Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eredu berri bat dakarkigu, Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikorako plataforman orain baino hobeto kudeatzeko interesdunak eta haien ordezkariak

Tramitagune-PLATEAren moduloen eskema

egilea: Iñaki Ortiz, 

Informazio-sistema handiak, esate baterako Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikorako plataforma, ez dira aldi bakar batean goitik behera garatzen; arian-arian dira hazten, moduluak inguratuz, orain bat eta gero beste bat. Horregatik, arreta bereziz zaindu beharra dago sistemaren orotarako integrazioa eta koherentzia, zati guztiak ondo loturik egon daitezen.

Hala, bai antolakuntzaren bai informatikaren aldetik, Eusko Jaurlaritzaren administrazio elektronikorako gaur egungo plataforma (Tramitagune-PLATEA) ez da proiektu bakar baten emaitza. Proiektuz proiektu eraiki dira zati eta modulu guztiak.

Eusko Jaurlaritzako administrazio elektronikorako proiektu handia (PLATEA) 2003 eta 2005 urteen artean gauzatu zen, baina lehenago ere bazen ATEA proiektua (administrazioko espedienteak izapidetzeko aplikazioa), eta handik datorkigu Oinarrizko Izapidetze Ereduen filosofia. Gerora garatutakoak dira, berriz, beste modulu biziki garrantzitsu batzuk, hala nola, Artxibo elektronikoa (Dokusi), espedienteen kudeaketa (Tramitagune) eta Ordezkarien Erregistro Elketronikoa (RdR).

PLATEA hasiera hartan martxan jarriz geroztik, asko egin du aurrera Tramitagune-PLATEA plataformak, bai erabileraren aldetik, bai teknologiaren eta funtzioen garapenaren aldetik ere.

Baina orain arte ezinezkoa izan da plataformaren tresna edo modulu guztiak bat eginda uztea interesatuen eta haien ordezkarien kudeaketarako; orain, azaroan bertan, igo baita ekoizpen-bidera Tramitagune-PLATEAren bertsio berria.

Funtsean, hauek dira kudeaketa horren ezaugarri nagusiak:

  • Plataformako tresna edo modulu guztiek datu-base bat eta bera darabilte interesdunenei eta haien ordezkariei dagokienez.
  • Plataformako tresna edo modulu guztiak erabat integraturik eta sinkronizaturik daude, eta, hala, RdR-n ordezkaritza berri bat aurkezten den bakoitzean, ordezkariak onartzen duen unetik bertatik plataformaren tresna guztietan egongo da aktibo.
  • Eusko Jaurlaritzarekin elkarreragiten duen pertsona fisiko edo juridiko orok bere profila du -berdin interesatuek nahiz ordezkariek-, han ditu kontakturako bere datuak, eta, profil horretara tresna guztietatik iritsi daitekeenez, edozein interesatuk edo ordezkarik edozein tresnatatik egunera ditzake bere kontaktu-datuak, alegia, eskabide batetik, espedienteen karpetatik (Nire karpeta) edo RdR-tik. Eta eguneraketa-bide hori aldi berean plataformako tresna edo modulu guztietarako dago eskura.

Interesdunek badute, gainera, beste aukera bat ere, hots, Eusko Jaurlaritzarekin izapidetzen dituzten prozedura guztietan, nahi badute, beren kontaktu-datu horiexek erabiltzea, eta informazio hori ez zaie berriro eskatuko abiatzen duten administrazio-prozedura bakoitzean. “Berrabiltze” hori onartzen badu, kontaktu-datu horiek eman beharra duen bakoitzean, profilean dauzkanak erakutsiko zaizkio interesdunari. Haiek onetsi edo, beharrezkoa izanez gero, eguneratu, horixe besterik ez du egin behar; eta, horrela, errazago eta bizkorrago jardungo du Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeekin.

Interesdunak eta haien ordezkariak kudeatzeko eredu berri hau ezartzeaz batera, amaitu da Tramitagune-PLATEAko tresna eta moduluen integrazioa; ziurra da haien koherentzia; non eta administrazio-espedienteak kudeatzeko hain garrantzitsua den alderdi horretan. Ez ahaztu, gainera, administrazio-prozedura elektronikoa plataforma batean dagoela bermaturik EAEko administrazio publikoan, eta interesdunak eta haien ordezkariak kudeatzeko eredu hau oinarri ona dela plataforma horrek eboluzionatzen jarrai dezan.