Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Agirien estandarizazioa eta normalizazioa: sailen arteko elkarlan-eredua

Agirien estandarizazioa eta normalizazioa: sailen arteko elkarlan-eredua

egilea: Xabier Amatria, Uztaila 21, 2015

Administrazio digitala garatzean, bereziki administrazio-prozedurarekin, haren ondorio juridikoekin eta garapen teknologikoekin (IKT) loturiko alderdiak landu dira. Espero baino gehiagotan, sortu eta erabilitako dokumentuak eta mezuak ilunak eta ez-komunikatiboak izan dira.

Hutsune hori estali nahirik edo, jada 2011-2013 Berrikuntza Publikoaren Planaren (BPP) testuinguruan, prozedura digitaletan erabilitako dokumentuen eta, oro har, komunikazioaren kalitatea hobetzeko hainbat ekintza burutu zituen IVAPek DACIMArekin batera. Oraingo planaren barruan (2014-2016 Berrikuntza Publikoaren Plana), beste urrats bat eman dugu Agirien estandarizazioa eta normalizazioa proiektuaren bidez. Helburua izan da ohiko ikuspegiei (prozedurazkoa, juridikoa eta teknologikoa) beste alderdi bat gehitzea: komunikazioarena, alegia. Esan nahi baita, herritarren eta administrazioaren arteko komunikazioa argia eta kalitatezkoa izan dadila bermatzea. Asmo bera, jakina, tramitatzaileen eta sailen arteko komunikazio-fluxuetan ere bai.

Horretan datza hizpide dugun proiektuaren berrikuntza eta indarguneetako bat: gure dokumentu eta aplikazio informatikoak sasoi eta formatu berrietara egokitzen direla ziurtatzea, bai eta herritarrekiko komunikazioetan hizkera argia, erraza eta eraginkorra erabiltzeko beharra sentiaraztea ere, beti ere administrazio digitalaren testuinguruan.

Lana egiteko molde berriak garatzen

Ez naiz arituko egiten duguna azaltzen, hortaz bikain jardun baitzuen Juan Isasik aurreko post batean. Hurrengo lerroetan nahi nuke nabarmendu proiektu honen birtualtasun handietako bat: hain zuzen ere, garatzen ari garen elkarlaneko lan-mota berria. Izan ere, proiektua aurrera eramateko, diziplina arteko lantaldeak eratu ditugu. Bertan parte hartzen dute sailetako legelariak, digitalizazio- eta proiektu-arduradunak zein informatikariak, tramitatzaileak eta administrazio hizkerako adituak.

Ikuspegi-amalgama bat, helburu garbia duena: administrazio-prozedura digitalen ikuspegi holistikoa landu, herritarren behar eta eskakizun zehatzei erantzuten zaien aldi berean.

Lortu nahi dena da administrazio digitalaren garapena ikuspegi berrietara irekitzea, sail eta erakunde desberdinetako kideen elkarlanaren bidez. Prozesu horrek eskatzen du, besteak beste, konfiantza lantzea. Lehenik eta behin, goi-zuzendaritzaren aldetik, Administrazioaren ohiko egiteko moduen errotiko aldaketa eskatzen duen heinean. Horrekin batera, ezinbestekoak dira konfiantza dosi handiak partaideen artean, lan egiteko molde horrek Administrazioaren ohiko zutabeak eta egiteko moduak mugiarazten dituelako, ia berezkotzat hartzen ditugunak Administrazioaren jardunean, maiz ez-eraginkorrak badira ere.

Guztiarekin ere, gure benetako xedea baldin bada prozedura digitalak arrakastatsuak izatea eta herritarrek larritasunik eta arbuiorik gabe hartzea; gure helburua baldin bada erabiltzaileek gure zerbitzu elektronikoetatik ez alde egitea lehenengo zailtasunaren aurrean, orduan administrazio-prozeduren berringeniaritzan sakondu behar dugu; gure mezuak eta komunikazioak argiak, ulergarriak eta erakargarriak izatea lortu, baita herritarrekiko harremana elkarrizketa bihurtu ere. Hori guztia, jakina, behar besteko segurtasunarekin eta berme juridikoarekin.

Deskribatzen ari garen hau epe luzeko prozesua da, eta parte hartzen dugun erakundeok (DACIMA, OCE, EJIE, IVAP.) bete-betean ari gara horretan, jakinda arrakasta balio eta printzipio berriak zein lan-molde berritzaileak landu eta garatzearekin batera etorriko dela.