Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua

Kutsatzeko ahalmen handia izan dezaketen instalazioei aplikatzen zaizkien neurriek osatzen dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua. Mekanismo hori kutsadura iturritik bertatik prebenitzean datza eta bere helburua da jarduerek baliabideak modu egokian kudeatzea eta ahalik eta hondakin eta emisio gutxien sortzea, bai atmosferan, bai uretan, bai lurzoruetan.

IPPC zuzentaraua indarrean egon arte, Europako eta Espainako ingurumen-legediak inguruneak (ura, lurzoruak, atmosfera) banaka babesten zituen eta bakoitzari zegozkion emisioen muga-balioak ezartzen zituen. Arau berriak direla eta, kutsadura prebenitzen, murrizten, eta ahal den neurrian, desagertarazten saiatzen da, kutsadura eragiten duten prozesuak batera aztertuz eta neurriak fokoetan bertan hartuz.

Halaber, IPPC zuzentaraua indarrean egon baino lehen, instalazioak martxan jartzeko hainbat ingurumen-baimen izapidetu behar izaten ziren (hondakinak sortu eta kudeatzeko baimena, emisioak aireratzeko baimena, isurketen baimena, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioa, eta abar.). Baimen horietako batzuk administrazio bereko zenbait organok ematen zituen eta beste kasu batzuetan, aldiz, baimenak administrazio ezberdinek ematen zituzten.

Baimen bateratuak aipatutako baimen guztiak prozedura batean biltzen ditu eta ingurumen-baimen bateratu hori ematen parte hartzen duten administrazio guztiak koordinatzeko mekanismoa ezartzen du. Horrela, enpresak baimena lortzeko egin behar dituzten izapideak errazten dira eta industria-jarduerek duten eragina hobeto kontrolatzen du administrazioak.

Baimena ematean jarduerei emisioen muga-balioak ezarriko zaizkie, jarduera bakoitzari dagozkion Teknika Erabilgarri Onenak kontuan hartuta. Emisioen muga-balioak eta TEO erlazionatuta egoteak ez du esan nahi teknika jakin bat nahi eta ez erabili behar dela, baizik eta teknika horien bidez lor daitezkeen emisio-mailara edo ingurumen-kalitatearen estandarretara iritsi behar dela. Beraz, muga-balio horiek denbora pasa eta teknikak hobetu ahala aldatu eta murriztuko dira.   

Emisioen muga-balioak finkatzeko TEOak ez ezik hainbat faktore ere kontuan hartuko dira, hala nola:

  • Instalazioaren ezaugarri teknikoak
  • Kokapen geografikoa.
  • Bertako ingurumen-baldintzak

IPPC zuzentarauak zein legeak honako definizioa eman dute teknika erabilgarri onenak zer diren zehazteko:

“Jarduerak eta horiek ustiatzeko moduak garatzean faserik eraginkorrena eta aurreratuena. Fase horrek emisioen muga-balioak finkatzeko hainbat teknikak duten ahalmen praktikoa erakusten du. Izan ere, muga-balioek emisioak eta horiek ingurumenean orokorrean izan dezaketen eragina saihesteko edo, hori posible ez bada, murrizteko balio dute”.

Halaber, “teknika erabilgarri onenak” terminoa zehazteko aipatutako arauek beste definizio hauek finkatu dituzte:

  • «teknikak»: Erabiltzen den teknologia eta, horretaz gain, instalazioa nola diseinatu, eraiki, mantendu, ustiatu eta geldiarazi den.
  • «erabilgarriak»: Sektore industrial jakin batean erabili ahal izateko eskalan garatutako teknikak. Halaber, kostuak eta irabaziak kontuan hartuta, bai estatu kidean bertan bai beste leku batean erabili edo sortutako teknikak aplikatzeko baldintza ekonomiko eta teknikoak bideragarriak izan behar dira, baldin eta titularrak eskuratzerik badauka gehiegizko kosturik gabe.
  • «onenak»: Ingurumena oro har ahalik eta ondoen babesteko teknika eranginkorrenak. Teknika erabilgarri onenak finkatzean III. eranskineko irizpideak kontuan hartu beharko dira.

Beraz, teknika erabilgarri onenak erabiltzeak jarduerek ingurumenaren gainean ahalik eta kalterik gutxien izatea dakar, teknika horiek erabiliko dituzten enpresei gehiegizko kostua ekarri gabe.  

 

Europako Batzordeak European Integrated Pollution Prevention and Control Bureau (EIPPCB) izeneko erakundea eratu du informazioaren trukea sustatzeko eta teknika erabilgarri onenei buruzko erreferentzia-dokumentuak edo BREFak (BAT References Documents) egiteko lanak koordina ditzan.

BREF dokumentuak lotesleak ez badira ere, bai enpresek bai ingurumen-autoritateek, emisioen muga-balioak finkatu behar dituztenean, erreferentziatzat hartuko dituzte.

Teknika erabilgarri onenei buruzko Europako Erreferentziako Dokumentuetatik (BREF) beste dokumentu bar sortzen da, Teknika Erabilgarri Onenei (TEO) buruzko Ondorioen Dokumentua izenekoa, hain zuzen. Dokumentu horretan teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, haien deskribapena, haien aplikagarritasuna ebaluatzeko informazioa, teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak, lotutako neurketak, lotutako kontsumo-mailak eta, beharrezkoa denean, kokalekua birgaitzeko neurriak.

Dokumentu hauek Batzorearen Betearazte-erabakietan onartzen dira eta beraz, instalazioek nahitaez bete behar dituzte indarrean jartzen direnetik lau urteko epean. [Ikusi Araudia atala]

 

Azken aldaketako data: