Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Berrikuntza publikoa ala berrikuntza soziala? Zentzurik ez duen galdera

Berrikuntza publikoa ala berrikuntza soziala? Zentzurik ez duen galdera

egilea: Gotzon Bernaola eta Goizalde Atxutegi, Azaroa 27, 2014

Arazoak ezin helduzkoak direnean, orduantxe oroitzen gara berrikuntza egin beharraz. Eta berrikuntzarako dei hori, Administrazioak malgutasunez jokatzearen alde eta aurrean dauzkagun erronka sozial, ekonomiko eta ingurumen arlokoei azkartasunez erantzutearen alde egindako eskaerekin batera iritsi ohi da.

Betidanik, Administrazioa hainbat berrikuntza sozialen iturri izan da, eta da: babes sozialeko sistema eta osasunerako edo hezkuntzarako sarbide unibertsala horren eredu argiak ditugu. Baina horrekin batera onartu beharra dago, zenbait egitura administratibok arriskua hartu eta berrikuntzaren alde egitea inhibitzen dutela, eta gaur egun ere, erantzun estandaritzatuak eta norabide bakarrekoak bultzatzen dituztela gero eta konplexuagoak eta gero eta dimentsio-anitzekoagoak diren arazoei aurre egiteko. Honek ez du esan nahi berrikuntza publikorik ez dagoenik, baizik eta berrikuntza publiko hori mugatuegia dagoela aurrekontu arloko mugapenen ondorioz, edota zerbitzuak ematetik harantzagoko berrikuntza-gaitasuna murrizten duten egitura administratiboen eraginez.

Alabaina, testuinguru konplexu horrexetan hartzen du garrantzirik handiena, Administrazioak berrikuntza-eragile gisa bete beharreko eginkizunak, eta halakoetan, ezinbestekotzat jotzen da Administrazioak hartu beharreko lidergoa hartzea, benetako erronka estrategikoak definitu eta horiei aurre egiteko moduak zehazteko (norekin, zein baliabideren bitartez, eta baliabideak nola lortu eta nola aplikatu), eta lurraldeko garapen sozial eta ekonomikoan duen erantzukizuna definitzeko

Erronkei dagokienez, gogoan izan behar dugu berrikuntza soziala estrategia dela, eta ondorioz, inpaktuak era eraginkorrago batez sortzeko premia dakarrela, benetan garrantzitsuak diren gaiei ekinez, beste modu batez ekin ere. Horren haritik, 2014-2016ko Berrikuntza Publikoaren Planak zehaztutako definizioaren arabera, "berrikuntza soziala" kudeaketa publikoaren arloan ideia eta praktika berritzaileak aplikatzea da, "balio soziala" sortzeko asmoz. Hau da, hainbat baliabide, prozesu eta politikaren konbinazioaren bitartez, emaitzak sortzea planteatzen da, pertsonen eta gizarte osoaren bizimoduan hobekuntzak eragiteko asmoz.

Horiei aurre egiteko moduei dagokionez, lehenik eta behin ondo kontuan izan behar dugu, arrakastatsutzat jotzen ditugun berrikuntza sozialak iraunkorrak eta hedapen handikoak direla, aldaketa sistemikoa helburu. Beraz, berrikuntza sozialaren arrakasta neurtzeko, esparru instituzionalean era disruptibo batean duen eragin-ahalmenari erreparatu behar diogu, eta xurgatze-ahalmenari. Administrazio publikoek, esparru instituzional horren arte eta parte diren aldetik, aurrea hartu behar dute berrikuntza sozialaren arloan, aldaketa sistemikoaren aldeko osagai bihurtu nahi baldin badute.

Lehenengo urratsean, gobernu-egitura gero eta konplexuago eta gero eta elkar lotuagoen aurrean, behar-beharrezkoa da demokrazia parte-hartzailean sakondu eta eztabaida eta erabaki-hartze publikoetan herritarren partaidetza eta konpromisoaren mesedeko ereduak garatzea. Gainera, baliabide urriko testuinguruan, behar-beharrezkoa dugu, halaber, baliabideak lortzeko formuletan eta horiei dagozkien helburuetan (erabileretan) berrikuntza egitea. Eta ildo horretan planteatu behar dira, berrikuntza sozialeko ekimenak sustatzea xede duten aurrekontu publikoak, egitura fiskalak eta trazabilitate finantzarioa diseinatu eta zehazteko prozedurekin, edota sinergiak eta zeharkako inpaktuak sortzeko baliabide finantzarioen banaketa-prozedurekin zerikusia duten gai batzuk.

