Tapia eta Rementeria tren konexio berrian ari dira lanean, Euskotrenen bitartez Galdakaori eta Usansoloko Ospitaleari zerbitzua emateko

Tapia_DFB_1.JPG

2019.eko urtarrilak 16

  • Helburua, dagoeneko existitzen diren azpiegiturak ahalik eta gehien baliatzea da, Bizkaiko lurraldea egituratuz, metroaren lineei Galdakaorako eta Usansoloko Ospitalerako konexioa emanez, eta horiek Durangaldeko eta Busturialdeko eskualdeekin lotuz
  • Ahalik eta biztanleria gehien biltzea eta inbertsioen kostua arrazionalizatzea bilatzen da
  • Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua gauzatzeko konpromiso bateratua hartu eta jarduketa egutegia adostu dute 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia batera agertu dira, pertsona eta auzo gehiagori zerbitzua eskainiz Galdakao eta Usansoloko Ospitalea metro sarearekin eta Euskotrenen sarearekin lotuko dituen proposamen berria aurkezteko.

Proposamenaren jarduketa eremuak muga hauek izango ditu:

  • Alde batetik, Metroaren 3. linearen jarraipena Kukullagako geltokitik Galdakaorantz, eta 1. eta 2. linearekin duen intermodalitatea.
  • Bestetik, Durango-Bilbo-Txorierri linearen jarraipena Usansoloko ingurunean, Usansoloko Ospitalea Euskotreneko lineekin lotuz.

Rementeriak eta Tapiak berretsi egin dute Galdakao eta Usansoloko Ospitalea ahalmen handiko trenbide sareekin lotzeko konpromisoa, hiru baldintzatan oinarrituz: dauden trenbide lineen aprobetxamendua, amaitu gabe dauden aurreikusitako garapen berriak eta horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak edukitzea. 

Bi tartetan banatuko den trazatu berria Basauri parean Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren gaineko bide-zubitik Usansoloko geltokiaren inguruneraino egituratuko da.

  • 1. tartea: Euskotrenen sarearen eta Usansoloko Ospitalearen arteko konexioaren eraikuntza, Galdakao erdialderaino, lur-azpitik.
  • 2. tartea: Galdakao erdialdeko konexioaren eta Basauriko geltoki intermodal berriaren arteko konexioaren eraikuntza, bertan Metroaren 1., 2. eta 3. lineekin bat egiteko. 

Konexioa 2. linearekin izatetik 3. linearekin izatera

Erakunde biek denbora luzea daramate zehaztasun handiz lanean, Galdakao inguruari tren zerbitzu hobea emateko, eta horrek, orain arte “5. linea" izenez ezagutzen zenaren xehetasunak aztertzea eta berriro planteatzea eskatu du.

Bere egunean alternatiba horretarako beharrezkoak ziren azterlanak eta proiektuak gauzatu ziren arren, 3. linearen emaitza onak eta Busturialde eta Durangalde osoari Usansoloko Ospitalerako konexioa eskaini beharra ikusita, gaur egun interesgarriagoa da dagoeneko existitzen den Euskotrenen lineaz baliatzea eta hori egokitzea.

Beraz, linea berriak beste egituraketa bat hartuko du, Euskotrenek ustiatzen duen linearekin bat eginez, Metro Bilbaoren 2. linearekin egin beharrean. Tapiak eta Rementeriak alternatiba berriaren ageriko potentzialtasuna azpimarratu dute.

Konpromiso bateratua eta jarduketa egutegia

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua gauzatzeko konpromiso bateratua hartu dute. Hori dela eta, egutegia adostu eta helburu ukigarriak finkatu dituzte. 

ETSk, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen trenbide kudeatzaileak, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea trene sarearekin lotuko dituen konexio berria aztertu eta garatuko duen informazio azterlan berria lizitatu du. Jarduketaren aurrekontua 650.000 eurokoa izango da, eta egikaritze epea 12 hilabetekoa.

Azterlan horretan, trenbide linea berriaren trazatua, funtzionaltasuna eta ustiapen azterketa dimentsionatu, definitu eta garatu beharko dira, eta hiri eta ingurumen intsertzioa aztertu beharko da, une honetan dagoen bide sarea berregituratuz eta eraginak jasoko dituzten garraio publikoak berrantolatuz.

Alde biek, eraikuntza proiektua datorren urteko, 2020ko, udaberrian lizitatzea aurreikusten dute. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, 2021eko aurrekontuetan proiektu horretara aurrekontu partidak bideratzeko konpromisoa hartu dute, urte horretan bertan lehen tartea eraikitzen hasi ahal izateko.