Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2014/01/31

Bittor Oroz sailburuordeak ikerketari, berrikuntzari eta lankidetzari lehentasuna eman die nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako gako gisa

EAEko nekazaritzako elikagaien sektoreko ehun agente baino gehiagok hartu dute parte Horizon 2020 programa europarraren aukerei gainean antolatu den jardunaldi teknikoan. Programak ikerketa eta berrikuntza proiektuak finantzatzen ditu, eta 2014-2020 aldirako 78.600 milioi euro izango ditu erabilgarri.

Juan Carlos Zuloaga eta Bittor Oroz

Juan Carlos Zuloaga eta Bittor Oroz

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak eman dio hasiera HORIZON 2020 jardunaldiari, non enpresa, teknologia zentro eta administrazio publikoetako ehundik gora aditu elkartu diren. Ekitaldiaren helburua izan da Horizon 2020 programa europarrak, datozen zazpi urteetarako 78.600 milioi euro erabilgarri izango dituenak, elikagaien segurtasun, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta bioteknologiaren alorretan eskaintzen dituen erronka eta aukerak ezagutzera ematea. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak antolatu du, Elika Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, CDTI Industriako Garapen Teknologikorako Zentroak, SPRIk eta Innobasque erakundeak lagunduta.

Orozek azpimarratu duenez, berrikuntza, ikerketa eta nazioarteko lankidetza funtsezko zutabeak dira Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetzaren jarduketa planean, “EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako funtsezkoak dira-eta". Lankidetzaren eremuan, azpimarratu du euskal exekutiboa berrikuntzaren aldeko eskualdeen sare espezifiko batzuetan presente dagoela, esaterako ERROn edo ERIAFen, bai eta mugaz haraindiko ekimen batzuetan ere, esaterako AREPOn eta EUROMONTANAn. Azken honetan, zehazki, Eusko Jaurlaritza dugu elkarteko burua.

Berrikuntzari dagokionez, Orozek hauxe esan du hitzez hitz: “KATILU ekimena dugu, lankidetza bidezko berrikuntza bultzatzen eta laguntzen duen tresna eta nekazaritzako elikagaien sektorearen eta landa eta itsas ingurunearen zerbitzura dagoena, erakundeek eta inguruneak duten ahalmen berritzailea sustatzeko”.

Bioekonomia

Horizon 2020 programak 2013ko abenduan ekin zion bere ibilbideari, bere lehen hamaika deialdi kaleratuta. Vitoria-Gasteizen egin den jardunaldian 2. erronka sozialaz aritu dira nagusiki, bioekonomiaren erronka ekonomikoei, ingurumenekoei eta sozialei helduko dieten ikerketa eta berrikuntza aukera berriak ustiatzeaz, alegia.

Sailburuordearen hitzetan, erronka horien guztien artetik azpimarratzekoa da gero eta gehiago eskatzen dela elikagaiak seguru eta kalitatekoak izatea, modu iraunkorrean ekoiztea, animalien ongizatea zaintzea, baliabide berriztagarriak erabiltzea, energia aurreztea eta ingurumena errespetatzea. Orozek azpimarratu du ELIKAk eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak osatzen duten Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako Koordinazio Mahaiak, Osasun Publikoaren laguntzaz, arlo hauetan egiten duen lana. Mahai horren emaitza dugu Elikagaien Segurtasunaren Ikerketarako 2011-2016 aldirako prestatu den Jarduketa Plana.

Hitzaldiak

Bittor Orozen aurkezpenaren ondoren, Cristina Ugartek, Innobasqueko nazioartekotze saileko proiektu buruak, Horizon 2020 esparru programaren berezitasun nagusiak zehaztu eta Euskadiko Enterprise Europe Network nodoak euskal agenteei eskeintzen dizkien zerbitzuei buruzko aurkezpena egin du. Jarraian, Jose Manuel Gonzalezek hartu du hitza, CDTI Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioari atxikita dagoen Industriako Garapen Teknologikorako Zentroko kideak, eta Europar Batzordearen ikerketa eta berrikuntzaren alorreko esparru programen gainean duen ezagutza zabalaren berri eman die bertaratu direnei, zehazki Horizon 2020 programaren baitan elikagaien segurtasun, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta bioteknologiaren alorretan planteatzen diren erronkak.

Ondoren, ELIKA fundazioko kidea den Monica de Pradok eta AZTIko Begoña Perez Villarrealek hartu dute hitza. Lehenengoak Elikagaien Segurtasunaren alorrean EAEn dagoen ikerketa planak jasotzen duena azaldu du, eta bigarrenak, berriz, enpresa eta teknologia zentroaren arteko lankidetza kasu praktiko bat erakutsi du.

“Igogailuko diskurtsoa”

Jardunaldiko berritasunetako bat “igogailuko diskurtsoa” izeneko topaketen antolaketa izan da. Topaketa horien helburua da minutu gutxitan lankide izan daitekeen bati enpresa edo ideia berritzaile bat aurkeztea, “igogailuan izan ohi diren elkarrizketa” bat izan balitz moduan. Kontua da denbora tarte txiki batean solaskidea konbentzitzen saiatzea, azalpenetan zuzena eta zehatza izanik eta gogotsu hitz eginda.

Era berean, antolatzaileek CDTI erakundearekin bilera pribatuak egiteko aukera ere eskaini dute, proposamen zehatzak berraztertzeko.

HORIZN 2020