Europako Batasunak Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna eta Eusko Jaurlaritzaren lan ona aitortu ditu berriro ere

Argitalpen-data: 

Gaur hasten den Lanbide Heziketaren Aste Europarraren baitan, Europako Batzordeak berriro ere Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna aitortuko du. Bai Europako erakundeek eta baita Lanbide Heziketako ordezkari europarrek ere, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea, Jorge Arevalo, hautatu dute Europan Lanbide Heziketarako politiken gakoak definitzeko eta Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna, 4.0 industriarekin eta berrikuntzarekin lerrokaturiko eredua izaki, Europarako jardunbide egoki gisa aurkezteko.

Lanbide Heziketaren Aste europarrari itxiera emateko ekitaldian –hilaren 24an izango da, ostiralez, Bruselan-, Enplegurako Komisario europarra nahiz hezkuntza eta enpleguko beste hainbat pertsona esanguratsu ere bertan direla, Arevalo sailburuordea arduratuko da Lanbide Heziketaren inguruko ikuspegi estrategikoa emateaz, bideo-mezu baten bidez. Bideoa ikusgai dago dagoeneko Europako Batzordearen webgunean, EBko hizkuntza ofizial guztietara itzulita.   

Europako Batzordeak nabarmendu duenez, era honetan Euskadiko Lanbide Heziketari eta Eusko Jaurlaritzari aitortzen zaie erronka global konplexuei erantzuna emateko duten gaitasuna; hau da, pertsonei zein enpresei laguntza ematea, prestakuntza eta berrikuntza bultzatuz. Begirada beti bikaintasunean ipinita, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen elkarlanaren bidez.

Grabaturiko hitzaldian Jorge Arevalok azaltzen duenez “laugarren iraultzak ez du soilik egiten duguna aldatuko; benetan zer garen ere aldatuko du. Aldaketa horien eta teknologia horren bidez, etorkizuneko gizakia zer izango den ere birdefinitzen ari da. Baina, zein izango da etorkizuneko lana? Nola definituko dugu etorkizuneko lana? Eta garrantzitsuena: nola prestatuko ditugu pertsonak aldaketa horien aurrean eta etorkizuneko lanbideetarako prestatuta egon daitezen?” Galdera horiek guztiek, Arevaloren esanetan, imajinatzea, diseinatzea, arriskatzea eta, batez ere, estrategia berriak eskatzen dituzte.

Europan Lanbide Heziketarako politikaren erronkei Euskadik egiten dien ekarpena, aldi berean, 2025erako Hezkuntza-agendarako ere ekarpen gertatzen da. Agenda hau joan den astean aurkeztu du Juncker presidenteak, eta Europako Gizarte Foroan eztabaidatu da. Europako Batasuneko ordezkariek foro honetan adostu zuten hezkuntza eta kultura agenda bultzatzea eta sendotzea, bai Europaren lehentasunen artean, eta baita 2025erako EBren agendan ere. 

Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzaren laguntzarekin eta elkarlanean, Hezkuntza Saila –Lanbide Heziketarako Sailburuordetzaren bidez- lankidetzan ari da Europako erakundeekin eta zenbait bazkide europarrekin, azken bi legealdi hauetan. Berriki, Eusko Jaurlaritzak Donostian antolatu zuen Lanbide Heziketaren Foroan parte hartze estua izan zuen Europako Batzordeak. Horrekin batera, Euskadin hainbat lan-misio ere hartu dira, eta Europako Batzordearen aurrean 4.0 industriarako Lanbide Heziketako Euskal Estrategia ere azaldu da.

Informazio gehiago