Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

BPParen bloga irailean itzuliko da, Berrikuntza Publikoari buruzko nobedade ugarirekin

BPParen bloga irailean itzuliko da, Berrikuntza Publikoari buruzko nobedade ugarirekin

egilea: PIP taldea, Uztaila 30, 2015

Uztaila bukatzeko zorian gaudela, BPParen Interneteko jardueraren balantze txiki bat eskaini nahi dizuegu ikasturte amaiera gisa, eta blog hau jarraitzen duzuen guztioi, agur esan nahi dizuegu irailera arte, hauxe baita gure azken posta abuztuko oporrak hartu baino lehen.

2014-2015 ikasturtea oso trinkoa izan da Berrikuntza Publikoaren Planaren barruko jarduerari dagokionez, eta hori guztia Internetera ere hedatzen ahalegindu gara, aurreko Plana (2011-2013 BPP) abiatu zenetik egin izan dugun moduan.

Sareko presentzia honek, berriz ere, blog honen jarduera izan du ardatz, bereziki gogoan izanda .net domeinutik .eus domeinurako migrazioa hilabete honetan bertan egin dela, eta iazko irailaz geroztik 55 post argitaratu direla guztira, 2014-2016 BPPari atxikitako proiektuetako asko eta Berrikuntza Publikoaren Planaren nondik norakoekin lotutako beste gai batzuk zabalduz eta ezagutzera emanez.

Eusko Jaurlaritzaren barruko pertsonen lankidetzaz gain, hainbat esparrutan trebatutako kanpoko 9 laguntzaile ere izan ditugu, eta bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu "gonbidatutako sinadura" gisa eskaini diguten laguntza guztia.

Baina BPParen onlineko presentzia ez da soilik blogera mugatu, hedabide sozialen aldeko apustua BPParen komunikazioaren bereizgarri bilakatu baita.

Kanal hauen artean, twitter ezinbesteko tresna bihurtu da Plana ezagutzera emateko, eta sare sozial honetan bertan, berrikuntza publikoaren inguruko eduki garrantzitsuak oinarritzat hartuta, komunitate bat eraikitzen jarraitzen dugu, blogean argitaratzen diren postak zabaldu eta kanal honetan ditugun ia 2.000 "followerren" interesekotzat jotzen ditugun informazioak eskaintzeaz gain. Gurea 120 bat zerrendatan sartu izanaz ere balorazio arras positiboa egiten dugu.

BPPak Facebooken duen orrialdeak ere Plana herritarrei hurbiltzen laguntzen digu, blogean argitaratzen ditugun postak partekatuz eta berrikuntza publikoaren arloko beste eduki interesgarri batzuen berri emanez.

Slideshare eta Youtube dira, Plana abiatu zenez geroztik landutako aurkezpenak eta bideoak gordetzeko erabiltzen ditugun biltegiak, eta aurreko BPPan partaidetza arloko erreferentzia bilakatu zen Linkedin-eko taldea bezalako esparruen ordez, Novagob gisako esparruak nagusitu dira.

Novagob deritzon Administrazio Publikoaren Sare Soziala dugu, hain zuzen ere, Interneteko presentzia areagotzeko egin dugun azken apustua. Komunitate honetan, "Berrikuntza Publikoa Eusko Jaurlaritzan" deritzen profila eta taldea sortu ditugu, "Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren Plana oinarritzat hartuta, berrikuntza publikoari buruzko ezagutzak, esperientziak edo/eta gogoetak partekatzeko topagunea" eskaintzeko asmoz.

Sare honetan, jakinmina piztu duten 2 eztabaida ere ireki ditugu, BPPan ikasturte honetan landutako proiektu nabarmenenetako biren inguruan jaso ditugun kalitateko ekarpenen harira: partaidetzak Euskadirako Demokraziari eta Herritarren Partaidetzari buruzko Liburu Zuriarekin izandako lotura eta Aurrerabide bultzatzen ari den Administrazio barruko kudeaketaren aldaketa.

Irailean, beste gai interesgarri askorekin itzuliko garela hitz eman nahi dizuegu. Ordurarte, abuztu zoriontsua opa dizuegu, eta ondo merezitako atsedenaldia oporrak dituzueneoi.

Laster arte!