Lehendakaria René Cassin-i eginiko omenaldian Estrasburgon: "Giza Eskubideak ekintza politikoaren erreferente nagusi izaten jarraitu behar dute Europan"

2019.eko urtarrilak 18

  •  Urkullu Lehendakaria Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin batu da
  • Lehendakariak espero du Brexitean akordioa izatea eta Europaren etorkizuneko proiekturako pizgarri izatea

Iñigo Urkullu Lehendakaria Estrasburgora bidaiatu da, René Cassin euskaldun unibertsalari omenaldia egiteko; René Cassinek Bakearen Nobel saria jaso zuen 1968an, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren erredaktore nagusi izateagatik. Lehendakariak topaketa izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin. Ondoren, Auzitegiaren egoitzan izan den ekitaldian, Lehendakariak giza eskubideak aldarrikatu ditu, “Europako eta munduko ekintza politikoaren erreferente nagusi” gisa. “Mehatxu populisten eta muturrekoen aurrean”, esan du Lehendakariak, “giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira”.

Lehendakariak erakunde-bisita egin du Estrasburgora, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariarekin batera. Lehenengo eta behin, euskal ordezkaritzak, Lehendakaria buru dela, topaketa izan du Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentearekin. Gero, Auzitegiko egoitzan, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia egin da; ekitaldia Guido Raimondi presidenteak zuzendu du. Bertan, Christos Giakoumopoulos Europako Kontseiluko Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Jean Pauls Costa René Cassin Fundazioko presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak hitz egin dute.

Lehendakariak René Cassinen irudia nabarmendu du, “gaur omenaldi merezia jaso duena”. Lehendakariak honako hau esan du: “giza eskubideak funtsezko tresna dira oraintsu igaro den iraganean orientatzeko", eta defendatu du “Europan eta munduan, etorkizuneko erronken aurrean, ekintza politikoaren erreferente nagusi” izaten jarraitu behar dutela. Hori horrela, Lehendakariak diskurtso populistak eta muturrekoak aipatu ditu: “bizikidetzaren eta Europako balioen mehatxu dira”. Mehatxu horien aurrean, “giza eskubideak humanismoan oinarritzen den politika orientatu ahal izateko iparrorratza dira”, esan du Urkullu Lehendakariak.

Halaber gogorarazi du giza eskubideek araudi-indarra dutela eta, hori dela eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegia “segurtasun juridikoko bermea" dela. Lehendakariak eskerrak eman dizkie Raimondi presidenteari, eginiko harreragatik, eta Manuel Lezertua Arartekoari, René Cassini omenaldia egiteko ekitaldia antolatzen laguntzeagatik.

Brexita

Lehendakariak Europako egungo egoera politikoa ere aipatu du. “Europa funtsezko erreferentzia da gure etorkizunerako”, eta, hori dela eta, Brexita gertatuz gero, adostasunean oinarrituta gertatzea espero duela esan du. Nolanahi ere, Lehendakariak esan du egungo egoerak “aniztasunean oinarritzen den Europa integratuagoaren eta batuagoaren etorkizuneko proiekturako pizgarri izan” behar duela.

René Cassin

René Cassin 1887ko azaroaren 5ean jaio zen, Baionan. Zuzenbideko eta Historiako ikasketak egin zituen, eta Lehen Mundu Gerran ordurako bakearen alde eginiko borrokagatik zen ezaguna. René Cassin zenbait erakundetako kide eta sortzaile izan zen, besteak beste, UNESCOkoa. 1964an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidentea izan zen, eta kargu garrantzitsuak bete zituen, besteak beste, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko presidentetza.

René Cassin funtsean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eginiko ekarpenagatik gogoratzen da, izan ere, erredaktore nagusietako bat izan zen. Adierazpena 1948an onartu zen eta, 20 urte geroago, 1968an, Bakearen Nobel saria eman zioten, adierazpenagatik beragatik. Saria banatzeko ekitaldian, Cassinek honako hitz hauek esan zituen: “ez da bakerik egongo planeta honetan, inon giza eskubideak urratzen jarraitzen badira”. Sariaren bidez jasotako dirua Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua (René Cassin Fundazioa) sortzeko erabili zuen; bertan izango da Lehendakariak Estrasburgon izango duen bigarren ekitaldia.

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Abenduaren 10ean ematen da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.