Azken eguneratzea: 2013/06/07

Eusko Jaurlaritzak jazz-jaialdien aldeko apustua egiten jarraituko du, Euskadiko udaren erreferente turistiko bat delakoan

Itziar Epalza sailburuordeak, Getxoko Iñaki Saitua, Gasteizko Iñaki Añua eta Donostiako Miguel Martín zuzendariekin batera, urtero jazzaren ehunka zale ekartzen dituzten sustapen-ekintzak aurkeztu dituzte

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak gaur goizean aurkeztu ditu Bilbon Euskadiko jazzaldiak, nazioartean ezagun eta Euskadiko udaren turismo-erreferente bilakatu direnak. Jazz-jaialdi hauen inguruko sustapen-ekintzak aurkezten izan dira, halaber, Miguel Martín, Iñaki Saitua eta Iñaki Añua, Donostiako, Getxoko eta Gasteizko jazzaldien zuzendariak, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzak, 2003ko ekainaren 31tik aurrera, jaialdi horien antolatzaileak laguntzen ditu lankidetza-hitzarmen baten bidez. Epalzak hauxe nabarmendu du: «Aurten Donostia Kulturarekin, Getxoko Kultur Etxearekin eta Gasteizko Jazzaldiaren Elkartearekin ahalegin bat egin dugu lankidetza horri eusteko, jaialdiak erreferentzia turistiko finkatua baitira, munduan Euskadi Basque Country saltzen dutenak, gure nortasunaren balioekin lotuta. Haiei esker hauxe lortzen dugu:

1.- Euskadiren irudia kanpoan sustatzea eta merkaturatzea EUSKADIKO JAZZ JAIALDIEN bitartez, turismo-kulturako elementu gisa.

2.- Jaialdiok sendotzea Euskadiren irudi turistikoaren barruan, eta haiekin lotutako turismo-produktuak sortzea eta merkaturatzea.

3.- Erakunde horiek turismo-sustapenaz arduratzea eta EUSKADIKO JAZZ JAIALDIEKIN lotutako turismo-paketeak merkaturatzen laguntzea, era horretako jardueren antolaketan eta kudeaketan egiaztatutako eraginkortasunean zein musikaren profesionalekin duten harreman-sare zabalean oinarriturik.

Euskadiko Jazza sustatuz Euskadira datozen bisitarien eskariari erantzuten zaio urtarokotasunaren kudeaketa hobetuta:

  • Turismoko eskari anitzagoa eta errentagarriagoa erakartzen da, batez besteko egonaldiari eta xedeko gastuari dagokienez 
  • Askotariko turismo-eskaintza egiten da, emozio- eta esperientzia-ikuspegi handia duena
  • Bisitariak leial bihurtzen dira
  • Eragileen artean sinergia eta onura handiak sortzen dira, sustapen horiek erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetzaren eta baliabideak optimizatzearen adibide handia baitira

Sustapenaren ekintza zehatzen artean, hauexek:

A.- Turismo-sustapenerako liburuxkak

Triptiko bat editatzen da euskaraz eta gaztelaniaz; bertan hiriei buruzko informazioa biltzen da, baita turismo-eskaintza eta jaialdien egitaraua ere.

B.- Komunikabideetan publizitatea txertatzea:

EUSKADIKO JAZZ JAIALDIEN kanpainaren publizitatea txertatzea Estatuko informazio orokorreko hainbat komunikabidetan eta jazzari buruzko aldizkari espezializatutan.

C.- Publizitatea Interneten txertatzea:

Webgunea (http://www.jazzeuskadi.com/#) mantentzea eta eguneratzea; haren bitartez jo daiteke jaialdien eta Eusko Jaurlaritzaren orrietara.

D.- Aurkezpenak eta ekitaldiak:

Aurkezpenak eta ekitaldiak egiten dira, hala nola Getxoko Europar Jazzaldiak antolatutako Euskadiko Jazz Denboraldia inauguratzeko ekitaldia, kronologikoki lehengo jaialdia baita Getxokoa.

 E.- Euskadiko Jazz Jaialdien kanpainaren kartel-murala

Euskadiko Jazz Jaialdien kanpainaren kartel-murala ipintzea jaialdi guztietan.

F.- Turismo-paketeak merkaturatzea:

  • Turismoko bulegoaren bidez Getxon.
  • Gasteizko El Corte Inglés Bidaiak agentziaren bulegoaren bitartez Gasteizen.
  • Donostia Turismoaren bidez Donostian.