Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

PEGIP 2020 amaitu da, Gobernantzaren hobekuntzari eta Berrikuntza Publikoari lotutako proiektuetan 3 urte baino gehiago egin ondoren

egilea: Pegip 2020, 

Gobernu Kontseiluak Gobernantza eta Berrikuntza Publikoaren 2020ko Plan Estrategikoa (PEGIP2020) onartu zuen 2017ko abenduaren 12an. Hiru urte baino zertxobait gehiago igarota, 2020ko abenduaren 31n, plan hau amaitutzat emango da.

Garai hartan blog honetan bertan adierazi genuen bezalaxe, plan hau Eusko Jaurlaritzaren zeharkako estrategiatzat sortu zen, gobernantza publikoaren arloan Euskadi Europako eskualde berritzaileen artean kokatzeko asmoz. Gainera, herritarrak protagonistatzat jo zituen gobernantza publikoan ezarritako balio zorrotzen arabera gidatu beharreko lan-antolaketaren, moduaren eta kulturaren aldaketan.

Formulazio estrategikoari dagokionez, administrazio ireki, eraginkor, efiziente eta berritzailea lortzeko 2014-2016ko Berrikuntza Publikoaren Planetik jasotako lehentasunezko helburuei, plan berrian zehaztutako 6 ardatz estrategikoak gehitu zitzaizkion, zein bere helburu estrategikoarekin:

  1. ardatza Gardentasuna eta parte-hartzea: Gardentasuna, parte-hartzea eta elkarlana sustatzea administrazio publikoan.
  2. ardatza Plangintza estrategiko adimenduna: EAEko Administrazio Orokorrean eta dagokion administrazi instituzionalean plangintza estrategikoa eta esku-hartze publikoen ebaluazioa bultatzea.
  3. ardatza Herritarrekiko harremanak: Bide bat baino gehiago erabiliz (aurrez aurre, telefonoz, Internetez) eskura daitezkeen kalitate oneko zerbitzuen eskaintza garatzea.
  4. ardatza Integritatea: Integritate-politikan sakontzea ikuspegi orohartzailetik.
  5. ardatza Berrikuntza: Administrazioan berrikuntza sustatzea, herritarrak eta profesional publikoak sartuz politika eta zerbitzu publikoen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan.
  6. ardatza Kudeaketa aurreratua, era berean, 5 azpi-ardatzetan banatzen da

6.1 Administrazioen arteko lankidetza: Administrazioen arteko elkarlana sustatzea administrazio elektronikoaren arloan.
6.2 Pertsonak: Enplegu publikoaren antolaketan eta modernizazioan pertsonek jokatzen duten papera birdefinitzeko bidean aurrera egitea. 
6.3 Antolaketaren egokitzapena: Administrazioaren eta bere sektore publikoaren antolaketa-egitura herritarren egungo beharretara, baita eraldaketa digitalaren, elkarlanaren eta berrikuntzaren edo gobernu onaren ondoriozko lan egiteko modu berrietara ere egokitzea. 
6.4 Eraldaketa digitala: Administrazio elektronikoa, baita bere antolamendu- eta funtzionamendu-eredua eta IKTak kudeatzeko eredu berria ere, ezartzea eta hedatzea.
6.5 Aurrerabide:Kudeaketa publiko aurreratuko eredu bat ezartzea.

Harez geroztik, 60 proiektu eta azpiproiektu baino gehiago jorratu dira, eta neurri handiagoan edo txikiagoan horiexen berri eman dizuegu blog honen bitartez. Horren harira, 2019ko urtarrilean, PEGIP 2020aren erdialdean egindako tarteko ebaluazio-txostenaren berri eman genuen.

PEGIP 2020aren jarraipen eta ebaluazioari buruzko Gobernu Kontseiluaren 2017ko urtarrilaren 17ko Erabakian xedatutakoaren arabera, 2021eko urtarrilean, planari buruzko azken ebaluazio-txostena egingo da. Argitaratu bezain laster, blog hau berraktibatuko dugu, horren berri eman eta orain arteko ibilbideari amaiera emateko.

Bien bitartean, zorion-mezu honen bidez, Gabon zoriontsuak eta 2021. urterako sarrera bikaina opa dizkizuegu, bukatzear dagoena baino hobea izango den esperoan.

Orain, hausnarketa-aldia hasiko da Euskal Administrazioarentzat, baina ziur egon berrikuntza publiko gehiago eta Gobernantza eredu are hobea ekarriko digula.

Ordura arte, mila esker gurekin egoteagatik.