Segurtasun Saila EUDEL " Euskadiko Udalen Elkartearekin elkartu da, Poliziaren Legearen erreformak erroldei egonkortasuna emateko eskaintzen dituen aukeren berri emateko

2019.eko ekainak 28

Kontratatzeari buruz Auzitegi Gorenak emandako azken epaia ere aztertu da bileran

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainak 28.

Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak gaur goizean elkartu du Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin izenpetutako hitzarmenean aurreikusitako Poliziaren Antolamendu Funtzionamenduaren eta Funtzio Publikoaren Esparru Araua lantaldea, bitarteko agenteei buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiaren helmena azaltzeko eta aztertzeko. Erroldei egonkortasuna emateko eta udalek, euren egoeraren arabera, dituzten segurtasun-premiei aurre egiteko Euskal Poliziaren Legeak eskaintzen dituen aukeren berri ere eman da bileran.

 

Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak deitu duen bileran izan dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena, Araubide Juridikoaren eta Hauteskunde Prozesuen zuzendari Eugenio Artetxe eta EUDEL – Euskadiko Udalen Elkarteko, Euskadiko Udaltzain Buruen Elkarteko, Euskadiko hiru udaletako, Barakaldo, Sestao, Santurtzi eta Getxoko udaletako eta udal-esparruan gehiengoa duen sindikatua den ELAko ordezkariak.

 

Bilerako gai-zerrendako puntu bakarra bitarteko udaltzainen kontratazioa zalantzan jarri duen Auzitegi Gorenaren epaiaren analisia izan da. Testuinguru horretan, azaldu da Auzitegi Gorenaren erabakiak errekurtsoa aurkeztu zitzaion Udalari bakarrik eragiten diola. Era berean, jakitera emanda, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak oraindik ez diela jakinarazi epaia irmoa dela interesatuei.

 

Bestalde, Poliziaren Legearen erreformak Udaltzaingoetako erroldak egonkortzeko eskaintzen dituen aukeren berri ere eman dute bileran. Berez, legearen hamargarren xedapen iragankorraren arabera, legea indarrean sartzen denetik aurrera, behin eta salbuespen gisa, hautaketa-prozesuak egin ahal izango dira Udaltzaingoko egiturazko plazetan aldi baterako enplegua finkatzeko. Hautaketa-prozesu horiek, formaz, lehiaketa-oposizioak izango dira, irekiak izango dira, eta baloratuko da Udaltzaingoko lanpostuetan izandako esperientzia orokorra nahiz deialdia egin duen Administrazioan, hautaketa-prozesuan deitutako lanpostuetan, egindako zerbitzuetako esperientzia espezifiko, bereizgarri eta osagarria. Lehiaketa-fasearen balorazioak ezingo du gainditu hautaketa-prozesuan lor daitekeen puntuazioaren % 40, euskara merezimendu gisa baloratzea kenduta.

 

Udaltzaingoko dagokion kategorian bitarteko izaera duten lanpostuak % 40tik gora badira, enplegua finkatzeko prozesu bereziari ekin ahal izango zaio, eta sartzeko txanda berezia izango da deialdia egin duen administrazioan, Udaltzaingoaren baitan deitutako plazen kategorian, gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenentzat. Sartzeko txanda berezi horretarako, eskainitako plazen ehuneko hirurogei gordeko dira gehienez.

 

Enplegua finkatzeko aurreko paragrafoetan aipatutako prozesu horietan gehieneko adin-muga udaltzaingoetan egindako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da. Muga hori ez zaie ezarriko deialdia egin duen administrazioan, Udaltzaingoan deitutako plazen kategorian, gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenei.

 

Atzo onartutako testuan jaso da, bestalde, udalek lanpostua bitarteko izaerarekin bete ahal izango dutela premiaz eta aldi baterako. Neurri horrek baldintza bat du: lanpostu huts horiek aurretik Lan Eskaintza Publiko batean sartuta izatea eta lanpostu horiek jabetzan betetzeko prozesua hasita egotea, edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari horiek hautatzeko kudeaketa-agindua eskatuta izatea.

 

Era berean, legean polizia-laguntzailearen irudia jaso da Udaltzaingoari hainbat eginkizunetan, esate baterako, trafikoa antolatzen edo administrazio-lanetan, laguntzeko.

 

Bileran zehar adierazi da Lege berriak lehen ez zeuden irtenbideak ematen dizkiola bitartekotasunari.

 

Bestalde, gogoratu da hiru urtean egin diren hiru hautaketa-prozesu bateratuetan 45 udalerritako udaltzaingoetako 577 funtzionarioren enplegua finkatu ahal izan dela.

 

Azkena egindako hautaketa-prozesuan 270 plaza eskaini dira, eta prozesuan parte hartu duten 36 udalek oraindik handitu dezakete plaza-kopurua lanpostu hutsak betetzeko.

 

Horrez gainera, Segurtasun Sailaren konpromisoa da ahal bezain laster ekitea laugarren LEP bateratuari, lehen aipatutako ezohiko deialdia alde batera utzita.