Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Sailak etxebizitza sozialak eta babestuak eraikiko ditu Udal Etxebizitzak erakundeak eta Bilboko Udalak lagatako orubeetan

Argitalpen-data: 

  • Hitzarmena aurki berretsiko da, eta 104 etxebizitzaren eraikuntza aurreikusten du Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak Otxarkoagan, Bilbo Zaharrean eta Miribillan lagatako 4 orubetan
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du 4 urteko epean etxebizitzak eraikitzeko eta ondoko lurrak urbanizatzeko  

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakunde autonomoak hitzarmen bat sinatuko dute aurki. Hitzarmen horren bidez, Udal Etxebizitzak erakundeak eta Bilboko Udalak Otxarkoaga, Bilbo Zaharra eta Miribilla auzoetan kokatutako lau orube transmitituko dizkiote Eusko Jaurlaritzari, guztira 104 etxebizitza sozial eta babestu eraikitzeko. Zehazki, 42 etxebizitza sozial eraikiko dira Bilbo Zaharra auzoan, eta babes ofizialeko 62 etxebizitza Otxarkoagan (46) eta Miribillan (16). Horiek guztiak alokairu babestura zuzenduko dira.

Ekimena Iñaki Arriolak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren etxebizitza-politikaren lehentasunetako bat da, eta Arriolak erakunde desberdinen arteko akordioaren garrantzia azpimarratu du, tresna eraginkorra baita herritarrek etxebizitzaren arloan dituzten premiei erantzuteko.  “Gure Sailak –gaineratu du– ildo horri jarraituko dio, alokairu-parke publikoa eraginkortasunez zabaltzen eta kudeatzen jarraitzeko, gero eta jende gehiagorengana iritsi ahal izan dadin”.

Hitzarmenaren arabera, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak eta Udalak Bilbo Zaharrean (Gorte kaleko 28-29-30. zenbakietan eta Gimnasio kaleko 1. zenbakian) kokatutako orubeak eta Otxarkoaga eta Miribilla auzoetan kokatutako beste bi (babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko) lagako ditu. 

Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasuneko, Ingurumeneko, Etxebizitzako eta Garapen Jasangarriko Politiken koordinatzaile Alfonso Gilek azpimarratu duenez, “ekimen hau bat dator erabat Udal honek etxebizitza sozial eta babestuen parkea zabaltzeko eta, era horretan, gure hirian bizi diren eta arrazoi ekonomikoak direla eta etxebizitzaren merkatu librean sartu ezin diren pertsonek etxebizitza duina eduki ahal izateko helburuarekin”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du 4 urteko epean etxebizitzak eraikitzeko eta ondoko eremuak urbanizatzeko, lagapenak formalizatu eta lurren salerosketa egiten denetik aurrera zenbatzen hasita. Hitzarmenaren arabera, zirkunstantziak direla eta beharrezkoa izanez gero, epe hori beste lau urtetan luzatu ahal izango da gehienez.

Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotzi eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidente Goyo Zurrok adierazi duenez, “oso akordio ona eta positiboa da, eta Udalean bultzatzen ditugun eta arlo horretan premiarik handieneko pertsonei aukera berriak eskaintzeko aukera emango duten etxebizitza sozialeko politiken alde bi erakundeek egindako ahaleginak batzen ditu”.

Etxebizitza horiek Etxebiden izena emanda eta beharrizan-egoeran dauden eskatzaileentzat izango dira. Gainera, eskatzaile horiek, gutxienez, bi urte eraman behar dute erroldatuta Bilbon, Bilboko Udal Etxebizitzen Erregelamenduak ezarritakoarekin bat.

Hitzarmena EAEko Etxebizitzari buruzko 3/15 Legeak ezarritako lankidetza instituzionalerako betebeharraren baitan kokatzen da, etxebizitza babestua modu bateratu eta koordinatuan sustatzeko lurzoruen atxikipenerako.

ETXEBIZITZEN KOKAPENA

 

Etxebizitza sozialak

Babes ofizialeko etxebizitzak

Otxarkoaga 46
Bilbo Zaharra - Gorte 30
Bilbo Zaharra - Gimnasio 12
Miribilla 16
42 62