Enkarterrietan barrena: Bidegurutzeetan

Balmaseda

Zubi zaharra

Balmaseda Enkarterrietako hiriburua da eta Lope Sanchez de Menak, Bortedoko jaunak, eraiki zuen 1199an. Dokumentatutako hiri-eraikuntza zaharrena da Bizkaian. Pasabidea izan da beti. Erromatarren garaian, galtzada batek meseta eta Kantauriko portuak elkartzen zituen, beraz, eraiki aurretik ere merkataritza-jarduera handia jasotzen zuen. Merkataritza-mugimenduak hiriaren hazkuntza eta garapena ekarri zuen berekin. Horren eraginez, asentamendu judua sortu zen hiribilduaren errebalean. Gainera, kostaldea eta Santiagorako bide luzea elkartzen zuen Donejakueren pelegrinazioaren bidean Bizkaiko oso gune garrantzitsua bilakatu zen.

Balmaseda pasabideko hiribildua izan zen, hesiduna, gaztelutik ikusten zen espazio zabala mugatzen zuena. Behealdean besterik ez zegoen urbanizatuta, ibai-bazterraren ondoan. Gaur egun Erdi Aroko trazadura gordetzen da, hiru kantoik gurutzatutako lau kalez osatutakoa.

Eraikuntza-tipologia nagusia XIX. mendekoa da: behe-oin eta hiru goi-oineko elkarri atxikitako etxeak, horietako batzuk arkitektura-eredu kultu neoklasikoak eta eklektikoak dituztela. Balmasedaren bereizgarri den Zubi Zaharra izenekoan, hiribilduko antzinako portaletako bat gordetzen da. Erdi Aroko zubi horrek hiru arku eta dorrea ditu eta, San Seberinoren elizarekin batera, hirigune historikoaren elementu historiko-artistiko zaharrena eta nabariena osatzen du.

San Seberino eliza, ziur aski, hormari atxikitako beste zaharrago baten gainean eraikia da eta Plaza Nagusian dago kokatuta. Eraikuntza gotiko-barroko misto bikaina da, XIV. mendekoa. Gainera, Balmasedak eraikuntza bereziak ditu, hala nola, Urrutia jauregi klasizista eta VIII. mendeko udaletxea, jendeak "Balmasedako meskita" deitutakoa.

Galeria fotografikoa: