Pazientearen segurtasuna bizkortu eta hobetzea helburu duen estrategia berria abian jarri du Osakidetzak

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

2014.eko Uztailak 09

Osakidetzako pazienteen segurtasuna bizkortu eta hobetzea xede duen  Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-2016 aurkeztu dute gaur Jon Darpón-ek, Osasun sailburuak, eta Enrique Peiró-k, Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Programen koordinatzaileak.

Osasun sailburuaren esanetan, jauzi kualitatiboa da oraingo hau: “Egia da Osakidetzak aspaldidanik diharduela eremu honetan, neurri ugari garatu dituelarik, baina lehenbiziko aldiz estrategia bateratu bat sortu da, erakunde guztiei zuzendurikoa eta Osakidetzako profesional guztien eskura dagoen testuan gorpuztu dena. Helburua nagusia, betiere, sarean lan egiteko gai izatea da, koordinatuta eta gure lantaldeen jardunbide egokien berri elkarri emanez, paziente guzti-guztien segurtasuna nonahi bermatzeko.

Jon Darpón-ek berak gogorarazi duenez, aurkeztutako estrategia Eusko Jaurlaritzak pertsonekiko duen konpromisoaren baitan kokatu behar da. Kasu honetan, pazientearen segurtasunaren eremuan islatua, zeina 2013-2020 aldirako Osasun Planak lehentasunezko ildotzat hartzen baitu, OMEren beraren jarraibideei jarraiki.

Osasuneko sailburuak gogora ekarri duenez, «Osakidetzak errekonozimendu maila nabarmena lortu du kalitateagatik eta osasun-prestazioen segurtasunagatik. Nolanahi ere, jarduera ezinbestean areagotzeak, prozeduren konplexutasun gero eta handiagoak eta pertsonek hobeto zain ditzatela nahi izateak gure pazienteentzako segurtasun mailarik handiena bilatzeko prozesuan sakontzea eskatzen du».

 

EKINTZA-ILDO BERRIAK

Horrexegatik, gaur ezagutzera emandako Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-2016 ekimena ez da soilik oraingo ekintza ildoak mantendu eta sendotzera mugatzen; baizik eta, areago joanez, beste proiektu berri batzuk abiarazten ditu, osasun-laguntzari lotutako infekzioak prebenitzeko, medikazioa bateratzeko, pazienteak okerrik egin gabe identifikatzeko eta herritarrak beren segurtasunean inplikatzeko.

1. Pazienteak okerrik egin gabe identifikatzea

Osasun-zentroetan pazienteak ondo identifikatzea, arreta eskaini nahi diogun pazientea guk uste dugun hori dela egiaztatzea, oinarrizko neurri bat da osasun-zerbitzuetan ematen den arretan okerrik ez egiteko.  Sareko erakundeek pazienteak identifikatzeko erabiltzen dituzten sistemak homogeneizatzea eta hobetzea 2013-2016 aldirako Osakidetzaren segurtasuneko helburu bat da, eta horri hiru alderditatik helduko zaio: ospitaleratutako pazientearen identifikazio fisikoa; pazientearen nortasuna egiaztatzea aplikazio informatiko korporatiboetan; eta ospitaleratuta ez dauden pazienteak identifikatzea Osakidetzaren sareko arreta-puntuetan.

2. Medikazioa bateratzea

Alegia, prozesu formal eta protokolizatu bat, pazienteak aurretik hartzen zituen medikamentuen zerrenda oso eta zehatza lortzeko eta arreta-zerbitzu bat jaso ondoren (Larrialdietako Zerbitzuan eta Ospitaleratze Unitatean ospitaleratzean, Unitate edo osasun-zentro batetik lekualdatzean eta/edo ospitale-alta ematean) agindutako medikazioarekin alderatzeko, ikusteko ea zerbait oker dagoen, falta den, bikoiztuta dagoen eta/edo zuzendu beharreko interakziorik sortzeko arriskua detektatzen den. Horra hor abiarazitako beste ekintza-ildo korporatibo berrietako bat.

3. Pazientea osasun-arretaren segurtasunean inplikatzea

Pazientea eta bere senide eta/edo zaindariak osasun-sistemak ematen duen arretan inplikatzea funtsezko elementu bat da pazientearen segurtasunaren hobekuntzan, eta lehen mailako elementu estrategiko bat da. Pazientea bere osasunaren, segurtasunaren eta bizimoduaren erantzule izateak eta bere zainketetan inplikatzeak aukera ematen du bere arazoaz dakiena eta horri lotuta duen esperientzia aprobetxatzeko; hartara, arriskuak identifikatzeko eta segurtasun-arazoei oztopoak jartzeko. Pazienteak laguntzaren onuren eta arriskuen informazio nahikoa izan behar du; baina ez hori bakarrik. Gainera, rol aktiboa izan behar du emandako osasun-arretarekin lotutako ekintza bakoitzean segurtasunarekin erlazionatutako akatsak antzematen eta konpontzen. Horretarako, Osasun Sailak eta Osakidetzak sentsibilizatzeko kanpainak, liburuxkak eta informazio-materiala zabalduko ditu datozen hilabeteetan, eta Pazientearen Segurtasun Estrategia herritarrei irekitako plataforma elektronikoetan (Paziente aktiboa, osasun-karpeta, eta abar) txertatuko da.

4. Gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioak murriztea

Gernu-kateterrari lotutako gernu-traktuko infekzioak osasun-laguntzarekin lotutako infekzio nagusietako bat dira herrialde garatu guztietan. Hori dela-eta, eskura dugun azken ebidentzia zientifikoan oinarri hartuta, beharrezkoa dira lehenik tasa murriztea, gernu-kateterizazioaren jarraibideak adostera bideratutako ekintza korporatiboen bidez, bigarrenik paziente batek kateterizatuta ematen duen denbora ahal den guztia murriztea, eta hirugarrenik kateterra sartzeko teknika sartutako dagoenean egin beharreko zainketak hobetzea.          

