Azken eguneratzea: 2012/07/19

Espainiako Txirrindularitza Itzulian segurtasuna antolatzeko Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak lortutako akordioa berretsi du Segurtasun Batzordeak

Poliziak Koordinatzeko Batzorde Teknikoa irailaren 30a baino lehen bilduko da

Akordioa berresteko bilera gaur arratsaldeko bostetan izan da, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren egoitzan, eta bertan bi erakundeen ordezkaritzak izan dira; ordezkaritzen buru gisa bertaratu dira, batetik, Herrizaingo sailburua, Rodolfo Ares, eta bestetik, estatu idazkaria, Ignacio Ulloa. Ulloa eta Ares pozik agertu dira azken asteetan ordezkari politikoek eta polizialek izan dituzten elkarrizketek emaitza ona izan dutelako; elkarrizketen ondotik, alderdi guztientzat pozgarria den konpromisoa berretsi dute, antolamendu juridikoak polizia kidego bakoitzari esleitutako eskumenen banaketarekin bat datorrena.

Etapak abuztuaren 20an eta 21ean izango dira, eta horietan, Guardia Zibila eta Ertzaintza elkarlanean eta koordinatuta arituko dira lasterketako segurtasuna bermatzeko. Ertzaintzak izango du plangintzaren agintea eta zuzendaritza operatiboa harik eta lasterketa EAEko errepideetatik kanpora abiatzen den arte.

Aginte ibilgailua EAEko poliziarena izango da, eta bertan Guardia Zibileko agente bat joango da. Bi kidegoen arteko elkarlana dagozkien uniformeekin jantzitako ordezkariek bideratuko dute, Erandioko ertzain-etxean kokatuko den Koordinazio Zentrotik.

Oion-Arrate etapan, Ertzaintza joango da itzuliaren aurretik doan karabanarekin batera. Lasterketa hasteko unean, Ertzaintzaren ibilgailu bat egongo da bertan, eta ondoren, Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat. Gainerako tartean, karabana bukatu arteko lanak Ertzaintzak egingo ditu. Segizio amaieran, lehenengo eta behin Guardia Zibilaren ibilgailu bat egongo da; horren atzetik, bukatzeko, Ertzaintzaren beste ibilgailu bat joango da. Lasterketa irekitzeko eta ixteko ibilgailuetan beste kidegoko agente bana egongo da, hobeto koordinatzea bermatzeko.

Barakaldo eta Valdezcaray arteko etapan, bestalde, Ertzaintzak hartuko ditu bere gain itzuliaren aurretik joaten den karabanarekin eta pelotoiarekin batera joateko lanak, Euskal Autonomia Erkidegoko mugara arte. Lasterketa abiatzeko unean, Ertzaintzaren ibilgailu bat izango da bertan, eta haren atzetik Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat joango da, kidego bereko bi motok babestuta. Ertzaintzak beteko ditu lasterketa ixteko lanak, eta horretarako abiatuko den ibilgailuaren aurrean Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat joango da; azken kasu horretan ere, motoz mugituko diren bi agentek babestuko dute. Halaber, lotura-ofiziala aipatu behar da, baita segurtasun estatikoa ere EAEz gain itzuliak bisitatuko dituen beste autonomia erkidegoetako eremuetan.

Antolamendu honi eutsiko zaio Urduñako Mendatea igo arte, eta hortik aurrera Guardia Zibilak hartuko ditu ordura arte Ertzaintzak betetako lanak, pixkanaka-pixkanaka. Itzulia Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzen den unetik aurrera, Guardia Zibilak beteko ditu lan guztiak.

Gaur arratsaldeko bileran, halaber, Segurtasun Batzordeak erabaki du Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzorde Teknikoari datorren irailaren 30a baino lehen egingo zaiola biltzeko deia.


Segurtasun Batzordeak gaur arratsaldean berretsi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Barne Ministerioak duela egun gutxi lortutako hasierako akordioa, Espainiako Txirrindularitza Itzuliak EAEko errepideetan egingo dituen bi etapetan segurtasuna antolatzeko akordioa, hain zuzen.