Transexualitatearen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguneko adierazpena

  

LGTBI kolektiboari arreta eta aholkurako Berdindu! zerbitzu publikotik gogorarazi nahi dugu, azken urteotan transexualitatearen inguruko ikusgaitasuna areagotu den arren, gizon eta emakume transexualak gizakia sortu zenetik daudela. Ala ere, errealitate hau patologiatzat hartu izan zen unera joan nahi badugu, nahikoa dugu 1952. urtera joatearekin. American Psychiatric Association-ak (APA) bere “Buru asalduren diagnosi eta estatistika liburua”, DSM bere ingelesezko siglengatik ezagunagoa, lehenengoz azaleratu zuen urtea baita. Honen ondoren izan zen Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gauza bera eginez bere “Nazioarteko Gaixotasunen Sailkapenaren” seigarren edizioan (GNS 6) barneratu zuenekoa.

Gaur egun, nahiz eta bi eskuliburuetan izan den bai tokiz, baita izenez ere aldatua, orain “genero-disforia” deritzote, “buru-asalduren” zerrendak baino besterik ez diren liburuetan agertzen jarraitzen du. Osasun arloko agintariek bertan mantentzen duten heinean, transexualitatea buru asalduratzat hartzen jarraitzen delarik, hau ala ez dela sobera frogaturik egon arren.

Berdindu! zerbitzutik deritzogu transexualitatea patologizatzea  egoera horretan dauden gizonen eta emakumeen bizitzan eskusartze larria eta bidegabea dela, psikologo baten edo psikiatra baten erabakiaren mendean dagoelako hain pertsonala eta besterenezina den sexu-identitatea aitortzea. Hori, dudarik gabe, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hamabigarren artikuluaren kontrako atentatu bat da, artikulu horrek zehatz-mehatz hurrengoa diolako: “Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea”.

Transexualitatea patologiatzat izateak, era berean, eraso egiten dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren lehenengo artikuluan aipatzen den berdintasunaren eta askatasunaren printzipioari, transexualitate egoeran dagoen emakume baten edo gizon baten sexu-identitatea aitortua izateko beste inori eskatzen ez zaizkion baldintzak eskatzen zaizkiolako.

Horregatik, transexualitatea patologizatzeak aurretik aipatutako Aldarrikapen horren bigarren artikuluari erasotzen dio, non gizaki orori adierazitako eskubide eta askatasunak dagozkiola, eta sexuagatik,  kulturagatik edota ideologiagatik ez dela inor bereziko  esaten duen.

Hori guztia kontuan harturik, gaur, urriak 21,  Transexualitatearen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Egunean, Berdindu! zerbitzutik Osasun arloan eskumena duten erakundeei  eskatu nahi diegu gizakiaren sexu-aniztasun handiaren eta ezinbestekoaren adibidea den errealitate hori despatologizatzeko.

Azken aldaketako data: