Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Opendata Euskadik IKT Aplikatuaren saria jaso du Telekogaua 2016 topaketan

Opendata Euskadik IKT Aplikatuaren saria jaso du Telekogaua 2016 topaketan

egilea: Javier Bikandi, Maiatza 30, 2016

Joan den ostegunean, TelekoGaua deritzon euskal IKTen gaua ospatu zen Iberdrola Dorrean. Telekomunikazioen arloko ohiko hitzordu honek sektoreko 150 profesional inguru erakarri zituen, eta ekitaldiaren amaieran, euskal IKT onenen sariak banatu ziren. TelekoGaua bi urtez behin antolatzen den topaketa da, sektoreak Euskadin dituen arduradun nagusien parte-hartzeaz, gure artean esparru honetan lanean diharduten 10.000 profesional baino gehiagoren jarduna aldarrikatzeko asmoz.

TelekoGaua Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak (EHTIEO) eta Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniaritza Elkarteak (EHTIE) antolatzen dute.

Epaimahaiak Opendata Euskadiri eman zion IKT Aplikatuaren saria, garapen sozialaren aldeko proiektu nabarmena izateagatik. Aintzatespen hau oso garrantzitsua da Opendata Euskadi proiektuarentzat, aurrera atera duten pertsona guztien lana aldarrikatu eta indar handiagoaz bultzatzen jarraitzera animatzen gaituelako, Euskadiko garapen soziala sustatzen laguntzeko.

Hauexek izan ziren ekitaldiko beste sarituak: Ikusi, Nire iHealth eta Juan Luis Ordiales, EHTIEOko lehen dekanoa eta telekomunikazio ingeniaritza karreraren bultzatzailea euskal unibertsitatean.