Lehendakariak harrera egin die Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza jasotzen ari diren irakasle txiletarrei

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntza sailburuarekin eta LH sailburuordearekin batera, Txileko lizeo teknikoetako irakasle talde bati harrera egin dio. Irakasle talde hau gure artean da hilabete hauetan, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, irakaskuntza prozesuko aldaketa metodologikoaren inguruko prestakuntza jasotzen.

Txileko lizeo teknikoetako 17 irakasle dira –lizeo horietako zenbait unibertsitate ospetsuek administratuak izanik, hala nola, Santiagoko Unibertsitateak edo Txileko Unibertsitate Katolikoak-, guztiak ere hango Hezkuntza Ministerioaren beka jaso dutenak, Técnicos para Chile programaren barnean. Programa hau, Txileko Gobernua bultzatzen ari den Hezkuntza Erreformaren baitan funtsezkotzat jotzen da.

Iazko azaroaren erdi aldetik eta datorren martxoaren 3ra arte Tknikan daude (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzarako Euskadiko Zentroan) “Konpetentzien garapena Erdi mailako Heziketa Tekniko eta Profesionalean” ikastaroa jarraitzen.

Hilabete hauetan irakaskuntzako metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruko prestakuntza ari dira jasotzen, eta bereziki, Lanbide Heziketako gure sisteman nola ari den hedatzen ETHAZI eredua (Errendimendu Handiko Zikloen metodologia). Eredu honetan elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Era berean, metodologia horiek euren ikastetxeetan aplikatzeko proiektua egiteko aholkularitza ere jasotzen ari dira. Izan ere, hemen ikusia eta ikasia praktikara eraman beharko baitute Txilera itzultzean

Txileko ordezkaritzak txundituta ikusi du nola metodologia honek ikaslearen gainean jartzen duen arreta –izan ere, ikaslea bera baita ikasketa prozesuaren protagonista-, eta nolako garrantzia duten zeharkako gaitasunek bertan, hala nola, talde lanak, erantzukizunak edo ekimenerako gaitasunak.

Informazio gehiago