Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2007ko literatura sariak

Pereirak dioenez - Azala

Izenburua: Pereirak dioenez
Itzultzailea: Fernando Rey

Jatorrizko izenburua: Sostiene Pereria
Egilea: Antonio Tabucchi

Argitaletxea: Igela

Epaimahiaren erabakia

Saritutako liburuaren ingurukoakak baitziren

Pereira kazetari zahar bat da, Portugalen, Salazarren diktaduraren une gogorrenetan, egunkari kaxkar bateko orrialde kulturalaz arduratzen dena. Pereira iraganean iltzatua dago, bere emaztea izan zenaren oroitzapenetan, baina kolaboratzaile bat behar du orrialde kulturalerako. Bizitzaren aldeko apustua egiten duen bikote gazte batek –Monteiro Rossi eta Marta bere emaztegaia- eta haiekiko harremanak kontzientzia azterketa sakona eginaraziko diote eta, ondorioz, aldaketa sakona gertatuko da bere barrenean.

Nobela honetan, epailearen aurreko testigantza edo deklarazioa balitz bezala, bere barreneko aldaketa horren berri emanen digu, zintzotasunaren eta askatasunaren aldeko hautuaren fruitu.

Antonio Tabucchi Italian jaio zen, Pisan, 1943an. Europako literaturaren ahots adierazgarrienetako bat da. Nobelak idatzi ditu, baita kontakizun laburrak, saiakerak eta antzerki-lanak ere. Tabucchiren nobeletako batzuk zinemarako egokitu dira, eta baita antzerkirako ere.

Ospe handieneko sariak jaso ditu Italian, Frantzian, Grezian, Austrian eta Espainian. Irakasle aritu da Sienako Unibertsitatean –orain erretiroa hartuta dago- eta irakurle ibili da atzerriko izen handiko zenbait unibertsitatetan.

Italiako eta Italiatik kanpoko egunkari askotan idatzi du, eta gaur egun idazten segitzen du, baita zenbait aldizkari kulturaletan ere. “International Parliamente of Writers” erakundeko kidea da, eta haren sortzaileetako bat. 2000. urteaz geroztik Pen Club-ek literaturaren Nobel Sarirako proposatu dio Suediako Akademiari.


Zatia

Pereirak dioenez, asalduan atera zen solasaldi ttiki horregatik eta agurtu zuen moduagatik. Galdetu zion bere buruari: non bizi naiz? Eta ideia xelebre bat piztu zitzaion: bera, beharbada, ez zela bizi, hila balitz bezala bizi zela. Bere emaztea zendu zenetik, bera ere hila balitz bezala bizi zela. Edo hobeki esanda: ez zuela deus egiten heriotzan pentsatu besterik, heriotzan eta haragiaren piztueran, hartan ez sinetsi arren, eta halako txorakerietan, bere bizitza bizirik iraute hutsa zela, bizi-itxura. Eta Pereira, dioenez, akiturik sentitu zen. Eta arrastaka joan zen tranbiaren geltoki hurbileneraino eta Terreiro do Paçoraino eraman zuen tranbia bat hartu zuen. (…)

Pereirak dioenez, bazen denbora puska bat emaztea zenaren erretratuari hitz egiteko ohitura zeukala. Egunean zehar egindakoa kontatzen zion, bere sentimenduak azaltzen, aholkuak eskatzen. Ez dakit non bizi naizen, esan zion Pereirak erretratuari, aita Antoniok ere esan dit, problema zera da, heriotza beste konturik ez dudala buruan, iruditzen zait jende guztia hila dela edo hiltzeko puntuan dagoela. Eta gero Pereirari izan ez zuten umea etorri zitzaion burura. Berak bai, gustuz izanen zuen ume bat, baina ezin zion halakorik eskatu gauak lo hartu ezinik eta bolada luzeak erietxean ematen zituen andre argal eta sufritu hari. Eta nahigabeak hartu zuen. Zeren seme edo alaba bat izan balu, seme edo alaba heldu bat mahaian harekin eseri eta hitz egiteko, orain ez zuen premiarik izanen ia-ia ahaztua zuen bidaia urrun hura oroitarazten zion erretratu horrekin hitz egiteko. Eta esan zuen: tira, zer eginen diogu, hori baitzen bere emaztea zenaren erretratuari agur esateko modua. Gero sukaldera joan, eseri, eta txuleta frijitua zuen paderaren gaineko estalkia kendu zuen. Txuleta hotza zegoen, baina ez zuen berotzeko gogorik. Beti horrela jaten zuen, atezainak utzi bezalaxe: hotza. Laster jan, komunera joan, besapeak garbitu, atorra aldatu, gorbata beltz bat jantzi, eta mila bederatziehun eta hogeita zazpian Madrilen erosi zuen flaskoan gelditzen zen urrin espainiarretik pixka bat jarri zuen. Gero jaka arrea jantzi eta Praça da Alegriara joateko atera zen, ordurako, Pereirak dioenez, arratseko bederatziak baitziren.