Alokairuko parke publikoko etxebizitzen energia-kontsumoa ahalik eta txikiena izateko plan bat aurkeztu du Arriola sailburuak

Argitalpen-data: 

  • Ekimen honen bidez jarduketak burutuko dira 7.000 etxebizitza baino gehiago hartzen dituzten 137 bloketan
  • Lehen aldiz bildu da Lakuan ekimenaren pilotaje-taldea, Etxebizitza Sailaren, enpresen, klusterren eta zientzia eta teknologiako eragileen partaidetzarekin
  • Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du Arriola sailburuak eta baita proiektuaren hedadura berritzailea ere, bere helburua baita orain dagoen alokairuko parke publikoa jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik kudeatzea

Asmo handiko plan bat jarri du abian Etxebizitza Sailak alokairuko etxebizitzen parke publikoko eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eta epe ertainean oraingo eraikinetan ia energia-kontsumorik ez izatea lortzeko. Plan honek Euskadi osoko 7.000 etxebizitza baino gehiago ?tipologia anitzekoak eta antzinatasun desberdinetakoak? hartzen dituzten 137 eraikinetan burutuko diren jarduketak biltzen ditu. Guztiak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Alokabide - Alokairu Sozietate Publikoak.

Hain erronka konplexuari aurre egiteko pilotaje-talde bat eratu da, Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritza eta Alokabide buru direla. Hala, bilera bat egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren lehendakaritzapean. Enpresek, klusterrek eta zientzia eta teknologiako eragileek parte hartzen dute taldean, besteren artean, Etxebizitzako Klusterrak, Eraikunek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Saileko Eraikuntzaren Kalitate Kontroleko Laborategiak, eta enpresa teknologikoek ?Wintel, Efiner Servicios Energéticos, Idom edo Tecnalia, besteak beste?.

Arriola sailburuak lankidetza publiko-pribatua eta proiektuaren hedadura berritzailea nabarmendu ditu, eta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean barne hartuta (ZTBP) eta analisirako lehen fase honetarako, 1,3 milioi euroko aurrekontua du 2020ra arte.

Parke eraiki publikoaren energia-kontsumoa murriztea da ekimenaren helburu nagusia, orain dauden etxebizitzak nZEB (nearly Zero Energy Building/Ia Energia Kontsumori Gabeko Eraikinak) estandarreko eraikin bihur daitezen, energia-eskaria murriztuz, energia berriztagarrien erabilera handituz eta atmosferara botatzen diren karbono-dioxidoaren isuriak gutxituz. Gainera, parke publikoa nZEB parke bilakatzeko helburuak beste balio batzuk dakartza berekin, horien artean, erabiltzaileen konfort termikoaren baldintzak hobetzea eta baita etxebizitzetako bizigarritasun-baldintzak ere, irisgarritasunari eta pobrezia energetikoa arintzeari dagokienez, bereziki.

Birgaitze energetikoaren ondorioz eskaria murrizteak ondorioak izango ditu ingurumenean ere, energia-kontsumoari lotutako isuriak gutxitu egiten baitira.

Plan hau Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Energia Iraunkortasunari buruzko ekimenaren barruan sartzen da. Ekimen hori 2015ean onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak eta bere helburua da energia-kontsumoa %12 murriztea 2020rako eta % 25 2025erako, eta bertako eraikinen % 32tan 2020an eta % 40tan 2025ean energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak izatea.

Etxebizitza Sailaren menpeko pisuei dagokienez, eta Alokabidek erabiltzen dituen eraginkortasun energetikoaren adierazleen arabera, % 3k bakarrik dute A kalifikazioa, % 7k B kalifikazioa eta % 14k C kalifikazioa. Etxebizitza gehienek, % 54k, D kalifikazio energetikoa dute, % 21ek E kalifikazioa eta % 1ek F kalifikazioa.

Azterlan sakon bat egin beharra dago eraikin bakoitzaren premiak zehazteko, bai eta kasu bakoitzean egin behar izango diren jarduketak ere: inguratzailea hobetzea, galdarak eraginkorragoak izatea, energia berriztagarriak sortzeko sistemak gehitzea (eguzki-termikoa, fotovoltaikoa…), parke publikoak A kalifikazio energetikoa lor dezan, eta gutxienez etxebizitzen %70ek energia berriztagarriak erabil ditzaten.

 

Metodologia

Eraikinen tipologien aniztasuna, antzinatasuna eta bakoitzari buruz eskuragarri dagoen dokumentazioa ezinbesteko datuak dira xehetasunezko Birgaitze Plan bat diseinatzeko garaian; izan ere, erronka bat adierazten dute eragile desberdinen antolamenduari, teknologiari eta koordinazioari begira. Plan honek bi euskarri ditu.

Lehena berrikuntza teknologikoarekin dago lotuta eta erabateko salto kualitatiboa izango da alokairu sozialaren kudeaketan, datuak eskuz bildu eta kontrolatu ohi baitira.

Lehen fase batean, eta Unibertsitatearekin lankidetzan, Eraikien Kalitate Kontroleko Laborategiak eta sektoreko enpresek eraikin guztien karakterizazio bat egingo dute kudeatutako parkean. Hala, tipologia arkitektonikoak eta analisi energetikoak zehaztu eta kontsumoak monitorizatuko dituzte erabiltzaile-profil desberdinak definitzeko. Zentzu horretan, dagoeneko egin da Amurrio, Ortuella eta Donostiako hiru eraikinen karakterizazioa, eta hemendik gutxira 400 etxebizitza hartzen dituzten beste hainbat blokeren xehetasunezko analisi bat egingo da Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Gainera, eraikinen jagoletza, kontrol eta kudeaketa energetikorako plataforma bat ezarriko da, digitalki modelatuko dira eraikinak euren kudeaketa integrala lortzeko, eta simulatu egingo dira, programazio informatikoko tresnen bitartez, birgaitze energetikoko aukera desberdinak, birgaitze-estrategia optimo bat diseinatzeko aukera emango duten tipologien arabera.

Bigarren euskarriak maizterrekiko berrikuntza sozialarekin du zerikusia. Horri dagokionez, pobrezia energetikoko benetako egoerak identifikatuko dira, eta baita irisgarritasun-arazoak ere, haiei arreta integrala emateko. Gainera, sentsibilizazio-zereginak beteko dira maizterren artean beren etxeetan energiaren erabilera eraginkorra bultzatzeko eta kontsumoa murrizteko.

Arriola sailburuak nabarmendu duenez, lehen aldiz erabiliko dira berrikuntzaren eta zero kontsumoaren irizpideak etxebizitza-parke baten eguneroko mantentze-lanetan. “Ekimen honek –gaineratu du– proiektu pilotu isolatuen bitartez aurrera eramandako berrikuntza-eskematik irtetea adierazten du, eta birgaitze-lanetan eskala handiko makro aldagaia barneratzea. Ez baita gauza bera esperientzia puntualak aurrera eramatea, eta parke osoari ekitea. Horrek alokairuko parke publikoaren kudeaketa-eredu berri bat dakar berekin, jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetiko gorenaren ikuspegitik begiratuta”.