`empleo-info.eu´ mugaz gaindiko web atariak lan merkatu berriak aztertzeko aukera ematen digu Euskadin, Nafarroan eta Akitania Berrian

Argitalpen-data: 

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak –Europako ENPLEGUA  proiektuaren barruan- hiru lurraldeetako langile (soldatapekoak edo autonomoak) eta langabeentzat informazio baliagarria partekatzeko web-atari berria jarri du martxan, aurrerapausoa emanez mugaz gaindiko benetako enplegu-arroa sortzeko nahian.

Hiru hizkuntzako www.empleo-info.eu atariak informazio ugaria ematen digu gai ezberdinen inguruan: ostatua, bizitokirako baldintzak, kontrataziorako baldintzak, negozio-irekierak edo bankuko kontuak, garraioa, hizkuntzetan prestakuntza, bekak, mugikortasun-baliabideak ikasleentzat, unibertsitate-tituluen baliozkotzea, etab.

Informazioa HIRU ATALETAN banatzen da, erabiltzaile bakoitzaren ezaugarrien (enplegu-eskatzailea, mugaz gaindiko langilea edo norbere kontura lan egiten duen langilea) eta bakoitzari dagokion eskualdearen arabera:

  • Enplegu-eskatzailea: lurralde bakoitzeko enplegu-kualifikazioaren informazioa ematen digu, eta erabiltzaile bakoitzari dagokion eskualdeko enplegu-zerbitzu publikoetara bideratzen dio. Toki bakoitzeko entitate eta erakunde interesgarrietara loturak atxikitzen ditu.
  • Mugaz gaindiko langilea: lurralde bakoitzeko lan- eta gizarte-eskubideei eta zerga-betebeharrei buruz informazioa ematen du. Interesezko loturak ditu eta dokumentuak jaisteko aukera ematen du, kontratu-motei buruzko dokumentuak kasu.
  • Norberaren konturako langileak: hiru eskualdeetako batean negozioa jartzeko baldintzei, langileen joan-etorriei eta kontratazioko eskakizunei buruz informazioa ematen du.

Gainera, atal espezifiko bat dauka: PRESTAKUNTZA.  Euroeskualdeko hiru hizkuntzetako bat ikasteko edo hobetzeko aukerak non dauden eta ikasleen mugikortasunari, bekei eta enpresetan praktikaldiak barne hartzen dituen lanbide-heziketari buruzko aspektu ezberdinak erakusten dizkigu, beste batzuen artean. Plataformak albisteak, harremanetarako atala eta ENPLEGUA proiektuari buruzko informazioa biltzen ditu, eta informazio-buletinera harpidetzeko aukera ematen du.

https://www.empleo-info.eu/eu/

 

Informazio gehiago