Josu Erkorekak Euskadiko lehen Toki Erakundeen Legea aurkeztuko du Eudelen batzar orokorrean, indarrean jarriko den egunean bertan

2016.eko apirilak 15

  • Gaurtik aurrerakoan, Euskadik udal-autonomiako eredu berri, propio eta bereizia du, euskal toki-erakundeen singulartasuna, oraingoan bai, aitortzen duena.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Gasteizko Europa Jauregian gaur goizean egin den EUDELen batzar orokorraren itxieran hartu du parte. EUDELen presidente Imanol Landa alboan, Josu Erkorekak Euskadiko Toki Erakundeen Legearen aurkezpen publikoa egin du, hain justu, gaur, indarrean jarri den egunean bertan.

Josu Erkorekak araudiaren garrantzia nabarmendu du, 35 urte geroago, Euskadiko barne-sistema instituzional singularra osotu delako. Lehen-mailako araua da, funtsezkoa euskal erakunde-arkitekturan, Gernikako Estatutuarekin, Kontzertu Ekonomikoarekin eta Lurralde Historikoen Legearekin batera.

Gainera, sailburu eta bozeramaileak legea onartu ahal izatea eragin duen akordioaren zabala azpimarratu du, EAJk eta EH BILDUk euskal herritarren gehiengo zabala ordezten dutelako. 2015eko foru- eta udal-hauteskundeetako emaitzen arabera, akordio horrek euskal udalerrien % 78,49 ordezten ditu; Euskadiko biztanleriaren % 87,91.

AUTONOMIA ETA FINANTZAKETA

Euskadiko Toki Erakundeen Legea toki-erakundeen esparruko lege integrala da. Euskadin lehenengoz, udal-autonomiaren alderdi garrantzitsuenetarik biri irtenbidea ematen die; alegia, eskumenei eta finantzaketari.

  • Legeak udal-autonomiaren eredu berri, propio eta bereizia dakar; euskal toki-erakundeek Estatuan beste inork baino autonomia gehiago izango dute. Gaurtik aurrera, euskal udalerriek egiatan izango dute boterea toki-mailan. Udal-autonomia, formaren aldetik ez ezik, materialki ere bermatuta dago: euskal toki-erakundeek beren eskumeneko auziak ordenatzeko eta kudeatzeko egiazko gaitasuna izango dute, horien gaineko erantzukizun osoaz gain.  Hala, legeak udalen eskumenaren pean geratuko diren 37 esparru (*) zehazten ditu, tartean, sekula lehenago udal-eskumen gisa aitortu gabekoak.

 Euskadiko Toki Erakundeen Legearen beste lorpen handietako bat da Tokiko Gobernuen Batzordea sortzea; eskumen-sistema defendatzeko alerta goiztiarreko mekanismo hori aitzindaria da Estatuan. Udal-hautetsiz osatutako batzorde horrek zaintza-sistema bat jarriko du indarrean, balizko udal-autonomiaren urraketak eta inbasioak hautemateko. 

  • Era berean, legeak eskumen horien finantzaketa egoki eta zuzena aitortzen eta bermatzen du. Udalek hitza eta botoa izango dute toki-mailan eragina duten erabakigune finantzarioetan: Finantza Publikoen Euskal Kontseilua eta Zerga Koordinaziorako Organoa.

 UDALERRIAREN IKUSGARRITASUNA

Gaurtik aurrera, euskal udalerrien nortasun propioa izango dute, eta harreman zuzena gainerako botere publikoekin. Erakunde-ikusgarritasuna, batez ere, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua egituratzean jarriko da agerian. Kontseilu hori hiru erakunde-mailen arteko bilgunea izango da, aurrerantzean diseinatuko ditugun politika, plan eta programetan batera jarduteko.

(*) 17.1. artikulua: Udalerrien eskumen propioen zerrenda

1) Babes zibila, emergentziak, eta suteen prebentzioa eta itzaltzea antolatzea eta kudeatzea. 

2) Espazio publikoetan bizikidetza-harremanak antolatzea eta kudeatzea. 

3) Titulartasun publikoko zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilera antolatzea eta kudeatzea. 

4) Udaltzaingoa, trafikoa, bide-segurtasuna eta ibilgailuen aparkalekuak antolatzea eta kudeatzea, eta herritarren segurtasunean laguntzea.

5) Espazio publikoetan eta konkurrentzia publikoko leku eta establezimenduetan antolatutako ekintzetako segurtasuna antolatzea eta kudeatzea.

6) Konpainiako animalien eta arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloa antolatzea eta kudeatzea.

7) Etxebizitzen plangintza, programazioa eta kudeaketa.

8) Ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria modu osagarrian antolatzea, sustatzea, kudeatzea eta defendatzea, hiriguneetan kutsadura akustikoa, argiaren kutsadura eta airearen kutsaduraren aurkako babesa barne hartuta.

9) Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina.

10) Osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestea.

11) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen defentsa eta babesa antolatzea eta kudeatzea.

12) Hilerrien eta hileta-zerbitzuen antolamendua, plangintza eta kudeaketa, baita osasun arloko kontrola ere.

13) Gizarte-zerbitzuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea.

14) Diru-sarreren bermea eta gizarteratzea antolatzea, programatzea eta kudeatzea.

15) Zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea hiri-erabilerako uraren ziklo integralean. Honako hauek daude barne hartuta: uraren goi-hornidura; uraren behe-hornidura; saneamendua edo biztanle-guneetako hondakin-uren eta euri-uren bilketa, eta hiriko hondakin-uren arazketa.

16) Argiteria publikoa, bide-garbiketa, biztanle-guneetako sarbideak, kale-zoladura eta parkeak eta lorategiak antolatzea eta kudeatzea, eta zerbitzu horiek ematea.

17) Udal-hondakinak edo hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak antolatzea, kudeatzea, ematea eta kontrolatzea, eta hondakin gutxiago sortzeko plangintza, programazioa eta diziplina ezartzea.

18) Bidaiarien hiri barruko garraio publikoa –garraiobidea edozein dela– antolatzea, planifikatzea, programatzea, kudeatzea eta sustatzea, eta horien inguruko diziplina ezartzea, betiere garraioa udalerriaren barruan egiten bada osorik.

19) Kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea.

20) Kultura eta kultura-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea.

21) Udal-ondare historikoa babestea eta kontserbatzea, eta babes-plan bereziak eta katalogoak egitea eta onartzea.

22) Tokiko turismoa sustatzea eta kudeatzea.

23) Irakaskuntzaren programazioa egiten eta derrigorrezko eskolatze-aldia betetzeko zaintzan parte hartzea, bai eta haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxe publikoen eraikinak kontserbatzea, mantentzea eta zaintzea ere. Era berean, hezkuntza-administrazioari laguntzea, ikastetxe publiko berriak egiteko behar dituen orubeak aurkitzen.

24) Zerbitzu-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

25) Tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo -politikak.

26) Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea, lege honen 7. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

27) Genero-berdintasunaren eta ekitatea sustatzearen arloko politikak antolatzea eta kudeatzea.

28) Udal-ondarea kudeatzea eta ondare horren erabilera, zertarakoa, kontserbazioa eta mantentze-lana arautzea, betiere foru-araudiarekin bat.

29) Hondartza, laku eta mendietan egiten diren jarduerak eta erabilerak antolatzea, kudeatzea eta zaintzea, arlo horretan lurralde historikoek dituzten eskumenak eragotzi gabe. Hondartzetarako sarbideak antolatzea eta haien garbiketa-zerbitzua ematea.

30) Herritarren partaidetza, gardentasuna, gobernu ona bultzatzeko eta teknologia berriak eskueran izateko azpiegiturak antolatzea eta kudeatzea. Administrazio elektronikoa, prozesuen arrazionalizazioa eta sinplifikazioa. Batez ere, herritarrek informazioaren teknologiak eta komunikazioak modu efiziente eta jasangarrian erabil ditzaten bultzatuko dute, beren udal-mugartean.

31) Udalerriarenak diren herri barruko bide publikoak eta baserri-bideak antolatzea eta kudeatzea (kontserbatzea eta mantentzea barne).

32) Udalerriko bideetan, pertsona, ibilgailu –motordun zein bestelako– eta animalien mugikortasuna eta irisgarritasuna nahiz pertsona eta salgaien garraioa antolatzea, kudeatzea, sustatzea eta diziplina-modua zehaztea; horretarako, beharrezko iritzitako baliabide materialak, teknikoak eta giza baliabideak jarri ahal izango dituzte.

33) Establezimendu publikoak eta jolas-jarduerak antolatzea eta kudeatzea.

34) Barne-merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Zehatzago esanda, merkatu, hornidura-merkatu, azoka, lonja, hiltegi eta kalez kaleko merkataritza antolatzea eta kudeatzea. Hor sartzen dira, era berean, txikizkako merkataritza eta merkataritzako ekipamendu handiak planifikatzea eta antolatzea, hirigintza-antolamenduko irizpideei eta lurzoruaren arrazoizko erabilerari erantzunez, bai eta ibilgailuak eta bestelako salgaiak espazio publikoetan salerostearen erregulatzea, ikuskatzea eta arlo horretako zehapen-ahalmena.

35) Immigrazio alorrean gizarteratze-politikak kudeatzea, atzerritartasunaren inguruko legeriarekin bat etorrita eta erakunde autonomikoekin lankidetzan.

36) Gazteria-politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.

37) Garapenerako lankidetza alorreko politikak planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea.