Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Itxaro Borda

Itxaro Borda Baionan jaioa da, 1959an, Nafarroa Behereko Oragarre herrian eman zuen haurtzaroa. Parisen eta Maulen bizi izan ondoren, Baionan bizi da egun. Historian lizentziatua, postaria da ogibidez.

Gazterik hasi zen idazten, Maiatz aldizkari eta argitaletxearen inguruan batik bat. Bera izan zen hain zuzen Maiatz-en sortzaileetako bat, 1982an.

Gizarte eta politika arloko eztabaida eta egitasmoetan zuzen-zuzenean parte hartu du. Aldizkari eta egunkarietan iritzi ugari idatzi izan du eta Seaska, Iparraldeko ikastolen erakundeko presidentea izana da.

Idazle emankorra izan da bai poesian eta baita eleberrigintzan ere. Bere poema liburuen artean daude Bizitza nola badoan (Maiatz, 1984), Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1986), Just love (Maiatz, 1988), Bestaldean (Susa, 1991), Orain (Susa, 1998) edota Hautsak errautsa bezain (Maiatz, 2002).

Eleberrien artean aipatzekoak dira Basilika (Susa, 1984), Udaran betaurreko beltzekin (Txertoa, 1987), Urtemuga lehorraren kronika (Maiatz, 1989) -1996an Bego Montoriok itzulia, Allegro ma non troppo izenburuarekin, eta Hiruk gazteleraz argitaratua-, Bakean ützi arte (Susa, 1994), Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño (Susa, 1996).

Zenbait saio ere argitaratu izan du, esate baterako, Emakumeak idazle, Txertoa argitaletxean, 1984ean, eta ipuin bilduma bat ere badu, euskaraz eta frantzesez 2001ean Maiatzek argitaratua: Entre les loups cruels.