Azkenik, Administrazioei Berrikuntza Sozialaren eragile eta horren garapenaren arduradun gisa leporatzen zaien erantzukizunari dagokionez, hauek dira, geure ustez, erakundeek beren gain hartu behar lituzketen ekimen batzuk:

  • IDEIA BERRIAK SORTZEA: Ezinbestekoa da ideia berrien eta lotura inprobableen sorkuntza bultzatzea. Krisia, homogeneizaziorantz jotzen duten egiturak, kontserbadurismoa eta aniztasunik eza nagusi diren egungo testuinguruan, Administrazioak eginkizun garrantzitsua du atal honetan. "Ideia egokia zein den", "gauzak nola aldatuko ditugun" eta are "arazoa elkarren artean zehazteko gai izango ote garen" ez dakigun une honetan, Administrazioak eztabaidarako, elkarreraginerako... partekatutako ikasketa sozialerako esparruak sustatu behar ditu, betiere ikuspuntu berriak, aliantza berriak eta irtenbide berriak sortzeko helburu argiari jarraiki.
  • EKIMENAK HAUTATZEA: Proiektu esperimentalen garapena sustatuz (kasu hauetan, laguntza publikoa finantzaketatik edota sareen edo esperimentazio-inguruneen sorkuntzatik etor daiteke, besteak beste), emaitzen neurketan oinarritutako berrikuntza-prozesuetatik inpaktuen neurketan oinarritutako berrikuntza-prozesuetara igarotzeko moduei buruzko analisi kritikoa bultzatzeko asmoz.
  • ONARTZEA: Inpaktu sozialeko berrikuntza-ekimenak zehaztu ondoren, horien onarpena bultzatu (azeleratu) behar dugu scaling up edo scaling out prozesuen bitartez, horien hedapena handituz edo berrikuntza sozialeko ekimen arrakastatsuak "erreplikatuz". Fase honetan, behar-beharrezkoa da aldaketak eragiten dituen zalantzak gainditzea, eta Administrazioek "merkatua sortzeko" ahalegin horretan lagun dezakete, baliabideak emanez, "aterki" instituzionala eskainiz, etab... aldaketaren hesiak gainditzen laguntzeko.
  • INSTITUZIONALIZATZEA: Berrikuntza soziala instituzionalizatzea dugu azken fasea. Nola txertatu Administrazioaren kudeaketan eta gobernuen tresnetan eta egituretan (arauak, garapen instituzionala, etab.) sozialki onartutako berrikuntza sozialeko praktikak. Administrazioak berrikuntza sustatzeko eta berrikuntza sozialeko ekimenei lekua emateko moduko inguruneak era ditzake arau-garapenaren eta lege-esparru berrien sorkuntzaren bitartez.

Gaur egun ere, berrikuntza halakoxe ideia distiratsu batekin edo aparteko aurkikuntza batekin lotzen dugu, Ez gara konturatzen berrikuntza, eta areago berrikuntza soziala, ez dela sortzen normalean aurretiazko osagai berritzaileetatik, ezagutzen ditugun osagaietan inolaz ere ohikoak ez diren konbinazioetatik baizik. Ohiz kanpoko erlazio edo lotura multzo baten emaitza dira, eta horien bitartez, gure gizarteetako erronkei erantzuteko formula berri bat diseinatzen dugu. Honen adibide garbiak ditugu kontsumo-taldeak, hiri-ortuak, denbora-bankuak, sinadurak biltzeko online plataformak. Administrazioak giltzarrizko eginkizuna izan dezake elkarreragin horien sorkuntzan, erraztuz, sustatuz eta bere izaeran txertatuz. Zeren, "mundua aldatu nahi duenak, lehendabizi bere burua aldatzen hasi behar baitu" (Sokrates).


Fuentes
  • Bekkers, V.J.J.M, Tummers, L.G., Voorberg, W.H. (2013). Titulua: "From public innovation to social innovation in the public sector: A literature review of relevant drivers and barriers. Rotterdam: Erasmus University Rotterdam
  • European Commission, DG Research and Innovation. Titulua: "Social Innovation Research in the European Union"
  • Moore, ML. & Westley, F.R. Titulua: "Public Sector Policy and Strategies for Facilitating Social Innovation" (Horizons Policy Research Initiative)
  • Murray, R., Caulier-Grice, J., Mulgan, G. Titulua: "The Open Book of Social Innovation" (NESTA & Young Foundation)
  • Sebastián, J. Titulua: "La innovación: entre la ciencia, la ficción y la política" (Pensamiento Iberoamericano nº5)