Azpiazuk anbizio handiko europako aurrekontua babesten du, EB-K dituen erronkei aurre egiteko

Argitalpen-data: 

Ogasun eta Ekonomia sailburuak Europako Batzordearen Aurrekontuetako zuzendari nagusiari proposatu dio EBko aurrekontua hogeita zazpi herrialdeen BPGd-aren %2an jartzea (Britainia Handia atera ondoren), subsidiariotasun irizpidea zorrotz ezarrita. Horrela, aurrekontuak ahalmena izango du proiektu estrategikoetan inbertsioak egiteko eta birbanatzeko eragina izan dezaketen politikei eusteko. Sailburuak anbizio handiko aurrekontua babestu du, Europak dituen erronkei erantzuna eman ahal izateko.

Izan ere, hori da bide bakarra Europa Soziala bultzatzeko behar adinako garrantzia duten politikak garatu, eta austeritate-politiken ondorioz gogor zigortutako Europako periferian inbertsioak birbideratu ahal izateko.

Inbertsioak bultzatzeko asmoz, Eskualdeko Egonkortasun Funtsa sortzea babestu da, aberastasuna sortuko duten gizarte eta ingurumeneko politiketan inbertsioak egiteko. Izan ere, horiek eragin biderkatzailea eduki lezakete, eta, beraz, eragin handia izan lezakete krisiak gehien zigortu dituen Europako eskualdeetan hazkundea eta enplegua handitzeko, eta, era berean, aukera emateko eskualde horietan produktibitate handiagoa izateko egin litezkeen egiturazko erreformetara egokitzeko.

Bestalde, Sailburuak adierazi du Euskadik konpromisoa duela Europa soziala sortzen laguntzeko. Horretarako, baliabideak bideratu, eta neurriak ezarri beharko dira, izaera sozialeko mekanismo europarrak bermatzeko, esate baterako, Europako langabezia-asegurua, Europako gutxieneko soldata edo bermatutako gutxieneko errenta, edota gizarteratzeko errenta. Bestetik, argi utzi du ezinbesteko aldian gaudela indarberritze ekonomikoari laguntza emateko.

Horrez gain, Azpiazuk adierazi du ezinbestekoa dela Europako aurrekontua bestelakoa izatea, hain zuzen, estatuen ekarpenetan oinarrituta egon ordez, berezko baliabideetan oinarrituago dagoen sistema batera bideratutako aurrekontua izatea. Ildo horretan, Europako esparruko zerga berrien alde egin du, hala nola, finantza-transakzioen gaineko zergaren eta ingurumeneko zergen alde. Gainera, Azpiazuk azaldu duenez, Europako Banku Zentralaren mozkinak finantziazio horretara bideratu litezke.

Informazio gehiago