguntzen zenbatekoak:

a) Ondorengo diru kopurua emango zaio bekadun bakoitzari: 2.250.000 PTA (13.522,77 euro). Diru kopuru horrez gain, bekadun bakoitzari beste osagarri bat eman dakioke bekaldia egin behar duen herrialdearen bizi mailara egokitzeko. Kontzeptu hori ere kontuan hartuta, bekadunak 4.750.000 PTA (28.548,07 euro) jaso ditzake, gehienez ere. Bekaldia egingo den herrialdeko bizi mailaren eta KPIaren aldaketak kontuan hartuta, Industri Politikarako sailburuordeak urtero egunera ditzake aipatutako diru kopuru horiek.

b) Hango bizi mailarekin parekatzeko ematen den osagarri hori ken dakioke, baldin eta beka egiteko tokia izendatu ondoren, bekadunak bekaldia beste herrialde batean egin behar badu.

5. artikulua.– Diruz lagundutako gastuak.

a) Bekarekin ondorengo gastuak ordainduko dira:

– Bekaldia egingo den herrialdera joan-etorria egiteko bidaia txartela.

– Herrialde hartako agintariek eskatzen duten bisa edo bizitzeko baimena lortzeko gastuak.

– Bekaldia behar bezala aurrera eramateko egin behar den beste edozein gastu.

b) Bekadun bakoitzaren istripu asegurua (eta haren osagarri den bidaiarako laguntzako asegurua) Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

c) Salbuespen gisa, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ordain ditzake bekadunak egindako bestelako gastuak ere, baldin eta gastu horiek egin aurretik Nazioarteratzeko Zuzendaritzak hala onartzen badu eta bekadunak burutu beharreko zereginarekin lotuta badaude.

Era berean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ordainduko ditu emandako bekan izandako aldaketak, baldin eta gastu horiek 4 b) eta 10.1 c) artikuluetan aipatutako destino aldaketagatik edo Sailak onetsitako beste arrazoi batzuengatik izan badira; betiere, Sailaren ustez, emandako bekaldian eragina dutenean.

<PALIGN="JUSTIFY">III. KAPITULUA

PROZEDURA

<PALIGN="JUSTIFY">

6. artikulua.– Prozedurari ekitea.

Agindu honek kanpo merkataritzan adituak prestatzeko arautzen dituen bekak emate aldera, urtero deialdi publikoa egingo da. Bekak ematerakoan hiru printzipio hauek erabiliko dira: publizitatea, lehiaketa eta objektibotasuna.

Deialdia Industria Politikarako sailburuordeak egingo du, eta bertan ondorengo datuak adieraziko ditu: beka kopurua, beka horiek ordaintzeko beharko den diru kopurua, eta agindu honetan zehazten ez diren zenbait alderdi diru laguntzak emateko prozedurari dagokionez. Betiere, arau honetan ezarritakoari jarraitu beharko dio.

7. artikulua.– Eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztea.

1.– Eskabideak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioarteratzeko Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio. Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde bulegoetan aurkeztu behar dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) aurreikusitako beste edozein bitarteko erabiliz.

2.– Urteko deialdia onartzen den ebazpenean ezarriko da eskabideak aurkezteko epea. Dena den, deialdia argitaratzen denetik hilabete bateko epea izango da, gutxienez.

3.– Eskabidearekin batera, ondorengo agiri hauek aurkeztu beharko dira, nahiz eta urteko deialdian beste agiririk ere eska daitekeen:

a) Eskatzailearen oinarrizko datuen laburpena, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoak emandako ereduari jarraituz.

b) Eskatzailearen curriculuma: tituluak, burututako ikasketak, egindako lanbide jarduerak, dakizkien hizkuntzak (eta zein mailataraino dakizkien) eta eskatzaileak egoki deritzon beste edozein meritu.

c) Izangaiaren ikasketa espedientearen ziurtagiria: amaitutako goi mailako ikasturteko notak (hala badagokio, lizentziaturako azken azterketa eta karrera amaierako proiektua ere bai).

d) Tituluak doktoretza ikastaroak egitea ahalbidetzen duela egiaztatzen duen unibertsitatearen ziurtagiria, zigilua eta guzti.

e) Aipatutako agiri horien gaztelaniazko itzulpena, jatorrizko hizkuntza frantsesa edo ingelesa ez denean.

f) Europar Batasunetik kanpo egindako ikasketen espedienteei dagokienez, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak emandako homologazioaren fotokopia aurkeztu beharko da.

g) Egindako ikastaroen eta lanbide esperientziaren ziurtagiriak. Eskabidea aurkeztean agiri bidez frogatu ez diren ikastaroak edo esperientziak ez dira kontuan hartuko.

h) Erroldako ziurtagiria: eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan hamabi hilabetetik gorako administrazio egoitza baduela ziurtatu beharko da agiri horretan.

i) Nortasun agirikoaren tamainako bi argazki berri, izen-abizenak atzealdean idatzita.

j) Nortasun agiriaren fotokopia.

k) Antzeko bekarik ez duela izan adierazten duen zinpeko aitorpena.

Agirien orijinala edo behar bezala egiaztatutako fotokopia aurkeztu behar da.

4.– Eskabideak behar bezala bete gabe aurkeztu badira edo agindutako agiriren bat falta bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko. Gainera, ez bata, ez bestea egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela jakinaraziko zaio. Halaxe agintzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 71. 1 artikuluan.

5.– Bekarik gabe geldituko dira:

a) Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak urtero egiten duen deialdian ezarritako epetik kanpora aurkezten diren eskabideak.

b) Agindu honetan aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenak.

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta ebazpena ematea dagokion organoari igorriko dio bere proposamena. Hona hemen batzorde horretako kideak:

– Nazioarteratzeko zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona. Bera izango da batzordeburu, eta berak erabakiko du auzia, berdinketa gertatuz gero.

– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

– Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

– Euskadiko merkataritza, industria eta nabigazioko ganbera ofizialetako ordezkari bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak izendatua.

– Idazkari bat (hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe), Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Saileko teknikarien artean izendatua.

2.– Hautaketa Batzordeak aginte osoa du erabakiak hartzeko. Erabakiak hartzeko, botazioa erabiliko dute kideek. Artikulu honetan aurreikusten ez diren kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) II. tituluko II. kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

9. artikulua.– Hautaketa irizpideak eta prozesua.

1.– Irizpideak.

Batzordeak ondorengo irizpideak hartuko ditu kontuan izangaiak balioztatu eta hautatzeko:

a) Unibertsitate ikasketak osatzearren, izangaiak egin dituen jarduerak; batez ere, Kanpo Merkataritzarekin zerikusia duten jarduerak.

b) Ingelesez jakitea, edo, hala badagokio, 3. d) artikuluan aipatzen den aukerako hizkuntza jakitea, eta atzerriko beste hizkuntza jakitea. Horretarako, ahozko eta idatzizko azterketak egingo dira.

<PALIGN="JUSTIFY">

Hizkuntzetako jakintzak neurtzeko azterketen egunak jendaurrean azalduko dituzte Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoek.

c) Hizkuntza azterketak gainditzen dituzten izangaien kasuan, Batzordeak puntu honetako a) eta b) idatz-zatietan aipatutako baldintzak eta merituak hartuko ditu kontuan, ondorengo baremoa aplikatuz:

Lehen hizkuntza: %35.

Bigarren hizkuntza: %25.

Curriculuma: %40.

Balioespen hori jendaurrean azalduko da Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan.

2.– Prozesua.

a) Hautaketa Batzordeak egoki deritzen probetara aurkezteko deialdia egingo die puntu gehien lortzen duten izangaiei (100 gehienez), Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetako iragarki taulen bidez. Proba horien artean, elkarrizketarena nabarmentzen da. Izan ere, elkarrizketan aztertuko da ea izangaiek bekak dituen eskakizunak eta ezaugarriak betetzen dituzten.

Baldin izangairen batek 100. izangaiak lortutako puntuazio bera lortzen badu, hurrengo probetara deituko dute hori ere.

b) Prestakuntza eta hautaketarako ikastaroa egiteko aldez aurreko hautaketa bat egingo du Batzordeak, bekadunak eta ordezkoak bereizita. Ordezkoen kasuan, ordezkapen hurrenkera adieraziko da.

Aldez aurretik hautatuen zerrenda jendaurrean azalduko da, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan. Izangai horiek idatziz jakinarazi beharko dute prestakuntza ikastaroan parte hartzeko prest daudela, bost egun naturaleko epean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan.

c) Hautaketa eta prestakuntza ikastaroak bi hilabete iraungo du. Bekadun izateko, ezinbestekoa izango da prestakuntza ikastaro horretara egunero joatea eta azterketak gainditzea. Horrela ez bada, azterketa gainditu duten ordezkoek izango dute beka horiek eskuratzeko aukera.

Hautatutako bekadunen eta ordezkoen behin betiko zerrenda Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan azalduko da jendaurrean. Bekaldiko lehen hiru hilabeteetan, titularrek beka utzi edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ordezkoei deituko zaie, bekaldia egin dezaten. Ordezkoen hurrenkera ezartzeko orduan, bekaldia utzi dutenen herrialdeko hizkuntza eskakizunaren arabera erabakiko da.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan araututako bekak ematea Nazioarteratzeko zuzendariak erabakiko du, ebazpen baten bidez, hautaketa batzordearen proposamena aztertu ondoren. Ebazpen horretan ondorengo hauek zehaztuko dira: bekaldia non egingo den, diru kopurua (oinarrizkoa eta osagarria), eta bekadunek egin beharreko ekintzak behar bezala aurrera eramateko beharrezko diren beste xehetasun guztiak. Ebazpen bakoitza dagokion bekadunari jakinaraziko zaio, prozedura ebazteko ezarritako epearen barruan.

Dena den, goian esandakoa betetzeaz gain, emandako diru laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek jakin dezaten.

2.– Ebazpen horrek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Industria Politikarako sailburuordeari zuzenduta, hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.

3.– Hautatutako bekadunek beka baldintza guztiekin onartzen dutela jakinarazi behar diote Nazioarteratzeko Zuzendaritzari, jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egun naturaletan.

4.– Beka ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, beka-ematearen ebazpena ere alda daiteke. Betiere, arau honetan bekadun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatu beharko dira.

5.– Urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabete igaro ondoren, ez bada inolako ebazpenik eman eta jakinarazi, bere eskabidea atzera bota dutela ulertu beharko du interesdunak, diru laguntzen eskabideak dagokion organoak berariaz ebazteko betebeharra daukan arren.

11. artikulua.– Bekaren faseak.

1.– Hautaketa eta prestakuntza ikastaroa amaitu ondoren, 18 hilabete iraungo du bekaldiak, ondorengo aldiak eta ezaugarriak izanik:

a) Bi hilabete, Euskadiko enpresak bisitatzen.

Bisita horien helburua honako hauek jakitea da: Euskadiko industria eta enpresen egitura, eta kanpo merkatuei buruz duten informazio premia.

b) Hamar hilabete, Ebazpenean aipatutako herrialde edo geografia eremuan.

Bekadunak, epe horretan, Nazioarteratzeko Zuzendaritzak kanpo merkataritza gaiei buruz agindutako ikerketak eta praktikak burutuko ditu.

Aldi horretan, hau da, beka-ematearen ebazpenean adierazten den herrialdean dagoen bitartean, bekadunak 7 eguneko oporraldiaz gozatu ahal izango du.

c) Enpresetan praktikak egitea.

Azken sei hilabeteetan, bekaduna enpresa jakin bateko Esportazio Sailarekin arituko da lanean, Euskadin nahiz agindu zaion herrialdean. Beraz, programaren prestakuntza helburuak kontuan hartuta, kanpoan lan egingo duen tokia ere alda daiteke.

Euskadiko enpresek, praktikak egiteko bekadunak nahi badituzte, lankidetza eskabidea aurkeztu beharko dute. Bekaren prestakuntza helburura zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta aukeratuko dira bekaldiko praktikak egiteko enpresak. Enpresa horiek lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin.

Enpresak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak sinatutako lankidetza hitzarmen horretan, honako hau adieraziko da: ez dela lan harremanik izango bekadunaren eta enpresaren artean.

