Datuak babesteko agentziek administrazio jakinarazpenak argitaratzeko irizpide bat eman dute

Argitalpen-data: 

DBEBk, Espainiako Agentziak, Andaluziako Kontseiluak eta Kataluniako Agintaritzak egin dute orientabide hau

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

  • Agiri honek erantzun bat eman nahi die Legeak jasotzen duen ondoko xedapenaren gainean jasotako kontsultei: “Interesdunak identifikatzea iragarki bidezko jakinarazpenetan eta administrazio egintzen argitalpenetan”.

Gasteiz. 2019/03/04. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB), Espainiako Agentziak, Andaluziako Kontseiluak eta Kataluniako Agintaritzak dokumentu bat egin dute irizpide batzuekin, azaltzeko interesdunak nola identifikatu daitezkeen administrazio-egintzen jakinarazpenetan, iragarkietan eta argitalpenetan. Hainbat administraziok egindako kontsultei erantzun nahi izan diete horrela.

Abenduan onartu zen Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Legea Organiko berriaren zazpigarren xedapen gehigarria nola ezarri behar den izan da zalantza iturria. Orain arte erabili diren formulak oso eraginkorrak ez zirelakoan, eta nolabait guztiak bateratzeko irizpide praktiko bat eman nahian, datuak babesteko agintaritzen asmoa izan da dokumentu honen bidez orientabide bateratu bakarra ematea, horretarako zein formula erabili behar den esanez, eta denek hori erabiltzeko gomendioa emanez.

Horrela, lortu nahi da ez gertatzea administrazio batek argitaratzea identifikazio dokumentu ofizialetako zenbakizko zifrak posizio batean eta beste administrazio batek beste posizio batean, eta ezinezkoa izatea dokumentu edo jakinarazpen bat baino gehiago erabilita identifikazio zenbakia osorik berregitea eta pertsonen benetako identitatea ere bai.

Orientabidea egiteko, interesdunaren identifikazio agiriko lau zenbakizko zifra hartu dira kontuan eta horiek erabiliko dira. Zifrak beti posizio berean egon beharko dira eta honako irizpideak erabiliko dira:

  • Nortasun Agiri Nazionalak 12345678X formatua badu, formatu horretan lau, bost, sei eta zazpigarren tokietan dauden digituak argitaratuko dira. Adibidez: ***4567**.
  • Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiak L1234567X formatua badu, formatu horretan lau, bost, sei eta zazpigarren tokietan dauden digituak argitaratuko dira, baina ez lehenengo karaktere alfabetikoa. Adibidez: ****4567*.
  • Pasaporteak ABC123456 formatua badu, kontuan hartuta sei zifra bakarrik dituela, formatu horretan hiru, lau, bost eta seigarren tokietan dauden digituak argitaratuko dira, baina ez hiru karaktere alfabetikoak. Adibidez: *****3456.
  • Beste identifikazio mota bat erabiliz gero, dena delako identifikazio horrek gutxienez 7[1] zenbakizko digitu baditu, ezkerretik eskuinera zenbatuko dira digituak, baina karaktere alfabetikoak ez; eta honela jokatuko da: lau, bost, sei eta zazpigarren tokian dauden zenbakizko karaktereak argitaratuko dira.
  • Beste identifikazio mota hori ez bada pasaportea eta zenbakizko 7 digitu baino gutxiago baditu, karaktere guztiak zenbatuko dira, alfabetikoak barne, aurreko prozedura bera erabilita, eta honela jokatuko da: lau, bost, sei eta zazpigarren tokian daudenak aukeratuko dira.

Karaktere alfabetikoen ordez eta argitaratu behar ez diren karaktereen ordez, asterisko bana ipiniko da.

[1] Ikusi da huts material bat dagoela hasieran argitaratutako testuan. Zuzendu egin da, eta honakoa zioen tokian: “...gutxienez 5 zenbakizko digitu...”, honakoa dio orain, zuzendu ostean: “... gutxienez 7 zenbakizko digitu...”

DBEDBLOren zazpigarren xedapen gehigarria behin behinean ezartzeko orientabidea (PDF, 469 KB)