Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2016/07/26

Kalean da Euskarazko Hedabideen diru-laguntza deialdia

Lehen aldiz, euskarazko hedabideek hiru urterako diru-laguntza egonkorra izango dute. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, ezagutzera eman duen euskarazko hedabideen deialdi berriaren bidez, hiru urteko (2016-2018) finantzazioa bermatuko die euskarazko hedabideei, 14.625.000 euro jarriz.

Deialdi honen berritasunik handiena hedabideen hiru urteko finantzazioa (2016-2018) bermatzea da. Orain arte, urtean urteko jarduera finantzatzeko diru-laguntza eman da. Euskarazko hedabideek denbora luzean egin duten eskaera betetzen da horrela.

Nafarroako Gobernuak aurten bere eremuko hedabideak diruz lagunduko ditu, azken urteetan ez bezala. Eusko Jaurlaritzak, halere, azken urteotako diru kopurua mantenduko du, doiketarik gabe. Ondorioz,  deialdi honetako eskabide kopurua txikiagoa izango da, eta EAEko euskarazko hedabideen finantzazioa hobetu egingo da nabarmen.

Hedabideak euskararen erabilera sustatzeko duen eraginkortasuna izango da HPSk gehien baloratuko duena bakoitzarentzako diru-laguntza finkatzerakoan. Dirulaguntza hauen helburua euskararen erabilera sustatzea da. Hedabidearen irismen mailak izango du pisurik handiena diru laguntzak ematerakoan (%65), erabilera baita helburua, eta kontsumitzailea (irakurlea, ikusentzulea) baita protagonista, dirulaguntzen erdigunean dagoena.

Internetek duen pisua herritarron bizimoduan jada gaur egun eta etorkizunean gero eta handiagoa izaki, interneteko euskarazko  hedabideek aurreko urteetan baino diru gehiago izango dute eraginkortasunez bere jarduera burutzeko.

Diru-laguntzen deialdiaren zenbatekoari aurten ere eutsi egin dio HPSk. Nafarroako hedabideek 2015ean jasotakoa guztira 290.886 euro izan zen. Kopuru horri eutsi egin dio HPSk. Ondorioz, kopuru hori datozen hiru urteotan EAEko hedabideek jasoko dute.

HPSk, Hekimenek eta Tokikomek luze eztabaidatu ditugu diru-laguntzetarako irizpideak. HPSk kontuan hartu ditu batzuen eta besteen ikuspuntuak, eta Hekimenek eta Tokikomek proposaturiko irizpideetako ugari bere egin ditu.

Berrikuntza nabarmen eta garrantzitsuekin etorri da HPSk urtez urte hutsik egin gabe kaleratzen duen euskarazko hedabideen sustapen eta babeserako deialdia. Deialdi honen berritasunik handiena hedabideen hiru urteko finantzazioa (2016-2018) bermatzea da. Orain arte, urtean urteko jarduera finantzatzeko diru-laguntza eman da. Euskarazko hedabideek denbora luzean egin duten eskaera betetzen da horrela. Izan ere, urtez urte, hutsik egin gabe baita ere, euskarazko hedabideek eskatu izan dute dirulaguntzak urterokoak ez baizik eta egonkorrak izatea. HPSk legealdi honen hasieran hitza eman zuen eskaera hori aztertu eta irtenbideren bat aurkitzeko ahaleginak egingo zituela. Esan eta egin. Hamaika korapilo askatu ondoren, 2016 – 2018 bitarteko dirulaguntzak finkatuko dira aurtengo deialdiaren ebazpenean. Lehen aldiz, beraz, euskarazko hedabideek hiru urterako diru-laguntza egonkorra izango dute. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, ezagutzera eman duen euskarazko hedabideen deialdi berriaren bidez, hiru urteko (2016-2018) finantzazioa bermatuko die euskarazko hedabideei, 14.625.000 euro jarriz.

Hiru urteko dirulaguntza finkatuz, hedabideen eraginkortasuna hobetu daiteke, egonkortasunerako pauso garrantzitsua baita hori. Etorkizunerako aurreikuspen ekonomikoak egin eta ziurtatzeko  aukera ematen zaie horrela hedabideei.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat ere bada. Berrikuntza horrek bi abiapuntu ditu: alde batetik, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, azken urteotan ez bezala, diruz lagunduko ditu bere eremuan jarduera duten euskarazko hedabideak. Bestetik, beste behin ere Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio euskarazko hedabideetara destinaturiko dirulaguntzaren zenbateko osoari. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak, ordea, bakarrik, Euskadiko Autonomia Erkidegoan jarduera duten hedabideak diruz lagunduko ditu. Nafarroako hedabideek 2015ean jasotakoa guztira 290.886 euro izan zen. Kopuru hori datozen hiru urteotan EAEko hedabideek jasoko dute.

