Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak 25 urte bete ditu gaur

2019.eko apirilak 15

Zerbitzuak egunean mila dei baino gehiagori ematen die arreta, eta helburu du urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan osasun-eskariari erantzutea

Aste honetan bertan, Osakidetzak akordioa adostu du gehiengo sindikalarekin, Larrialdietako profesionalen lan-baldintzak hobetzeko

 

Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak 25 urte betetzen ditu, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan osasun-eskariari erantzuteko asmotan. Nekane Murga Osasun sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkio plantilla osoari denbora honetan eginiko lanagatik. “Egunero egiten duzuen lana harro egoteko modukoa da, Osasun Sailarentzat ez ezik, euskal gizarte osoarentzat ere, hura baita lan horren onuradun”, esan du sailburuak.

  1. urtean 414.781 dei jaso zituen, guztira, aurreko urtean baino % 1,5 gehiago. Alegia, egunean mila dei baino gehiagori erantzun zien eta horiek, aldi berean, anbulantziaren 185.286 irteera mobilizatzea ekarri zuten –egunean 500 irteera baino gehiago– eta helikoptero medikalizatuaren 411 irteera. Horiek gaur 25 urte betetzen dituen zerbitzu horren jardueraren urteko balantzearen datu batzuk dira. Gaur egun, Larrialdi zerbitzuak 89 anbulantzia –67 oinarrizko bizi-euskarrikoak, 11 bizi-euskarri aurreratukoak eta 11 erizaintzadun bizi-euskarrikoak– ditu, bai eta helikoptero medikalizatu bat ere.

Iaz, guztira 390.517 gorabeherari eman zitzaien arreta, 2017an baino % 5,14 gehiagori. Lurraldeen arabera banatuta, Araban 69.539 gorabeherari eman zitzaien arreta (+% 5,14), Bizkaian 213.608ri (+% 6,19) eta Gipuzkoan 107.370i (+% 4,45).

Bizi-euskarri aurreratuko anbulantziaren erantzuteko denbora 15 minututik beherakoa izan zen kasuen % 95 baino gehiagotan, deia estaldura-arloan egin zenean. Oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzien kasuan, jarduketen % 85 baino gehiago 13 minututik behera egin zen. Helikopteroak aktibatzeko batez beste 4 minututik beherako denbora erregistratu zuen.

Premiazko osasun-arretaz eta osasun-garraioaz gainera, larrialdi-zerbitzuak telefono bidezko osasun-aholkua ere eskaintzen du, bai eta paziente kronikoentzat arreta-programen segimendua egitea, prebentzio-gailuak planifikatu eta garatzea eta larrialdi- eta premia-arloan prestakuntza ematea ere.

 

LAN BALDINTZEN HOBEKUNTZARAKO AKORDIOA

Aste honetan bertan, Mahai Sektorialaren bileran Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak akordioa adostu du gehiengo sindikalarekin (SATSE, LAB, Euskadiko Sendagileen Sindikatua, CCOO eta UGT) Larrialdietako langileen lan-baldintzak hobetzeari dagokionez.

Adostutako akordioaren bidez, zenbait osagarri aitortzen dira, Larrialdietako lanpostuen baldintza bereziak ordaintzeko, bai eta erakunde horretako langile guztientzako lanorduen gainezarpena ere. Era berean, larrialdietako gidarientzako kontratazio-poltsak irekitzea adostu da.   

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 15a