Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2019rako jarduera-plana aurkeztu du Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran

Argitalpen-data: 

IMG_0027.JPG

Euskadin, 2018an, motozaleen eta motozikleten ezbeharrei eta arriskuei buruzko azterketa ezagutarazi da bileran

 

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak 2018ko jardueren memoria eta ezbeharren balantzea aurkeztu dute, gaur goizean, Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan motozaleen eta motozikleten ezbeharrei eta arriskuei buruzko 2018ko azterketa ezagutarazi dute. Horrez gain, 2019rako aurreikusten diren jarduerak aurreratu dituzte, eta jarduera horien artean nabarmentzen dira ‘Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik’ proiektua finkatzea, Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa abian jartzea eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eguneratzea.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko Batzordearen urteko bilera egin da gaur Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Bilerara bertaratu dira Ertzaintzako, udaltzaingoetako, udaletako eta aldundietako ordezkariak eta bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako eta zuzendaritzetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), baita mugikortasunaren hobekuntzarekin lotuta dauden hainbat sektore ekonomikoetako eta profesionaletako gizarte-eragileak ere.

2015-2020 aldirako “Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren” barruan Trafiko Zuzendaritzak 2018an egindako jardueren memoria aurkeztu dute Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak.

2018ko memorian jasotzen diren jardueretako batzuk dira: bide-segurtasunarekin konpromisoa duten enpresen sarea sortzeko Innovabide proiektua; Bide Prestakuntzarekin eta Heziketarekin lotzen diren ekintzak, hala nola Don’t be Dummy estrategia; kolektibo zaurgarrienen artean bide-segurtasuna sustatzeko programak; edo udalerri txikietarako edo oso txikietarako Bide Segurtasuneko Planak egitea.

Horrez gain, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak 2018ko istripu-tasen balantzea ere aurkeztu du. 2018. urtean 42 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan trafiko-istripuen ondorioz, 2017an baino 3 pertsona gehiago.

Azalpenean adierazi du 2018an heriotza eragin duten istripuen % 86 hiriarteko zonetan gertatu zirela eta % 14 hiri-zonetan. Horrez gain, hildako pertsonen % 69 gidariak ziren (% 4 bizikleta-gidariak, % 48 moto-gidariak eta % 48 bestelako ibilgailuetako gidariak, gehienak auto-gidariak), % 12 okupatzaileak ziren (guztiak autoetan) eta % 19 ibiltariak ziren.  Errepidean izandako istripuetako hildakoen % 80 gizonezkoak ziren eta % 20 emakumezkoak.

Errepidean heriotza eragin duten istripuetako faktore konkurrenteei dagokienez, nabarmentzen dira deskuiduak edo arretarik gabe gidatzea, gehiegizko abiadura edo abiadura desegokia eta alkoholaren eta drogen kontsumoa”, adierazi du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuak.

 

Motozaleen arriskuaren pertzepzioari buruzko azterketa

Trafikoko zuzendariak Bide Segurtasuneko Batzordeko kideei aurkeztu die Euskal Autonomia Erkidegoan motozaleen eta motozikleten ezbeharrei eta arriskuei buruzko 2018ko azterketa.

Ibilgailuen 450 gidariri, tartean 150 motozaleri, egindako inkesta abiapuntu izanik egindako azterketa horrek motozikleten gidarien erradiografia eskaintzen du, baita errepideko arriskuen pertzepzioari buruzkoa ere. Inkesta erantzun duten moto-erabiltzaileen % 40k onartzen dute abiadura-mugak gainditzen dituztela. Gainera, % 20k baino gehiagok arrisku handiz edo ausarkeriaz gidatzen dutela aitortzen dute, hala nola semaforoa horian dagoenean gurutzatzea, hirian ibilgailuen artean sigi-saga ibiltzea edo ibilgailuen artean paraleloan gidatzea.

Trafikoko zuzendariaren iritziz, bide-segurtasuna erantzukizun partekatua da, eragile, erakunde eta bide-erabiltzaile guztien artean partekatua. Kolektibo zaurgarrien babesa —motozaleena, ibiltariena edo txirrindulariena— da 2015-2020 aldirako “Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren” funtsezko helburuetako bat. “Jokabide arduratsuak sustatzera zuzentzen diren ekintzak inplementatzearen aldeko apustua egiten dugu, baita, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren bidez, arrisku-egoerak saihestearen aldeko apustua ere. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoan istripu-tasa murrizteko finkatutako helburuak lortuko badira, funtsezkoa da gizabanakoaren ardura”, aditzera eman du Sonia Díaz de Corcuerak.

 

2019ko jarduera-plana

Segurtasuneko sailburuak hiru mugarri nagusi nabarmendu ditu Trafiko Zuzendaritzak 2019rako aurreikusi dituen jarduera-ildoen artean: “prebentzioa, ‘Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik’ proiektua finkatuz; ezagutza, Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa abian jarriz; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoaren kudeaketa aurreratua egiteko”.

2017an abian jarritako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan gidari izan aurreko adinean dauden gazteei zuzendutako prebentzio-estrategia, ‘Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik’, hiru lurralde historikoetako 20.000 ikaslerengana iritsiko da 2019an.

Bestalde, 2019an, Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrotik lortuko dira istripu-tasen datuak. Erregistro horrek hiri-bideetako eta hiri arteko bideetako istripu-tasen analisirako tresna estatistikoa eskainiko dio Trafiko Zuzendaritzari, eta lagungarria izango da istripu-tasak murriztera zuzendutako erabakiak hartzeko.

Trafikoko Zuzendaritzaren beste ekintzetako bat izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eguneratzea eta berritzea. Laser-argiztapena izango duen beste videowall bat instalatzeaz gain, Trafiko Zuzendaritzaren ingeniaritza-arloak garatutako kudeaketa-tresna berriak ere integratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hiri arteko bideetan trafikoaren kudeaketa, informazioa eta kontrola hobetzeko helburuarekin.

2019an, bestalde, Ertzaintzak udaltzaingoekin elkarlanean egiten dituen zaintza- eta kontrol-kanpainak indartuko dira. 44 jarduera egingo dira, joan den urtean baino lau gehiago, eta 5 kanpaina espezifiko egingo dira bigarren mailako bideetan motozikleten abiadura kontrolatzeko. Era berean, Bide Segurtasuneko Planak egingo dira Elciego, Bakio eta Zaldibia udalerrietarako.