 

ESTRATEGIAK BEREGANATZEN DITUEN ILDOAK

 

  1. Osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioen (OAEI) prebentzioa eta kontrola

OAEIak prebenitzea eta kontrolatzea Euskadiko osasun-sistemarako lehentasun helburuak dira orain dela bi hamarkadaz geroztik. Urte hauetan guztietan, hainbat programa egin dira, besteak beste hauek: INOZ Plana (Infekzio Nosokomialak Zaintzeko eta Kontrolatzeko Plana), OAEIak zaintzeko, prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena, eta Zero Bakteriemia eta Zero Pneumonia proiektuak. Azken bi horiek Osasun Sistema Nazionalaren mailan garatu dira, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, Zainketa Intentsiboen Unitateko infekzioak prebenitzeko.

  1. Kirurgia segurua

Ekintza-ildo hori Osasunaren Mundu Erakundearen Pazientearen Segurtasunerako Munduko Aliantzaren «Kirurgia seguruak bizitzak salbatzen ditu» munduko erronkan sartzen da Garatutako estrategien artean kirurgiaren segurtasunaren egiaztapen zerrenda, hots, checklist kirurgikoa, garatzea da. Osakidetzak dagoeneko sartu du laguntza-informazioko sistemetan.

  1. Haurdunaldi-erditze-puerperioko laguntza-prozesuko segurtasuna

Laguntza-eremu honetan garrantzi handia hartzen du pazientearen segurtasunak, eta haurdun dagoen emakumearen nahiz jaioberriaren segurtasuna babestu nahi da.

  1. Pazientearen gorabeherak jakinarazteko eta haren segurtasunaren inguruan ikasteko sistema

Gertakari okerrak erregistratzeko sistemaren beharra, pazientearen segurtasunaren abiapuntu gisa, OMEren Pazientearen Segurtasunerako Munduko Aliantzan aurreikusten da 2004az geroztik. Gertakari okerrak aztertzeak aukera ematen du sisteman zerk egin duen huts ulertzeko, akatsetik ikasteko eta horren arabera jarduteko; hartara, emandako laguntza hobetzeko.

  1. Erradiazio ionizagarria darabilten diagnosi-proben preskripzioa optimizatzea

Proba erradiologikoak ohiko diagnostiko-tresnak dira Osakidetzaren eguneroko laguntza-jardunean. Nolanahi ere, proba horietan erabilitako erradiazioak arriskuak ditu, eta, horregatik, proba erradiologikoen eskaera guztiek justifikatuta egon behar dute, eta dosiak murrizteko teknikak aplikatu behar dira, funtsezko diagnosi-informazioa lortzea ahalbidetuz. Osakidetza populazio pediatrikoan diagnostiko-xedeetarako erradiazio ionizagarriaren erabileran optimizazioa sustatzera bideratutako proiektu bat garatzen ari da, diagnostikorako erradiazioaren erabilera arrazionalizatzeko, ahalik eta dosi txikiena emanda, banakako eta taldekako dosien adierazleari buruzko datuak emateko, eta mediku agintzaileen eta erradiologoen arazoarekiko sentsibilitatea indartzeko, babes erradiologikoaren esparruan.

  1. Medikazioa ematearekin lotutako jardunbide egokiak

Medikazioari lotutako akatsak murriztea etengabeko hobekuntza-prozesutzat hartu behar da, eta hainbat jardun sartu behar dira medikamenduak erabiltzeko katea osatzen duten faseetan. Gainera, osasuneko profesionalak nahiz pazienteak inplikatu behar dira garapen eta ezarpenean.

  1. Erizaintzako zainketekin lotutako jardunbide egokiak

Gure osasun-sisteman artatutako pazienteen presio-ultzeren eta erorikoen intzidentzia eta prebalentzia murriztera bideratutako estrategia eta jarduera guztiak barne hartzen dira funtsean.

  1. Transfusio-segurtasuna

Odol-osagaiak, ehunak eta zelulak erabiltzean segurtasun-neurriak ezartzea beti izan da gai garrantzitsua, eta hala izaten jarraitzen du, azken hamarkadetan Osakidetzan, bai eta neurri kliniko-epidemiologikoak, kontrol analitikokoak eta kalitate-sistemak ezartzera bideratutakoak ere. Horra hor azken urteetan Osakidetzan errepikatu dena errepikatzen dena.

  1. Pazientea segurtasunean trebatzea

Profesionalen lantaldeen trebakuntza segurtasun klinikoaren hobekuntzan –osasun-zerbitzuak ematen dituzten guztiek egin behar dute– laguntzen duen estrategiatzat jo da nazioartean. Hori horrela, osasun-laguntzari lotutako segurtasunari buruzko informazioa zeharkako prozesu bat da, Osakidetzaren programa korporatiboan barne hartzen diren ekintza-ildo guztiez blaitzen dena, eta honakoak ahalbidetzen ditu: erakundeetan segurtasun-kultura bat sortzea eta mantentzea, liderrak inplikatzea, arriskuak modu proaktiboan baloratu eta aztertu ahal izateko eskumenak lortzea, gertatutakoen berri emateko motibatzea, gertatutakoak aztertzea eta horiez ikastea sustatzea, eta pazienteak beren segurtasun klinikoan inplikatzea sustatzeko motibatzea. Hainbat trebakuntza-metodologia erabiltzen ari dira ekintza-ildo hori garatzeko: trebakuntza presentziala eta erdipresentziala, online plataformak, eta abar.

 

AGIRI OSOA:

http://www.osakidetza.euskadi.net/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf