Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektu berria dugu jadanik

Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektu berria dugu jadanik

egilea: Koldobike Uriarte, Azaroa 10, 2015

Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua Eusko Legebiltzarretik baztertu zenetik 5 hilabete igaro ondoren, eta honen tramitazio prozesuan legebiltzarreko taldeen eskakizunei erantzuteko helburuarekin, eta hauen artean bi lege proiektu ezberdinetan banatzearena, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren eta Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak onartu egin ditu gaur.

Gaur onartutako bi lege-proiektuak gako dira euskal Administrazio Publikoaren modernizazio beharrezkoari heltzeko; hartara, gai izango da XXI. mendeko herritarren beharrizanei eraginkortasunez erantzuteko, gobernamenduaren printzipio berrietan oinarriturik: hau da, parte-hartzean, gardentasunean eta herritarrek gai publikoetan izango duten lankidetzan.

Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektuak sektore publikoaren funtzionamenduaren funtsezko ardatzak arautzen ditu, herritarren eskubide berrien inguruan. Hau da: politika publikoak ebaluatzeko eskubidea, gai publikoetan parte hartzekoa eta Euskadiko administrazio publikoek sortutako informazio guztia libreki eta gardentasun osoz eskuratzekoa

Lege berriek hiru euskal erakunde mailetan eragingo dute; euskal erakundeek, bestalde, baterako foro bat sortuko dute, eraginkortasun ezak eta administrazioen arteko gainjartzeak konpontzeko, eta administrazio-arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzeko.

Herritarrek politika publiko, dekretu eta araudiak prestatzen parte aktiboa izateko eskubidea izango dute, eta euskal sektore publikoari buruz eskuratu nahi duten informazio oro izango dute eskuragarri.

Araua onartzen denetik aurrera, Euskadiko administrazio publiko guztiek erantzun beharko dituzte herritarrek egindako informazio-eskaerak, 15 egunetik beherako epean (44. art.) erantzun ere. Eusko Jaurlaritza horretan ari da, jada, iaztik 20 egun baino gutxiagoko epean erantzuten.

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argitaratzen du nazioartean erreferentzia diren erakundeek eskatutako informazio guztia, www.euskadi.eus webgunean. Horrela, lehen postua lortu zuen autonomia-erkidegoen rankigean, 2012 eta 2014 urteetan. Lege-proiektuak gardentasun-eskakizunen maila handitzen du, eta informazioa argitaratzeko betekizuna hedatzen du, hauek ere har ditzan barne: Gobernu Planaren ezarpenaren jarraipenari buruzko informazioa, aholku- eta partaidetza-organoen jarduerari buruzkoa, Gobernuaren giza-baliabideen eta lan-baldintzen antolamendu-planei buruzkoa, politika publikoen ebaluazioari eta arauen eraginei buruzkoa, hautaketa-prozesuei eta zuzendariek nahiz goi-zuzendaritzako langileek finkatutako helburuei eta lortutako emaitzei buruzkoa, bai eta zenbateko gastu publikoa egin den publizitate kanpainetan, zenbat sindikatuko liberatu dauden, zenbat ordu sartzen dituzten eta horri lotutako kostuak, etab. ere.

Alderdi berritzaileenetako bat da, halaber, herritarrek parte har dezaketen arauak hedatzen dituela. Hala, onartzen denetik, araugintzako herri-ekimena (65. art.) gehituko zaio legegintzako herri-ekimen ezagunari, Gobernuak garatutako araudi dekretuetara hedatzeko herritarren parte-hartzea. Edonork eta edozein ordezkari-taldek izango du bere intereseko gaietan araugintzako ekimenak sustatzeko eskubidea.

Proiektuak Gobernu Irekiaren Plataforma sortuko du, eta funtzio hauek izango ditu: EAEko Administrazio Publikoaren eta herritarren etengabeko elkarreragina, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea.

Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentzia sortzen da ere (67. artikulua). Agentzia horrek izango du herritarren informazio-eskubidea babesteko ardura; berak ebatziko ditu, halaber, gardentasunerako eskubidetik eta datu pertsonalen babeserako, segurtasun publikorako, bizitza pribatua izateko, sekretu profesionalerako nahiz jabetza intelektual eta industrialerako eskubideetatik eratorritako gatazkak. Organo independente moduan funtzionatuko du, bost urteko presidentzia berritu ezin batekin, eta prestigio aitortuko profesional trebe batek beteko du postu hori. Haren aholku-batzordea euskal erakunde guztietako pertsonek osatuko dute: Eusko Legebiltzarrekoak, Herri-Kontuen Euskal Epaitegikoak, Arartekokoak, Datuen Babeserako Agentziakoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Foru Aldundietakoak, EUDELkoak eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak.

Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak euskal sektore publikoa zehazten, antolatzen eta egituratzen du. Haren funtzionamendua eta betebeharrak arautzen eta erakunde bakoitzaren eskumenak mugarriztatzen ditu; halaber, betekizuntzat ezartzen du administrazio-arteko lankidetza eta koordinazio, bai eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak ere.

Lege-proiektuak, gainera, erakunde publiko berriak sortzeko betekizunak gogortzen ditu. Hala, adibidez, nahitaezkoa izango da erakunde berria sortzeko premia akreditatzea, eta berori eratzeak bikoiztasunik sortuko ez duela bermatzea. (II. kapitulua)

Orobat, lege maila hartzen dute erakunde publikoen gardentasun, efikazia eta efizientzia-eskakizunek (52. art.): eratzen direnetik, azterketapean jarriko dira, haien helburu eta xedeen betetze-maila jakiteko, bai eta erabiltzen dituen baliabideak, jarduketan lortutako emaitzak, etab. ere. Horrez gain, Euskal sektore publikoko erakundeen erregistroan (58. art.) izen ematera eta bertako datuak eguneratzera behartuak egongo dira, haien egituraren, antolaketaren, osaeraren, kontuen eta beste erakunde publiko nahiz pribatuetan duten partaidetzaren berri emateko.

Orain, Eusko Legebiltzarrari helaraziko dizkiote bi testuak, eztabaidatu eta behin betiko onar ditzaten. Hona hemen bi lege-proiektuen testuak: