San José sailburua Cordobako Unibertsitateko Laneko Arriskuen Prebentzioko eta Osasun Publikoko Katedran.

2019-06-12__FOTO_1.jpg

2019.eko ekainak 12

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak Cordobako Unibertsitatean aurkeztu ditu “soldata-arrakala murrizteko eta Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan generoaren ikuspegia integratzeko Eusko Jaurlaritzaren politika publikoak”.

San José sailburuak parte hartu du “Emakumearen zeregina lan-arloan eta, batez ere, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan” jarduera teknikoan. Cordobako Unibertsitateko Laneko Arriskuen Prebentzioko eta Osasun Publikoko Katedrak antolatutako jarduera tekniko horrek Andaluziako, Asturiasko eta Valentziako Administrazioetako ordezkariak ere bildu ditu, eta jardueraren helburua izan da emakumeak lan-munduan duen zereginari balioa emango dion prebentzio-kultura sustatzea eta hedatzea.

Esku-hartzearen lehen zatian, María Jesús San José sailburuak Eusko Jaurlaritzak Soldata Arrakalaren Aurkako Estrategian eta Ekintza Plan Eragilean bere gain hartutako konpromisoak azaldu ditu, eta haren bost erronka nagusiak azaldu ditu: soldata-diskriminazioa ezabatzea; okupazio-segregazioa murriztea; berdintasunean oinarritutako eta berdintasunaren aldeko hezkuntza areagotzea; antolamendu sozial berri bat babestea zaintza lanetarako, zaintzekiko ardurak birbanatzeko; eta  gizarte osoa sentsibilizatzea.

 “Soldata-arrakala sortzen duten egintzen aurkako ikuskapen-lana sendotzeko helburuarekin —adierazi du San José sailburuak—, Lan eta Justizia Sailak abian jarri du ordainsari-berdintasuna ikuskatzeko plan espezifikoa, eta plan horrek zuzenean du eragina soldata-arrakala sortzen duten arrazoi nagusietako bitan: soldata-diskriminazioan eta lan-iruzurrean. Gainera, ikuskapen-unitate espezifikoak sortzeak aukera emango digu arlo horretako ikuskapen-ekintza integrala egiteko, betiere lanaldia eta lan-denbora kontrolatuz eta aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioaren iruzurra kontrolatuz”.

Bestalde, Lan eta Justiziako sailburuak nabarmendu du OSALANek laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko landutako plana. Plan horren aurrekariak dira Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak argitaratutako garrantzi handiko bi azterketa: “Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan integratzeko jarraibideak” eta “Emakumeen eta gizonen egoera laneko istripu-tasari eta lanbide-gaixotasunei dagokienez”.

 “Desberdintasun biologikoez gain —ohartarazi du San José sailburuak—, desberdintasun handiak daude emakumeen eta gizonen lan-baldintzetan, eta desberdintasun horiek eragina dute laneko segurtasunean eta osasunean. Desberdintasun horiek kontuan izan beharko dira ikerketan zein prebentzio-politikaren arloko kudeaketan eta prestakuntzan. Bereizketa horizontalak, eta emakumeak eta gizonak jarduera jakin batzuetan metatzeak, baldintzatzen dituzte langileek jasan beharreko arriskuak eta azal ditzakete istripu-tasaren eta lanbide-gaixotasunen arloan dauden aldeak, baita emakumeek eta gizonek arriskuaren gainean duten pertzepzio desberdina ere”.

San Joséren iritziz, genero ikuspegia duten laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko politikak garatzea eta lan-baldintzak hobetzea zeregin kolektiboa da; izan ere, berdintasunerako bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren aldaketek administrazio guztien, gizarte-eragileen eta, oro har, hiritarren inplikazioa eta lankidetza eskatzen dute.

Jardunaldiari amaiera emateko egin den mahainguruan parte hartu dute Jon Azkue Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Cristina Moreno Valentziako Generalitateko Laneko zuzendari nagusiak, Rosa Montero Cordobako Laneko Arriskuen Prebentzioko Zentroko zuzendariak eta Miriam Hernández Asturiasko Laneko Arriskuen Prebentzioko Institutuko zuzendariak.