Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Tokiko praktikei buruzko esperientziak bilatzen dira Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zurian txertatzeko

Tokiko praktikei buruzko esperientziak bilatzen dira Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zurian txertatzeko

egilea: PIP taldea, Azaroa 11, 2014

Blog honetan kontatuz joan garenez, amaitzeko zorian dago Euskadiko Demokraziaren eta Herritarren Partaidetzaren Liburu Zuriaren elaborazioa, eta honenbestez, azken testua taxutu eta argitalpenaren Eranskin batzuk sartzea baino ez da gelditzen erabat bukatuta edukitzeko.

Zehazkiago esanda, Liburuaren III. Eranskina egiteko, herritarrei laguntza eskatzeko epea zabaldu berri da, Tokiko Praktika Onen lankidetzazko bilketa egin eta nazioarteko praktiken azterketaz osatu den bildumaren osagarri gisa txertatzeko asmoz.

Euskadin badakigu ekimen eta proiektu ugari lantzen ari direla gobernantza-eredu berritzailea garatzeko, eta herritarrei egindako gonbidapen honen bitartez, horiek guztiak Liburu Zurian bildu nahi ditugu. Garrantzitsua baita jakitea nondik abiatu garen, orain arte egin denari eta une honetan egiten ari denari dagokion balioa emateko.

Baina ez ditugu ekimen arrakastatsuak bakarrik sartu nahi. Esperientzia batzuek ez dute aurreikusitako fruitua eman, eta horrek asmo gaiztoak, mesfidantzak eta beldurrak sortzen ditu, baina ondo identifikatuta utzi nahi ditugu, hutsegitea behar-beharrezkoa baita ikasteko, gure ustez.

Hori dela eta, herritarrei eskatu nahi diegu, jarraian dauden online formulario erraz-errazen laguntzaz, han-hemenka ezagutu dituzten partaidetza-praktika edo prozesuak parteka ditzaten.

Tokiko partaidetza-praktika onaren fitxa

Proba / hutsegitearen fitxa

Esperientzia bat ezagutzeko erarik onena, horren protagonistei galdetzea da.

Eskerrak eman nahi dizkiegu aldez aurretik tokiko praktiken lankidetzazko bilketa horretan parte hartuko duten guztiei, baina horrekin batera gogoratu nahi dugu, Irekia plataforman Liburu Zuria osatzeko prozesuari buruzko informazio guztia eskura daitekeela, baita prozesuaren hasieraz geroztik sortuz joan diren dokumentu guztiak ere.