Azken eguneratzea: 2012/05/30

Konstituziotasun-errekurtsoak, Gobernu zentralak Hezkuntzako eta Osasuneko larrialdi-neurriei buruz hartu duen dekretuen aurka

Hezkuntza-arloko eta osasun-arloko larrialdi-neurriei buruzko dekretuak direla-eta (gobernu zentralak onartu zituen, joan den apirilaren 20an), Gobernu Kontseiluak Justizia eta Herri Administrazio Saileko Auzibide Zuzendaritzari konstituziotasun-errekurtso bana jartzeko baimena eman dio.

Hezkuntzako gastu publikoa arrazoi-legez antolatzeko 14/2012 Errege Dekretua dela-eta, Eusko Jaurlaritzak uste du larrialdi-arau horrek ez dituela kontuan hartzen autonomia-erkidegoek hezkuntza-arloan dituzten eskumenak, ezikusia egiten diela, eta hori arriskutsua dela.

Hain zuzen ere, 3. eta 4. artikuluak errekurrituko ditugu. Hirugarrenean, irakasleek gutxienez zenbat eskola-ordu eman behar dituzten zehaztu dute, eta, laugarrenaren arabera, hamargarren eskola-egunetik aurrera izendatu daiteke beste bitarteko edo ordezko bat, baina, Estatutuko 16. artikuluaren arabera, hezkuntza-arloan autonomia-erkidegoak eskumen esklusiboa du, eta uste dugu artikulu horrek gure hezkuntza-zerbitzuaren antolaketa- eta kudeaketa-ahalmena ukitzen duela, legez kontra, eta, hortaz, eskumen hori urratu egiten duela.

6. artikuluko puntu batzuk ere errekurrituko ditugu: lehena, bigarrena, laugarrena eta bosgarrena, hain zuzen ere bosgarreneko 1. eta 4. paragrafoak, unibertsitateko irakaskuntzari buruzkoak, uste dugulako Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak Hezkuntza Sailaren esku uzten dituen eskumenak ukitzen dituela eta Kontzertu Ekonomikoaren Legea urratzen duela, unibertsitate-esparruko aurrekontu-egonkortasunari buruzko hainbat gauza arautzen duelako, foru-araubideak kontuan hartu gabe.

12/2012 Errege Lege Dekretuak, berriz, Estatuko Osasun Sistemaren funtsezko hainbat alderdi aldatzen du. Jaurlaritzak lau artikulu errekurritu ditu (1. bi; 2. hiru; lau; lau. hamahiru; eta 10. lau).

Lehenengo artikuluan jartzen du soilik GSINren ardura izango dela aseguratua aitortzea eta kontrolatzea. Horrek kudeaketa-sistema zentralizatu bat ezartzea dakar, eta autonomia-erkidegoek ezingo dute osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko inolako erabakirik hartu.

Jaurlaritzak uste du, gainera, arau berria beste gauza batzuetan ere eskumen autonomikoetan sartzen dela:

- Estatuaren esku uzten du, eta antza denez estatuarenean soilik, erabakitzea ea erabiltzaileak zein osasun-prestazio publikotan daukan zer edo zer ordaindu beharra.

- Erabiltzaileak jarri beharreko ordain hori taxutzeko kudeaketa-prozedura oso-osorik arautzen du (noiz ordaindu behar duen, eta, behar baino gehiago jartzen badu, autonomia-erkidegoek zein epe duten itzultzeko).

- Bigarren mailako erregelamendu bat ere badakar, garapen-kontuak arautzeko, inolako muga eta neurri gabe.

Azkenik, epe bat zabaltzen du (2013ko abenduaren 31), funtzionarioak estatutu-araubidera biltzeko; eta hasierako funtzionario-izaerari eusten diotenak osasun-arloz kanpoko erakundeetara atxiki behar direla dio; baina Jaurlaritzak uste du estatuak ez duela hori egiteko eskumenik, eta, hortaz, eskumen autonomikoa urratzen duela.