Gipuzkoa Talent Forum topaketak 36 enpresa eta Gipuzkoan lan egin nahi duten 318 profesional elkartu ditu

Argitalpen-data: 

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoa Talent Forum ekitaldiaren hirugarren edizioa ireki du eta adierazi du ezinbestekoa dela talentua behar bezala kudeatzea: «bizi garen mundu aldakor honetan erronka handiak ditugu aurrean, eta, zalantzarik gabe, talentuarena, erabakigarria eta presakoa da». Era berean, bertan izan dira Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuko foru diputatua, eta baita 2017ko Gipuzkoa Talent Forum topaketan parte hartu zuten bi lagun ere, Idoia Iceta eta Irati Aroa, iazko esperientziaren berri eman dutenak, batek enpresaren ikuspegitik eta besteak lan bila zebilen -eta lortu duen- profesionalaren ikuspegitik.

Nazioartean esperientzia zabala duten prestakuntza maila altuko 318 profesionalek bertatik bertara ezagutu dute Gipuzkoako 36 enpresak egiten duten lana eta eman dituzen 162 lan eskaintza. Gipuzkoa Talent Forumen helburua da aurrez aurre jartzea, batetik, Gipuzkoako enpresetan lan egin nahi duten profesionalak eta, bestetik, enpresen eskaintzak eta eskaerak.  «Gipuzkoa Talent Forum topagune bat da, harremanetarako toki bat, enpresak, erakundeak eta talentua partekatzeko eta ezagutzeko» azaldu du Markel Olanok. «Gure lurraldeko ahalmen guztia garatu eta aprobetxatu nahi dugu. Talentua lurralde eta gizarte gisa kudeatzeak berebiziko garrantzia du, funtsezkoa delako gure ehun ekonomikoaren lehiakortasunerako eta pertsona guztien ongizaterako, batez ere gazteenentzako».

Topaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Talent delako lurralde mailako estrategian kokatzen da, zeinaren helburua baita lurraldeko enpresetara talentua erakartzea, sortzea eta eustea.  Hau da, lurraldean giza kapitala sustatzea eta bultzatzea, eta etorkizuneko erronkei erantzuteko talentu bila dabiltzan enpresekin harremanetan jartzea. Horretarako, Gipuzkoa Talent bulegoa ireki da, atzerritik gure lurraldeko enpresetan lan egitera datozen profesionalei harrera egiteko. Era berean, hainbat ekimen jarri dira abian, besteak beste, Gipuzkoa Talent Forum ekitaldia, nazioarteko topaketak, Talentia programa, Fellows programa, eta hainbat diru laguntza ematen dira Gipuzkoara talentua erakartzeko, hemen talentua sortzeko eta talentuari eusteko.

 

36 enpresa hauek hartu dute parte aurtengo ekitaldian:  ABC Compressors, AF-Incepal, Ampo, CAF, CAF Power & Automation, CTI Spyro, Danobat S. Coop., Datik, Egile Corporación, Etxe-Tar, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fidenet, Grupo I68 (Zuchetti), Grupo Indaux, Grupo Sarralle, Grupo Ulma, Ibermatica, IK4-Ikerlan, Ikusi, Hispavista, Ibarmia, Indar, Irisbond, Kirolbet, Laulagun, NEM Solutions, Orona, Proyectos Onddi, Plastigaur, Salto Systems, Siemens, Tecnalia, Uvesco eta Vicomtech.

 

www.gipuzkoatalent.eus

 

 

Informazio gehiago