Osakidetzak ateak irekiko dizkie egoiliarrei, bihartik aurrera, prestakuntza jasotzeko zentro onena aukeratzen laguntzeko

2019.eko apirilak 04

Aurten, 446 plaza aurkeztu ditu, bere historiako eskaintzarik handiena

 

Osasun-prestakuntza espezializatura sartzeko proba gainditu ondoren, etorkizuneko espezialistak nahi duten espezialitatearen inguruko prestakuntza jasotzeko ahalik eta zentro onena bilatzen saiatzen dira. Hautaketa errazteko, bihatik aurrera eta apirilaren 12ra arte, ateak zabaltzeko egunak jarriko dira martxan; horien bidez, zuzenean ezagutuko dituzte Euskadin irakaskuntzarako egiaztapena duten 16 irakaskuntza-zentro eta -unitateak.

Zehazki, honako hauek:

  • Zazpi ospitale-zentro: Arabako Unibertsitate Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Donostiako Unibertsitate Ospitalea, Galdakao-Usansolo Ospitalea, San Eloy Ospitalea eta Onkologikoa Fundazioa.
  • Autonomia-erkidegoaren mailan dabiltzan bi irakaskuntza-unitate: Laneko Medikuntzako Irakaskuntza Unitatea eta Euskadiko Prebentzio Medikuntzaren eta Osasun Publikoaren Irakaskuntza Unitatea.
  • Lanbide anitzeko lau irakaskuntza-unitate: familia- eta komunitate-arretako bat lurralde historiko bakoitzean eta Bizkaiko Osasun Mentaleko bat.
  • Erizain espezialistentzako hiru irakaskuntza-unitate: Osasun Mentaleko Erizaintzako Irakaskuntza Unitatea, Erizaintza Obstetriko-Ginekologikoaren Irakaskuntza Unitatea eta Matía Fundazioa, non erizaintza geriatrikoko espezialistak prestatzen baitira.

 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak beren historiako plaza-eskaintza handiena egin dutela, 446 plaza guztira, alegia, % 19 handiagoa aurreko urtean baino: “Estatu osoan egongo den plaza-kopuruaren igoerarik handiena izango da. Hori guztia, Osasun Sailak hainbat erronkari aurre egiteko dagoen beharraren inguruan duen konpromisoagatik: lanbide-erreleboa edo lehen mailako arreta sendotzea, bai eta euskal osasun-zerbitzuaren bereizgarri den kalitateari eustea ere”.

Gaur egun, 1.331 pertsona daude Euskadin osasun-prestakuntza espezializatuan. Espezialitate batzuetan profesionalen beharren inguruan dauden aurreikuspenei erantzuteko, datozen maiatzaren 27an eta 28an, beste 446 pertsona hasiko dira prestakuntza jasotzen.

Datozen egunotan, irakaskuntza-zentroak eta -unitateak bisitatu ahalko dituzte, aurretik Osasun Ministerioak egiaztatuta eta emandako prestakuntzaren kalitatea bermatzen duen auditoretza baten babesean. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, duela 10 urtetik, urtean inkesta bat egiten die prestakuntza jasotzen ari diren pertsonei; inkestan egoiliarren % 80 baino gehiagok parte hartzen du. Emaitzek jasotako prestakuntzaren inguruko gogobetetasun-maila altua erakusten dute. Hori guztia aintzat hartuta, Euskadi espezialista gisa prestakuntza jasotzeko prestigiodun autonomia-erkidegoa da.

Zentro bakoitzean (bai ospitaleak, bai osasun-zentroak) ateak zabaltzeko egunak hemen kontsulta daitezke.

Erregistratutako izen-emateen arabera, 300 pertsona inguruk Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea bisitatzea aurreikusten da. Horietatik ehun bat Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutura joango dira. 90 pertsona inguru Galdakao-Usansolo Ospitalera.

Nabarmentzeko nobedadea da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak ateak zabaltzeko jardunaldi birtuala antolatu duela, eta zenbait egunez izango dela.

Bestalde, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak 150 egoiliar inguru jasoko ditu eta beste 150 izango dira Arabako Unibertsitate Ospitalean.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 4a