Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2012/10/02

Irailean, 4.014 langile gehiago geratu dira langabezian Euskadin

Euskadin irailean jasotako langabeziak gora egin du aurreko hiletik; hain zuzen ere, 4.014 langabe gehiago jaso dira, eta dagoeneko 164.139 enplegu‑eskatzaile daude. Espainia osoan, 79.645 langabe gehiago jaso dira, eta, guztira, 4.705.279 langabe daude.

Plangintza eta Enplegu sailburuorde Javier Ruizek datu horiek aztertu ditu eta hau esan du: “ezbairik gabe, datu txarra da hori. Alta berrien % 88 hartu dituen zerbitzu‑sektorean sasoiko enpleguak amaitzeari gobernu zentralaren lan‑erreforma gehitu behar zaio; izan ere, erreforma horrek ez du emaitzarik ematen eta, gure ustez, agerian utzi du berriz ere ez dela eraginkorra”.

“Dena den, Lanbiden lanean jarraituko dugu lanpostua galtzen dutenen enplegagarritasuna hobetzeko; hartara, ekonomia, krisialdi hau gaindituta, lanpostuak sortzen hasten denean, pertsona horiek guztiak enplegua bilatzeko ahalik eta baldintzarik onenetan egongo dira” adierazi du.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak % 2,63ko hazkuntza izan du (2.363 pertsona). Gipuzkoan, berriz, jasotako langabezia % 2,76 igo da (1.235 pertsona). Eta Araban, langabeziak % 1,63 egin du gora (416 pertsona).

Sexuen arabera, emakumeen artean 2.073 langabe gehiago jaso dira (% 2,53) eta gizonen artean, 1.941 langabe gehiago (% 2,48).

Adin‑tarteei dagokienez, % 9,27 igo da 25 urtetik beherakoen artean (1.141 langabe gehiago). Aldiz, % 2 igo da 25‑45 urtekoen artean (1.683 pertsona), eta % 1,87 45 urtetik gorakoen artean (1.190 pertsona).

Sektoreen arabera, jasotako langabezia gehiena zerbitzuen sektoreari dagokio, hamar altatatik zortzi sektore horretakoak baitira. Guztira, abuztuan baino 3.521 pertsona gehiago. Beste muturrean, lehen sektorea dago; bertan, 35 langabe gutxiago jaso dira. Aldez aurretik enplegurik izan ez dutenen artean ere jaitsi da langabezia: 328 pertsona gutxiago. Aldiz, jasotako langabeziak gora egin du industrian (153 pertsona) eta eraikuntzan (47 pertsona).

44 afiliatu gutxiago Gizarte Segurantzan

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, abuztuan baino 44 afiliatu gutxiago zenbatu dira. Hortaz, afiliatuen kopurua 896.114 pertsona da Euskadin. Araban, afiliazioa % 0,18 igo da (269 pertsona gehiago); Bizkaian, % 0,09 (423 afiliatu gehiago). Gipuzkoan, aldiz, % 0,25 jaitsi da (737 pertsona gutxiago).