Kontroleko osoko bilkura

2018.eko ekainak 22

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek legebiltzarkideen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran:

Galdera, Joseba Egibar Artola Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egiteko dauden transferentzien inguruko lan-egutegia betetzeko aukerei buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun duenez espero du planteatutako lan-egutegia Espainiako Gobernuak betetzea eta Gernikako Estatutua osorik aplikatzea. Gainera, adierazi duenez, Gernikako Estatutua osorik betetzea dela-eta oso zabala da barne-adostasuna. “Helburua da Legebiltzarrak eskatutako lan-egutegia betetzea eta Espainiako Gobernuak egiteko dauden transferentzietarako horizonte ziur bat definitzea”, adierazi du Lehendakariak.

Bestalde, Lehendakariak gogorarazi du lehenengo kezka dela ekonomia suspertzen eta kalitateko enplegu-aukerak sortzen laguntzea. “Horretarako, ezinbestekoa da Hobetuzen bitartez garatutako kualifikazio eta enplegurako prestakuntza-programak Aurrekontu Orokorretan irmotzea”, zehaztu du.

“Garrantzizkoa da Estatu-eredu berri batean aurrerapausoak ematea. Hala, errealitate plurinazionala onartzea da garrantzizko aurreneko pausoa. Ateak irekitzen dizkio baterako diagnostiko bati eta eredu berri bati, elkarrekiko errendimendua, itunean eta kontzertazioan oinarritutako harremana euskarritzat dituenari”, azpimarratu du Lehendakariak.

Galdera, Pello Urizar Karetxe EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Espainiako Lehendakariarekin izango duen bilerari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du aukera baten aurrean daudela, Estatuaren errealitate plurinazionala onartzea baita “aurreneko pausoa Estatu-eredu berri bati buruz eztabaidatzeko” adierazi du. Lehendakariak azaldu duenez, beharrezkoa da eredu bat errealitate nazional desberdinen onarpenean oinarrituko dena eta Euskadirentzat Autogobernu-estatus berri bat lortzeko bidea erraztuko duena, eta baita Estatuarekin itundutako harreman-eredu berri bat ere.

Horrekin batera, Lehendakariak adierazi du Euskadirentzat estatus politiko berri bat lortzeko erantzukizuna Parlamentuari dagokiola batik bat, eta zehaztu du akordio bat lortzeko duten gaitasunaren menpe egongo dela hori erdiestea.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, La Naval ontziolaren etorkizunari buruzko amaieran Eusko Jaurlaritzak betetzen duen paperari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun duenez, Gobernuak oso zeregin aktiboa betetzen jardun du La Naval-en egoeraren jarraipenean, joan den legealditik hasita. “Etengabe egon gara harremanetan eragile guztiekin: konkurtsoko administrazioarekin, akziodunekin, langileekin, armadoreekin, hartzekodunekin eta finantza-erakundeekin”, azaldu du Lehendakariak. Gainera, adierazi duenez, oso egoera konplikatu bati irtenbidea ematen laguntzea da helburua.

“Gobernuak hartua du konpromisoa eta lanean dihardu inbertitzaile berriak bilatzen eta erakartzen, bideragarritasuna berma dezaten” jakinarazi du. Horren haritik, Lehendakariak azaldu du Gobernuak bere egin duela maiatzaren 11ko Legebiltzarraren deklarazioa, instituzio publikoei eta pribatuei, eta baita alde guztiei ere, eskatzen diena ahalik eta erantzukizun eta lankidetza handiena, irtenbide onena bilatzeko. “Itxaropentsu gaude, draga La Naval-en eraikitzen amaituko delakoan, eta 20 hilabeteko tartea espero dugu irtenbide bideragarri eta egonkor bat bilatzeko”, zehaztu du.

“Ziurtatu dezaket ahalegin guztiak egiten ari garela jarduera eta enplegua mantentzeko, enpresaz enpresa, kasu guztietan”, esanez amaitu du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskadiko Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gure Esku Dago erakundeak antolatutako giza kateari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du ekimen horiei buruz Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, “Gure Esku Dago gizarte-mugimendu bat da eta, halakotzat, beti nabarmendu nahi izan du bere izaera plurala eta herritarren partaidetza zuzena sustatzeko nahia”, azaldu du.

“Ez dut tentsiorik edo amorrurik ikusi, ez eta inposiziorik ere Gure Esku Dago mugimenduak antolatutako ekitaldi bakar batean ere, normaltasuna baizik. Parte hartu nahi izan duenaren normaltasuna eta parte hartu nahi izan ez duenaren normaltasuna,” adierazi du Lehendakariak.

Lehendakariak amaitu du esanez komeni dela gogora ekartzea Legebiltzar honek Ponentzia bat duela, Autogobernuaren diagnostiko bat egiten eta proposamen bat planteatzen diharduena, sakontzeko eta eguneratzeko. “Ponentzia horrek Gure Esku Dago mugimenduaren planteamenduak jaso ditu, beste asko jaso dituen bezala”, adierazi du Lehendakariak. Gainera, azaldu duenez, Ponentzia fase aurreratuago batean dago, helburua baita adostasun zabal bat lortzea, eta Alderdi Popularrari ere dagokio erantzukizun hori.