Argitalpen-data: 2015/10/09

Nirea Konpromisoa izenpetuta, Gastronomia Baskak bertako produktuak bultzatzearen alde egiten duela berretsi du

Elikagaetan eta Sukaldaritzan berezitutako enpresak, Nirea Programaren bitartez, lehen sektorearekin, nekazaritzako elikagaien industriarekin eta landa eta itsasertzeko ingurunearekin konprometitzen dela izenpetu du. Ekimenaren asmoa da balioestea lehen sektoreak Euskadiko garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrean duen garrantzia.

NIREA ekimenak, sektoreko eragileek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako silburuordetzak elkarrekin bultzatutako ekimena baita, beste urrats bat egin du lehen sektorea berpiztu eta landa eta itsasertzeko ingurunea suspertzearen alde egiteko hartu duen erronkaren barruan, Gastronomia Baskak ekimenarekin bat egitea lortu baitu. Hala, sukaldaritza eta elikagai enpresa honek, Euskadin erreferentea izan eta egunero 25.000 laguni baino gehiagori jaten ematen dienak, euskal ekoizleek egiten duten lanaren aitortza ekarri duten gainerako ekimen pribatuekin bat egin, eta haien produktuen kontsumoa bultzatzeko konpromisoa hartu du.

NIREAren bitartez Gastronomia Baskak hartutako konpromisoa beste bultzada bat ere bada enpresarako, ‘Konpromisua Dugu Erkidegoarekin’ izeneko proiektuaren barruan (KODE2015), haren bitartez enpresak Erkidegoko ongizatean parte hartzea bilatzen baitu, bertako kalitateko lehengaiez egindako askotariko elikagaiak eskainiz, bai eta produktuen jatorria balioetsita gastronomiaren alderdi kulturala sustatzea eta bertako ekoizle batzuek ekimenaren definizian eta gauzatzean parte hartzea ahalbidetuta jarduera ekonomikoari eustea ere.

Bertako nekazaritzako elikagaien industriarekin konprometituta egotearen aldeko filosofia hau NIREA ekimenaren adibide bat da, ekintza zehatzekin errealitate bihurtu dena. Izan ere, sentsibilizazio jarduerak ere sartzen ditu, txikienen artean iraunkortasunarekin, kulturarekin eta garapen ekonomikoarekin lotura duten balioak bultzatzeko. Gastronomía Baska Kode programaren bidez urtero produktu lokalarekin osatutako milaka plater eskaintzen ditu, iada proiektua abian jarri zenetik 100.000tik gora eman ditu.

Lehen sektorea berpiztea

NIREA programa bat da, Lehen Sektorearen sustapena eta Landa eta Itsasertzaren Biziberritzea azken helburu duena eta Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasertzeko ingurunea osatzen duten pertsonak protagonista dituena. Ekimen horren bitartez ezagutzera eman nahi da Landa ingurune biziak bere ingurunean duen garrantzia, daukagun gizartearen ereduaren oinarri den heinean, eta, era berean, lehen sektoreak eta landa eta itsasertzeko inguruneak gaur egungo gizartearen ereduaren barruan duten zeregina eta beroiek osatzen dituzten pertsonak balioestea. Hitz batean, NIREAk ekosistema zaintzea eta landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorra sustatzea defendatzen du, eta ingurune horrek Euskadiko garapen ekonomiko eta soziala orekatua izaten laguntzen duela onartzen du.

Ekimenak NIREA du izena, konpromisoa pertsonala delako, norbanakoarena, eta konpromiso pertsonal guztiak batuta ekimenaren lorpenak gero eta handiagoak izatea ekarriko du.

NIREA Akordioa Eusko Jaurlaritzaren politikaren printzipio eta jarraibideekin bat dator; izan ere, sektore hau errespetuz tratatzen baita, bere profesionaltasuna eta Euskadiko ekonomiari egiten dion ekarpen kuantitatiboa eta ekarpen kualitatiboa kontuan hartuta.

Akordio honek nahi du gizarteak aitortzea Euskadiko lehen sektoreak eskaintzen dizkigun produktuek ematen duten balioa (bertako produktua, hurbilekoa eta kalitatekoa). Izan ere, erostean hartzen ditugun erabakietako bakoitzak eragin zuzena du gure inguruneko eredu ekonomiko, sozial eta kulturalean eta, beraz, Euskadiko ekoizleei erosita denoi mesede egiten digun eredua babesten ari gara.