Txinako ordezkaritza bat Euskadin izan da Eusko Jaurlartizak etika eta Gobernantza Ona sustatzeko abiarazitako neurriak ezagutzako

2015.eko irailak 09

 

  • Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordearen funtzionamendua eta Etika eta Jokabide Kodea abiaraztea: gaur goizean Lakuan izandako bileraren interes-gai nagusiak.
  • Eusko Jaurlaritzak eta Jiangsuk ekonomia, teknologia, hezkuntza eta ingurumena ardatz dituen lankidetza-hitzarmen bat dute 2012az geroztik.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkoreka buru duen Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko zenbait kide Txinako Jiangsu probintziako Gobernu Erakundetako Lan Batzordearekin bildu dira gaur goizean Gasteizen. Txinako ordezkaritzak eskatuta bildu dira, interesatuta baitago Eusko Jaurlaritzak 2013an abiarazitako Etika eta Jokabide Kodearekin. Gobernu onaren balioekiko konpromisoan eta politikaren zentzu morala berreskuratzeko bidean aurrera egiteko abiarazi zuen, bada.

Eusko Jaurlaritzak Adiskidetasunezko Harremanen Akordio bat sinatu zuen 2012an Txinako aipatu probintziarekin, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren bitartez, zenbait arlotan, besteak beste, ekonomia, teknologia, hezkuntza eta ingurumena. Hortaz, ohikoak dira bi erakundeen arteko harremanak.

Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionalean zuzendaritza exekutiboko erantzukizun-postuak dituzten 334 pertsonak sinatu dute Etika eta Jokabide Kodea . Horrek, bada, helburu hauek ditu:ekintza publikoko eredu konprometitu eta arduratsuagoak ezartzea, zuzendaritzako praktika hobeak sustatzea eta herritarren eta zuzendaritza-langile publikoen arteko konfiantza indartzea. Beraz, lortu nahi da batetik eguneroko zereginetan zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoko borondatea eta beste printzipio etiko batzuk txertatzea, eta bestetik jarduera garatzerakoan gardentasuna, kudeaketa-eraginkortasuna, erabateko dedikazioa, inpartzialtasuna eta beste batzuk oinarri hartzea.

34 GAI EBATZITA

Etika Publikorako Batzordeko kideek Etika eta Jokabide Kodearen ezarpenaren eta garapenaren oso balantze positiboa egiten dute, eta nabarmentzen dutenez, goi-karguek kodea behar bezala betetzeko proposatutako gaiei esker, doktrina-oinarri bat osatu da, eta horrek aukera ematen du arduradun publikoen jarduera bideratzeko, irizpide etiko zorrotzei jarraiki.

Etika Publikoko Batzordeak 34 gai ebatzi ditu 2013ko urrian sortu zenetik gaurko egunera arte. Kasu gehienak goi-karguek egindako kontsultak dira, hain zuzen ere, Gobernuaren eremutik kanpoko jarduerak egiteko bateragarritasunari buruzkoak. Batzordeak ebatzitako gai guztiak publikoak dira eta helbide honetan kontsulta daitezke: www.euskadi.eus.

BILERAN IZAN DIRENAK

Honako hauek izan dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak bileran:

  • Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta Etika Publikorako Batzordeko presidente Josu Erkoreka.
  • Funtzio Publikoko sailburuorde eta Etika Publikorako Batzordeko presidenteorde Andrés Zearreta.
  • HAEEko zuzendari eta Etika Publikorako Batzordeko idazkari Maite Iruretagoiena.
  • Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza.

Eta hauek, berriz, Jiangsu probintziarenak:

  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko zuzendari nagusi Wang Liping jauna.
  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko zuzendariorde nagusi Tan Jinsheng jauna.
  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko bigarren zuzendariorde nagusi Zhu Chuanzhou jauna.
  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko dibisio-zuzendari Shi Xueliang jauna.
  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko dibisio-zuzendari Dai Guihong jauna.
  • Jiangsuko Gobernu Erakundetako Erregimen Juridikoaren Propaganda eta Hezkuntza Bulegoko dibisio-zuzendariorde Chai Jiahong jauna.

JIANGSU

Jiangsuk 76,7 milioi biztanle ditu, eta Txinako probintzia indartsuenetako bat da; bigarren BPG nominal handiena du. Atzerriko inbertsioarentzat Asiako erraldoiaren lehen helburua da, gero eta azpiegitura eta industriagune gehiago dituelako. 912 enpresa pribatu baino gehiago daude ezarrita probintzian eta horietatik 41 Euskadikoak dira.

Jiangsuk tradizio handia du manufaktura-sektorean, eta bere egitura ekonomikoa garatzeko eta hobetzeko eredua eraldatzeko prozesuan murgilduta dago bete-betean. Eraldaketa horrek industria tradizionala modernizatzea eta optimizatzea ditu oinarri, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua eginda. Euskadik xede duen industria-ereduaren antzeko ezaugarriak ditu, bada.