Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

PROIEKTUen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea

Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araubide juridikoa xedapen hauetan dago ezarrita: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorra (ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa) eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea.

Ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen proiektuek, publikoek edo pribatuek, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurari, sinplifikatua edo ohikoa, jarraitu beharko diote dagokion legearen arabera.

INTERPRETAZIO-OHARRA, Euskal Autonomia Erdidegoan ingurumen ebaluazioaren aplikazio-eremuari buruzkoa (PDF, 299 KB).

 

Sustatzailea

Edozein pertsona fisiko zein juridiko, publiko zein pribatu, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioren aplikazio-eremuan jasotako proiektuak gauzatzeko asmoa duena, dagokion unean abian jartzeko edo onesteko eskumena duen administrazioa edozein izanda ere.

Organo substantiboa

Herri Administrazioko organoa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari jarraitu behar dioten proiektuak baimentzeko, onartzeko, edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpenaren edo komunikazioaren bidez jarduera kontrolatzeko eskumena duena.

Proiektu bati hainbat alderdik eragiten badiote, eta alderdiok baimena, onarpena edo, hala badagokio, jardueren kontrola behar badute, eta baimen, onarpen edo kontrol horiek herri-administrazioaren organo desberdinek eman behar badituzte, organo substantibotzat hartuko da lanen edo jardueraren gaineko eskumenak dituen organoa, baldin eta lan edo jarduera horiek proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura betearazten badiote. Organo substantiboak lehentasuna izango du jarduera instrumental edo osagarrien gaineko eskumenak dituzten organoen aurrean.

Ingurumen-organoa

Estatuko zein Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko organoa, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko eskumena duena. Autonomia Erkidegoaren kasuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa burutzeko organo eskuduna Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa da, salbu eta proiektua onartzeko eta baimentzeko eskumen substantiboa lurralde historikoetako foru organoek badute edo Estatuko Administrazio Orokorrak.

Eragindako herri-administrazioak

Jarraian aipatzen diren arloetan berariazko eskumena duten herri-administrazioak eta eskumen horiek ingurumenaren aldetik kaltetua izan daitekeenean: biztanleria, gizakien osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, azpilurzorua, ura, airea, zarata, klima-faktoreak, paisaia, ondasun materialak, kultura-ondarea, lurralde-antolamendua eta hirigintza.

Pertsona interesdunak

Ingurumen-ebaluazioaren prozeduran interesduntzat jotzen dira honako hauek:

  • Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusten diren baldintzetako edozein betetzen dutenak.
  • Honako ezaugarri hauek betetzen dituen irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko:
    • Bere estatutuetan, oro har, ingurumena, edo, bereziki, ingurumen-elementuren bat babesteko xedea izatea, eta xede horiek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduraren eraginpean egotea.
    • 2 urtean legez eratua egotea eta estatutuetan ezarritako xedeak lortzeko beharrezko ekintzak modu aktiboan burutzea.
    • Estatutuetan jasotakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duen proiektuaren eraginpeko lurralde-eremuan jardutea.

Publikoa

Edozein pertsona fisiko zein juridiko, bai eta beren elkarte, erakunde eta talde ere, aplikagarri zaien araudiaren arabera eratuta badaude, eta pertsona interesduntzat jotzeko baldintzak betetzen ez badituzte.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedura izapide-egintza bat da, eta proiektu bati aplikaturiko prozedura substantiboaren barne dago (proiektuaren baimen-, onarpen-, edo, hala badagokio, kontrol-prozeduraren barne), betiere ingurumen-araudiak hala eskatzen badu. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa amaitzen duen ingurumen-erabakiak erabaki loteslearen izaera juridikoa du, eta erabaki horrek zehaztuko du, ingurumen ondorioetarako, proiektua gauzatu daitekeen ala ez. Halaber, egitekotan, zer baldintzatan egin daitekeen, zer neurri zuzentzaile beharko diren eta zer konpentsazio-neurri hartuko diren erabakiko du.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako bi prozedura-mota daude: ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua. Ingurumen-organoak bi prozeduretan (ohikoan eta sinplifikatuan) erabaki dezake ingurumen-inpaktuaren prozedurari hasiera emateko eskaera ez-onartzea. Hogei eguneko epean, hasteko eskaera jasotako egunetik zenbatzen hasita, ingurumen-organoak ez-onartzea erabakitzen badu, eta ez-onartzea erabakitzeko ebazpena eman aurretik, sustatzaileak adierazitakoa entzungo du ingurumen-organoak, eta horren berri emango dio organo substantiboari, hamar eguneko epean. Horrenbestez, ez-onartzea adierazteko aurreikusitako epea etenda geratuko da.

1.  Urratsak

  1. Sustatzaileak eskaera egingo dio organo-substantiboari, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehazteko; eskaerari proiektuaren hasierako dokumentua erantsiko zaio. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela ikusita eta ados dagoela adierazita, ingurumen-organoari bidaliko dio ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko izapideari hasiera eman diezaion (urrats hau hautazkoa da).
  2. Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehaztuko du. Horretarako, kontsulta egingo die eragindako herri-administrazioei, eta, hala badagokio, pertsona interesdunei (ingurumen-organoak ez du urrats hau beteko baldin eta sustatzaileak organo substantiboaren bitartez ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehaztea eskatu ez badu).
  3. Proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterlana egingo du..
  4. Organo substantiboak bi izapide hauek egingo ditu: jendaurreko informazioa eta eragindako herri-administrazio eta pertsona interesdunei kontsulta. Bi izapide horiek aldi berean egin daitezke.
    • Jendaurreko informazioaren izapidea honetan datza: ingurumen-inpaktuaren azterlana eta proiektua 30 egunez, gutxienez, publikoaren aurrean ikusgai jartzea; izapide hori proiektuaren baimentze- edo gauzatze-prozeduraren barne dago.
    • Eragindako herri-administrazio eta pertsona interesdunei kontsulta-izapidea honako honetan datza: kontsulta egingo zaie pertsona interesdunei (Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.1.g artikulua) eta proiektuaren eraginpean dauden eta hainbat gaitan eskumenak dituzten administrazio publikoei, hala nola gizakien osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, ura, airea, zarata, paisaia, kultura-ondarea eta ingurumen-kalitatearen beste alderdi batzuk. Izapide honek 30 eguneko epea izango du, gutxienez. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlana eta espedientean jasotako garrantzizko informazioa bidaliko dira. Ingurumen organoak irismen-dokumentua aldez aurretik egin badu, horretan jasoko da pertsona interesdunen eta eragindako administrazio publikoen zerrenda.
  5. Organo substantiboak sustatzaileari bidaltzea jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak.
  6. Organo substantiboak ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatuko dio ingurumen-organoari. Organo substantiboak eskaera luzatzeko, lehenik eta behin, sustatzaileak erantzunak aurkeztuko dizkio organo substantiboari, bai alegazioei buruzko erantzunak, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean eta eragindako herri-administrazio eta pertsona interesdunei kontsulta-izapidean jasotako txostenei buruzko erantzunak ere, eta hala badagokio, proiektu-teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren bertsio berria. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela ikusita eta sustatzailearen eskaerarekin ados dagoela adierazita, eskaera egingo du.
  7. Ingurumen-organoak espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. Adierazpena argitaratu egingo da eta amaiera emango dio prozedurari. Hala ere, ingurumen-organoari iruditzen bazaio azterketa teknikoa egin ondoren aurkeztutako informazioa ez dela nahikoa, arduradunari (organo substantiboari edo sustatzaileari, organo substantiboaren bitartez) informazio hutsunea zuzentzeko eskatuko dio. Dena dela, eskatutako informazioa ezarritako epean bidaltzen ez bada, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa amaitutzat emango du. Amaitzeko epea hiru hilabetez luzatu ahalko da, justifikazioa behar bezala arrazoitzen bada. 

2. Epeak

  • Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehazteko. Epea hiru hilabetekoa izango da gehienez, ingurumen-organoak eskaera eta hasierako dokumentuak jasotzen dituenetik hasita. Epe hori eten daiteke, baldin eta ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehazteko irizpen-elementu nahikoak ez baditu.
  • Espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. Epea hilabetekoa izango da, espediente osoa jasotzen den unetik hasita. Epe hori eten daiteke, baldin eta ingurumen-organoak dokumentazio gehigarria behar badu (ingurumen-organoak ez ditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko behar adina irizpen-elementu). Gainera, epea luzatu daiteke, baldin eta behar bezala arrazoituta justifikatuz gero.

 

1. Urratsak

  1. Sustatzaileak organo-substantiboari eskaera egingo dio proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa sinplifikatua hasteko; eskaerari proiektuaren ingurumen-dokumentua erantsiko zaio. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela ikusita eta ados dagoela adierazita, ingurumen-organoari bidaliko dio ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa sinplifikatuari hasiera emateko.
  2. Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egingo du. Horretarako, kontsulta egingo die eragindako herri-administrazioei eta pertsona interesdunei.

Erabakia argitaratu egingo da, eta kontuan hartuko ditu kontsultetako erantzunak.

Proiektuak ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duela erabakitzen denean, ingurumen-organoak sustatzaileari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren azterlanaren edukia zehazten duen txostena eta egindako kontsulten erantzunak, ingurumen-inpaktuaren azterlana idazteko.

2. Epeak

Epea hiru hilabetekoa izango da, ingurumen-organoak eskaera eta jarraibide honetako 1.a) letran ezarritako dokumentazioa jasotzen dituenetik hasita.  

Kontuan hartu behar da zuzenbidean erabat deusezak izango direla ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurari jarraitu gabe emandako baimen, lizentzia eta gainerako ebazpenak, prozedurari jarraitzea beharrezkoa denean.

Gainera, ezingo zaie eman finantzaketa publikoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duten proiektuei, baldin eta prozedura bete gabe gauzatzen badira, edo/eta prozedurako zehaztapenak urratzen badituzte.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bi eratan amaitu daiteke: ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin eta ingurumen-inpaktuaren txostenarekin.

  • Ingurumen-inpaktuaren adierazpena

Ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetu ondoren egingo da, edo ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetu ondoren, baldin eta proiektuak ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-izapidea bete behar duela zehazten bada, proiektuak ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeelako eta ingurumen-inpaktuaren prozedura sinplifikatuan zehar ezin izan direlako eragin horiek behar bezala aztertu.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena ingurumen-organoaren ebazpen bidez egingo da eta loteslea izango da, proiektua gauzatzeko hartu beharreko neurriei eta ezarri beharreko baldintzei dagokienez. Adierazpena aurkakoa balitz, ezin izango litzateke proiektua gauzatu. Legez ezarritako epeetan ebazpena ez egitea ez da inolaz ere joko aldeko ingurumen-ebaluazioa egin izanaren baliokidetzat.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak eta proiektuak egiteko —edo, beharrezkoa bada, baimentzeko— hartuko den administrazio-ebazpenaren gainerako edukiek balio eta eraginkortasun berbera izango dute, ondorio guztietarako, eta, batez ere, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako zaintzarako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzen ote den jakiteko egin beharreko jarraipen-lanetarako.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak epea izango du proiektua egiteko; epe horretan egiten ez bada, adierazpena baliogabetu egingo da.

 

  • Ingurumen-inpaktuaren txostena

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetu ondoren egingo da, ingurumen-organoaren ebazpen bidez, eta nahitaezko ondorio erabakigarria du, proiektua gauzatzeko hartu beharreko neurriei eta ezarri beharreko baldintzei dagokienez. Legez ezarritako epeetan ebazpena ez egitea ez da inolaz ere joko aldeko ingurumen-ebaluazioa egin izanaren baliokidetzat.

Ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Estatuko Aldizkari Ofizialean, edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu ondoren, gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren izapidea.

Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “Administrazio publikoek, beren artean eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako nahiz haien mendeko entitateekin harremanetan jartzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte (…)”

 

Horren ondorioz, derrigorrezkoa da Ingurumen-inpaktuaren Adierazpenaren eskaera elektronikoki egitea. Hona hemen IKS eem sistema elektronikorako esteka:

 

Era berean, derrigorrezkoa da IKS eem sistema elektronikoaren bidez honako eskaera hauek izapidetzea:

Aipatutako hiru eskaerak izapidetzeko dagokion IIAren datuak gehitu behar dira. Datu horiek emandako IIAren ADTU-FITXAn betebehar dira.

 

 

Gainontzeko eskaerak , bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko dira, beharrezko baliabideak guztiz ezartzen direnean. Trantsizio-epe horretan zehar, eskaerak ohiko eran bidaliko dira eta honako inprimaki hauek erabiliko dira:

Eskabideari erantsi zaion dokumentazioa bakarrik formatu digitalean aurkeztuko da.

DOKUMENTUAK AURKEZTEKO GIDA (PDF, 645 KB)

Azken aldaketako data: