Donostiako Tranbia Konpainia, S.A.U.n honako lan poltsa hauek sortzeko deialdia eta hautaketa prozesua: BALIO ANITZEKO GIDARI-KOBRATZAILEA eta GARBIKETA-ERREGAI DEPOSITUAK BETETZEA

Argitalpen-data: 

DEIALDIAREN XEDEA.

Deialdi honen xedea da ondoren adierazten diren Lan Poltsa hauek sortzea Donostiako Tranbia Konpainia, S.A.U.rako (aurrerantzean DTK):

  • Balio anitzeko Gidari-Kobratzailea
  • Garbiketa-Erregai deposituak betetzea

Balio anitzeko Gidari-Kobratzailearen Poltsa 100 lagunek osatuko dute gehienez (hautaketa prozesu osoan, hauxe da, 1., 2., 3., eta 4. Faseetan eta Merituen Balorazioan puntuazio handiena lortzen dutenek, berdinketa gertatuz gero handituta puntuazio berdina lortu dutenak sartu arte).

Gehienez ere 100 hautagai izango dituen Poltsa hori hiru talde desberdinen arabera antolatuko eta kudeatuko da, hautaketa prozesuan egiaztatu duten euskara mailaren arabera. Honako hauek izango dira taldeak:

  • % 45 gehienez Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako 1. HE edo baliokidea baino maila handiagoa duen talderako (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako 2. HE edo baliokidea edo goragokoa, edo Euskaltegietako mailen sailkapeneko 6. Urratsetik aurrera). Hauxe da, gehienez ere 45 hautagai. Hautaketa prozesua gainditu izanik prozesu osoan (1 - 4. Faseak gehi Merituen Balorazioa) puntuazio handiena duten 45 hautagaiak talde honetan sartuko dira. Kupo hori gainditzen duten hautagaiak, hala behar badu, 1. HEko taldera pasako lirateke.
  • % 20 gehienez Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako 1. HE edo baliokidea duen talderako. Hauxe da, gehienez ere 20 hautagai. Hautaketa prozesua gainditu izanik prozesu osoan (1 - 4. Faseak gehi Merituen Balorazioa) puntuazio handiena duten 20 hautagaiak talde honetan sartuko dira. Kupo hori gainditzen duten hautagaiak, hala behar badu, maila egiaztatu ez dutenen taldera pasako lirateke.
  • Gainerakoak, euskara maila egiaztatu ez dutenak. Hautaketa prozesua gainditu izanik prozesu osoan (1 - 4. Faseak gehi Merituen Balorazioa) puntuazio handiena duten hautagaiak talde honetan sartuko dira 100 laguneko Poltsa osatu arte.

Garbiketa-Erregai deposituak betetzea Poltsa postu horri dagokion hautaketa prozesua gainditzen duten pertsonek osatuko dute.

DTKk duen Hitzarmen Kolektiboko 10. mailari dagokiona izango da ordainsaria Balio anitzeko Gidari-Kobratzailea posturako, eta 7. mailari dagokiona, berriz, Garbiketa-Erregai deposituak betetzea posturako. Enpresako hitzarmenaren arabera kasu bakoitzean dagokiona izango da lanaldia, postu bakoitzaren izaera eta beharrak aintzat harturik betiere.

Osatutako lan poltsak langile behar ez iraunkorrak, premiazkoak eta geroraezinak betetzeko erabiliko dira, baldin eta salbuespenezko kasuak badira, eta behin-behineko kontratuak eginda betiere. Hori guztia, plazaren izaeragatik eta betiere horretarako lege estaldurarik baldin badago, izaera mugagabeko lanpostuak betetzeko izan daitekeenean salbu.

HAUTAGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK.

Deialdi honetan onartua izateko eta, hala behar badu, dagokion Hautaketa Prozesuan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte hautagaiek:

  • Europar Batasuneko kide den estaturen bateko edo Espainiako Estatuarekin lan hitzarmena sinatua duen herrialderen bateko hiritartasuna izatea edo horietan lan egiteko eta bizitzeko baimena izatea.
  • Postuari dagozkion lanak egiteko gaitasun funtzionala izatea.
  • Lanpostuaren berezko egitekoak behar bezala betetzea eragotziko lukeen gaixotasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea. Betekizun hori egiaztatzeko, osasun azterketaren agiria aurkeztu beharko da lanpostuan hasi aurretik. Honekin batera doan II. Eranskinean jaso da osasun azterketetako esklusioen koadro medikoa, Balio anitzeko Gidari-Kobratzailearen Lan Poltsan aintzat hartu beharrekoa.
  • Zigor espediente bidez Herri Administrazioko Zerbitzutik baztertua ez egotea.
  • "D" motako Gidabaimena izatea.
  • Gidatzeko Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiria (GGA) izatea.

