Lehendakaria, Ekonomia-hazkunde iraunkor eta inklusiboaren, enplegu bete eta emankorraren eta guztiontzako lan duinaren alde

2019.eko apirilak 10

  • El futuro del trabajo que queremos. Un debate global izeneko biltzarraren irekiera-ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkulluk

  • Hiruko hizketa, globalizazioa eta lankidetzaren eguneratzea bere egin du Euskadik

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Lan eta Justiziako Sailburu Mª Jesús San José alboan zuela, El futuro del trabajo que queremos. Un debate global [Nahi dugun lanaren etorkizuna. Eztabaida global bat] izeneko biltzarraren irekiera-ekitaldian parte hartu du.

Gobernuaren Euskadiko Ordezkari Jesús Loza eta Oñatiko Alkate Mikel Biain Oñatiko Unibertsitatean eginiko ekitaldian egon dira ere.

Lehendakariak azpimarratu duenez, ekonomia-hazkunde iraunkor, inklusibo eta jarraitu baten; enplegu betea eta emankorraren; eta guztiontzako lan duinaren -Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetako bat- sustatzea Eusko Jaurlaritzak euskal gizartearekin duen funtsezko konpromiso bat da. “Gizakiaren duintasuna babesten, ekoizpen-eredua aldaketa teknologikoen aurrean antolatzen eta gizarte-partaidetzarako bideak hobetzen jarraituko dugu, baita enpresaren barruan ere”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak pertsona oinarri duten politikak garatzen dituela nabarmendu du Iñigo Urkulluk, beti ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko konpromisoarekin. Eta adibide gisa, aurreko astean Euskadi Soldata berdintasunaren aldeko Nazioarteko Koalizioko kide bilakatzeko prozesuari ekin ziotela gogoratu du Lehendakariak. LANE, NB Emakumeak eta ELGE erakundeak dira ekimenaren sustatzaileak.

Era berean, eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak bere hastapenetatik bultzatu dituen hiru kontzepturi (hau da, hiruko hizketa, globalizazioa eta lankidetza) erreferentzia eginaz, Euskadik sortze-konpromiso horien eguneratzea bere egin duela adierazi du Lehendakariak. Honela, Eusko Jaurlaritzaren ekintzak aipatu ditu Lehendakariak: hiruko hizketari dagokionez aurrera egin du, Gizarte-elkarrizketarako Mahaia sortzeko Dekretua onartuz; Globalizazioaren erronkei erantzutea xede duen Nazio Batuen 2030 Agenda bere egin du; eta lankidetzaren aldeko apustua egin du ere. “Gauzatze-fasean ditugun hiru konpromiso dira, jakitun baikaude asko dagoela egiteko oraindik”, esan du amaitzeko.

Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék, bestetik, Eusko Jaurlaritzak Gizarte-elkarrizketan irmoki sinisten duela adierazi du, Lanaren Nazioarteko Erakundeak ezarri zuen funtsezko oinarrian: alderdi-hirukotasuna, alegia. Eta horrexegatik, CCOO eta UGTrekin bat egin eta Gizarte-elkarrizketarako Mahaian Confebaskekin batera parte hartzeko gonbitea luzatu die aipatu mahaitik at gelditu diren sindikatuei.

“El futuro del trabajo que queremos. Un debate global.” biltzarra 

Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) «El futuro del trabajo que queremos. Un debate global» izeneko nazioarteko biltzarra antolatu du. Biltzarra Oñatin egingo da, apirilaren 10 eta 11n.Ekonomialari, ikertzaile, gobernu ezberdinetako ordezkari eta gizarte-mailako solaskide (enpresaburuen eta langileen erakundeak) esanguratsuek parte hartuko dute biltzarrean, lan-arloan ematen diren aldaketa sakonen inguruan eztabaidatzeko helburuarekin.