Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2016/06/18

S.D Eibar Taldea eta Euskararen Txantxangorria eskutik berriz ere

S.D Eibar futbol taldeak Euskararen Txantxangorriari hegoak ematen jarraitzen du. Izan ere, talde gipuzkoarra eta euskara erabiltzeko gonbidapena egiten duen sinboloa eskutik doaz berriz ere. Gaur goizean, SD Eibar taldearen webgune ofizialaren domeinu berria aurkeztu da Ipuruan egindako prentsaurreko batean. Hemendik aurrera, erakunde armaginaren webguneak luzapen berria izango du (.eus), eta erabiltzaileek zuzenean jo ahal izango dute klubaren euskarazko eduki guztietara (www.sdeibar.eus). Noski, Txantxangorria aurkezpenean ere presente egon da.

Aurkezpena Mikel Larrañagak egin du, SD Eibarreko presidenteordeak, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Josu Waliño, Puntu Eus Fundazioko zuzendaria alboan zituela.

Gaur egun ere bada SD Eibarren webgunea euskaraz kontsultatzeko aukera, eskainitako hizkuntzen artean euskara hautatuz (hiru hizkuntza ditu aukeran webguneak: euskara, gaztelania eta ingelesa), baina, domeinu berriari esker, zuzenean jo ahal izango da euskarazko bertsiora.

Gainera, SD Eibar Fundazioak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera, euskararen erabileraren gaineko prestakuntza eman die Gabonetako eta udako campusetako bere begiraleei, gaztetxoei hasiera-hasieratik emateko kirolaren arloan euskaraz moldatzeko aukera.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “euskara sustatzeko oso inportantea da Eibar Kirol Elkartea egiten ari dena IKTen arloan. Eibar Kirol Elkarteak euskaraz ere badu bere webgunea, eguneratze maila altuarekin. Eta gaur .eus domeinua jarri du martxan. Biak dira eraginkorrak euskara IKTetan hedatzeko. Espresuki aitortu nahi dut gaur hemen Eibar Kirol Elkartearen eta Fundazioaren lan hori guztia”.

Eta gehitu du: “Euskarak, etorkizunean hizkuntza bizia izango bada, nahitaez gaur egungo herritarron eta euskal hiztunen premia komunikatiboetara egokitutako hizkuntza izan behar du. Eta, jakina da, gaur egungo gizartean, premia komunikatibo asko, gero eta gehiago, Interneten asetzen direla. Gazteen kasuan, hori horrela gertatzen da oso proportzio altuan. Eta etorkizunean etengabe areagotuko da joera hori”.