2.– Beka emateak eta izateak ez du inolako kontratuzko edo estatutuzko harremanik sortuko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin, ezta Eusko Jaurlaritzarekin ere.

12. artikulua.– Beka ordaintzea.

Nazioarteratzeko zuzendariari dagokio beka-ordainketen ebazpena ematea. Beka osoa lau ordainketaren bidez pagatuko da:

Bekaren lehen ordainketan beka osoaren %37 pagatuko da. Kanpoko herrialde edo geografia eremura atera baino lehen ordainduko zaio bekadunari.

Beste guztia hiru kuotatan ordainduko da. Lehen bietan, %20, 5na ordainduko da, bekaldia hasi zenez geroztik 5. eta 10. hilabeteak betetzean; eta hirugarrenean, %22, bekaldia hasi zenez geroztik 15. hilabetea betetzean.

13. artikulua.– Bekadunen betebeharrak.

Diru laguntzak jasotzen dituztenek ondorengo betebehar hauek dituzte:

– Emandako diru laguntza onartzea.

– Diru laguntza hori emakidan agindutako helburuak betetzeko erabiltzea.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatutako edozein informazio ematea, batak zein besteak diru laguntzen erabilera kontrolatzeko lanak aurrera eraman ditzaten.

– Agindu honetan ezarritako arauak betetzea.

– Jasotako fondo publikoei emandako erabilera frogatzeari buruzko araudia betetzea.

– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea, baldin eta, helburu berarekin edo berdinarekin, beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturengandik diru laguntza jasotzen badute edo horretarako eskaria egiten badute.

– Betiere, 9.2 eta 9.4 artikuluetan zehaztutako idazkiak betetzea.

– Nazioarteratzeko Zuzendaritzak emandako norabideei jarraitzea.

– Nazioarteratzeko Zuzendaritzari, hilero, egindako jardueraren txosten bat igortzea. Hor zehaztuko dira ekonomia eta merkataritza arloetako alderdi nabarmenak, bai eta Euskadiko produkzio sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen beste daturik aipagarrienak ere.

– Agindu honetako 5.c artikuluan aurreikusitako gastuen jatorrizko ordainagiriak zehatz-mehatz azalduta igortzea.

14. artikulua.– Kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioarteratzeko Zuzendaritzari dagokio bekadunen jarduera kontrolatu eta segimendua egitea.

Nazioarteratzeko Zuzendaritzak egoki deritzen ikuskapenak egin ditzake, bekaldia nola doan egiaztatzeko. Eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiote bekadunek.

15. artikulua.– Uko egitea.

Beka eman zaionak bekari uko egiten badio, ordu arte kobratutako diru kopuruaren zati bat itzuli beharko du. Itzuli beharreko diru kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbat denbora gelditzen zaion bekaldia amaitzeko eta zenbat diru aurreratu dioten bekadunari denbora horregatik.

Onuradunak bekaldiaren lehen hiru hilabeteetan uko eginez gero, beste bekadun bat izendatuko da ordezkoen artean, gelditzen den bekaldirako; betiere, egokitu zaien hurrenkerari jarraituz.

Hiru hilabete pasatu ondoren bekari uko eginez gero, Nazioarteratzeko Zuzendaritzak ea ordezkoen artean beste bekadun bat izendatzea komeni den balioztatu beharko du, betiere, honako datu hauek kontuan hartuta: bekaldia amaitzeko falta den denbora, bekaduna lanean ari zen herrialdearen interesa, egiteke dagoen lana, eta ordezkoek beren lana behar bezala egin ahal izateko behar beste ba al dakiten herrialde horretako hizkuntza.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

Beka hau bateraezina da ordaindutako beste edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin.

17. artikulua.– Ez betetzeak.

Diru laguntzak ematerakoan ezarritako betekizunak betetzen ez badira, ordu arte jasotako diru kopurua eta dagozkion interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Halakoetan, honako lege testu hauetan ezarritakoa bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutako testu bateratua), eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

<PALIGN="JUSTIFY">

Lehena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezar daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Epe hori Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko apirilaren 18a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

<PALIGN="JUSTIFY">


Azterketa dokumentala