Erkoreka: "Gobernua lege-proiektuan hezkuntza-hitzarmenen hobekuntza eta eguneratzea jasotzea aztertzen ari da"

2019.eko urtarrilak 15

  • Eusko Jaurlaritzaren ustez, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea albiste txarra da
  • Eusko Jaurlaritzak tresna bat gaitu du, enpresei Erresuma Batua EBtik irteteak ekar dezakeenari buruzko aholkularitza emateko
  • Gobernu Kontseiluak Gizarte Elkarrizketarako Mahaia sortzeko Dekretua onetsi du

Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin eta María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuarekin batera.

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza asteartean, hilaren 29an, onetsiko den lege-proiektuan hezkuntza-hitzarmenen hobekuntza eta eguneratzea jasotzea aztertzen ari dela.

Itundutako ikastetxeetan deitu den 8 eguneko greba dela eta, Erkoreka sailburuak eta San José sailburuak esan dute Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu egokiak emango dituela, grebaren aurreikuspenari erantzuteko. Testuinguru horretan, Erkorekak nabarmendu du akordioa posible dela, hezkuntza-hitzarmen berarekin itundutako ikastetxeetako beste alde baten lan-baldintzei buruzko akordioak gauzatu izan direlako, dagoeneko. Hori horrela, esan du grebak itunduetako alde batean baino ez duela eragina.

BREXITA

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Britainia Handiko Parlamentuak Brexitaren inguruko bozketaren ondoren sortuko den egoera aztertu duela. Sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzaren ustez Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea albiste txarra dela, baina ulertzen du Europak erantzun bat eman behar diola britainiarren hautaketari. Hori horrela, Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak irmoki bultzatzen duela adostutako eta antolatutako irteeraren egoera, EBren eta Erresuma Batuaren artean adostutako Irteera Akordioan aurreikusitakoa bezalakoa.

Era berean, Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak lan bizia egingo duela, Espainiako Gobernuarekin, Erkidegoko agintariekin eta Brexitaren segimendu-batzordeko kideekin hertsiki lankidetzan, herritarren eta euskal operadore sozioekonomikoen interesak babesteko. 

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak tresna bat gaitu duela, enpresei Erresuma Batua EBtik irteteak ekar dezakeenari buruzko aholkularitza emateko. Horretarako konpromisoa hartu zuen BREXIT Batzordeak; bertako buru da Iñigo Urkullu Lehendakaria. Tapiak esan duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsua da irteera prestatzea eta beharrezko neurriak sasoiz hartzea.

Horrela, Tapiak azaldu du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia-Basque Trade and Investmenten (BTI) bidez –SPRIri atxikita–, webgunea prestatu duela eta, bertan, enpresek beren kontingentzia-planak prestatzeko eman beharko dituzten urratsen inguruko informazioa, oharrak eta gomendioak jaso direla. ETEek Euskadiko Nazioartekotze Agentziak Londresen duen bulegoarekin jardun ahalko dute elkarreraginean, www.brexit.eus webgunearen bidez.

GIZARTE-ELKARRIZKETARAKO MAHAIA SORTZEKO DEKRETUA

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak esan du Gobernu Kontseiluak Gizarte Elkarrizketarako Mahaia sortzeko Dekretua onetsi duela, Eusko Jaurlaritzaren eta ordezkaritza gehien duten sindikatu- eta enpresa-erakundeen arteko hirualdeko, topaketarako eta erakunde-partaidetzarako organo gisa. San Josék nabarmendu du gizarte-elkarrizketa erakundetzea egiteke zegoela eta, Dekretu honen bidez, garai berri bati ekingo zaiola, langileen eta, oro har, gizartearen gizarte- eta lan-baldintzak hobetzeko akordioak bilatzea guztion jomuga izanik.

Dekretu hau urtarrilaren 19rako indarrean sartzea aurreikusten da eta Lan eta Justiziako sailburuak esan du, indarrean sartzen denetik hilabeteko epean, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia eratuko dela.

Gai ordena

Prentsa dossierra