ONARTUA IZATEKO ESKUBIDEAK ORDAINTZEA.

Deialdian onartzeko eskubideak 20 euro dira, eta ordainketa bakarra egingo da, edozein dela/direla ere parte hartu nahi den/diren hautaketa prozesua/ak.

Eskubide horiek ordaintzeko, Donostiako Tranbia Konpainia S.A.U.k KUTXABANKen duen kontuan ordainduko da zenbateko hori, honako zenbaki honetan:

ES81 2095 0611 0310 6329 4275

Eskubideen ordainketaren egiaztagirian hautagaiaren NANren zenbakia, izena eta deiturak agertu beharko dira.

Ordainketaren egiaztagirian datu horiek behar bezala agertzen ez badira, ordainketa egin gabe dagoela ulertuko da.

Ezin izango da onartzeko eskubideengatik ordaindutakoa itzultzeko eskatu Deialdiko Hautaketa Prozesuen fase bakar batean ere, eta gainera diru hori ez da inolaz ere itzuliko.

ONARTUAK IZATEKO ESKAERAK AURKEZTEA.

Hautagaiek OTEIC Taldearen bulegoetan (Zuatzu Enpresa Parkea, Igeldo eraikina, solairua - 20018 Donostia) aurkeztu beharko dute eskaera, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 18:00etara, edo bestela, helbide horretara bidali. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte onartuak izateko:

  1. Onartuak izateko eskaera orria behar bezala betea (inprimakia eskuragarri dago I. Eranskin gisa Baldintza Orokor hauen amaieran, eta baita Oteic Taldearen eta DTKren bulegoetan eta www.dbus.eus helbidean ere).
  2. Deialdian onartua izateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria, behar bezala identifikatua, hirugarren oinarrian adierazten den bezala.
  3. "D" motako Gidabaimenaren fotokopia.
  4. Gidatzeko Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiriaren (GGA) kopia.
  5. Hala badagokio, egiaztatzen den Euskarako titulu ofizialaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, fotokopia arrunta eta harekin batean jatorrizko dokumentua erkatu ahal izateko.

Lehenengo Oinarrian Talde bakoitzerako adierazitakoak dira onartuko diren Euskarako titulazioak.

Eskatutako agiri horien bidez behar bezala egiaztatu ez diren hautagaitzak Deialditik kanpo utzi ahal izango dira Hautaketa Batzordeak hala erabakitzen badu.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, Deialdiaren iragarkia prentsan argitaratzen den egunaren hurrengotik aurrera kontatuta, eta zehatz esateko, 2018ko urtarrilaren 15etik urtarrilaren 29 arte (biak barne).

Adierazitako epean eta moduan aurkeztutako hautagaitzak bakarrik onartuko dira, eta baztertu egingo dira baldintza horiek betetzen ez dituzten guztiak.

HAUTAGAIAK ONARTZEA.

Onartuak izateko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Hautaketa Prozesu bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da www.dbus.eus web orrian eta Donostiako Tranbia Konpainiako bulegoetan, kanpoan gelditu direnak zergatik baztertu diren azalduta. Zerrenda hori hiru bat eguneko epean argitaratuko da, onartuak izateko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera kontatuta.

Baztertuta gelditu diren hautagaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak edo okerren zuzenketak egin ahal izango dituzte, eta horretarako 2 egun izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera kontatuta, egun hori barne. Erreklamazioak edo okerren zuzenketa zerrendan azaltzen den moduan egingo dira.

Hautaketa Batzordeak ebatziko ditu alegazioak, eta behin ebatzita, Hautaketa Prozesu bakoitzean onartutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du www.dbus.eus web orrian eta Donostiako Tranbia Konpainiako bulegoetan, bi bat eguneko epean, alegazioak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera kontatuta.

Onartu gabe jarraitzen duten hautagaiek ez dute Deialdian eta dagozkion Hautaketa Prozesuetan jarraitzeko aukerarik izango.