Diru laguntzak emateko irizpideei dagokienez, hizkuntza politikaren ikuspegitik, hedabideen eraginkortasuna da faktore giltzarria, ez bakarra, baina bai nagusia. Eraginkortasuna diogunean, HPSk gogoan du, noski, produktua (hedabideen produktua) babestea. Horregatik dira euskarazko hedabideek jasotzen dituzten diru-laguntzak HPSren dirulaguntzetan, euskaltegiekin batera, pisu handiena dutenak. Horregatik dira dirulaguntza horiek eredugarri eta punta-puntakoak Europako herrialdeetan hizkuntza gutxituetako hedabideen sustapenerako garatzen diren dirulaguntza-politiketan. 

Baina, horrekin batera, euskarazko hedabideen eraginkortasuna diogunean, HPSk gogoan eta erdigunean duena produktuaren (hedabidearen) kontsumitzailea da, irakurlea eta ikus-entzulea, alegia. Izan ere, diru-laguntza hauen helburua komunikazioaren munduan eta hedabideen arloan euskararen erabilera sustatzea da. Irakurleak eta ikus-entzuleak erabilgarri eta gogoko dituen euskarazko hedabideak indartzean dago eraginkortasuna.  Horregatik, kontsumitzaileengana gehien iristen diren produktuak sustatu nahi ditu HPSk, euskararen erabileraren mesedean. Hori da HPSri dagokiona: komunikazio-produktu eta hedabide eraginkorrak babestea, eraginkorrak kontsumitzailearen ikuspegitik. Euskal irakurleak, ikus-entzuleak eta internautak bilatzen ditugu, ez besterik. Euskararen erabilera dugu helburu, eta euskarazkoaren kontsumitzaileak dira protagonista. Horiek behar dute HPSren dirulaguntzen erdigunean. Horregatik, komunikazio-produktu baten eraginkortasuna neurtzeko kontsumitzaileenganako lortzen duen irismena hartzen da kontuan.

Hedabideen multzoen arteko banaketa egiterakoan (paperezkoak, irratiak, telebistak, internetekoak,…) diru laguntza kopurua aldatu egin da internet bidezkoari garrantzi berezia emanez. Internetekoan egin da igoera aurreko urteko deialdiarekin alderatzen badugu, kasu honetan, 90.000 euro gehiago aurreikusi dira. Internet, teknologia mugikorrek eta eduki digitalak gordetzeko sistema berriek hedabideen unibertsoa guztiz aldatu dute. Hori dela eta pisu berezia eman nahi zaio internet bidezko hedabideak indartzeari.

Bada beste berrikuntza bat ere: aldizkari espezializatuek, hain zuzen ere beren izaeraren ondorioz hartzaile potentzialen kopurua txikiagoa dutenez, gutxieneko dirulaguntza bat bermatuko zaie, 25.000 eurokoa.

Adibide gisa, paperezko eguneroko eta tokiko hedabideentzako dirulaguntza zehazteko,  ondorengo irizpideak erabiliko dira nagusiki:

1.- Hedabidearen irismena: hedabide bakoitzaren esparru geografikoan dauden kontsumitzaile kopuru potentziala eta benetako kontsumitzaile kopuruaren artean dagoen ratioa baloratuko da: 65 puntu.

2.- Hedabidearen hedadura maila: zabalkunderako zailtasuna konpentsatu nahi da, ez baitu ahalegin bera eskatzen udalerria edo eskualdean edo EAE osoan banatzeak: 10 puntu.

3.- Autofinantzazio maila: pisu berezia eman nahi zaie harpidetza eta publizitatea eskuratzeko ahaleginei. Ondorioz, autofinantzazioari asignaturiko 15 puntuetatik 10  harpidetza eta publizitatearen arabera banatuko dira. 

4.- Maiztasuna: batzuk astekariak dira, besteak egunkariak, beste batzuk hamabostekariak edo hilabetekariak. Maiztasun handiena sarituko da: 5 puntu.

5.- Bikain euskararen kalitate ziurtagiria: gehienez 5 puntu, ziurtagiri mailaren arabera.