Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.460.000 euro onartu ditu arte eszenikoen ekoizpena laguntzeko, iaz baino 160.000 gehiago

dantz.jpg

2019.eko martxoak 11

  • Deialdi berri honek orain arte indarrean zeuden beste bi lerro uztartzen ditu: antzerki-ekoizpena sustatzeko deialdia eta dantza ekoiztekoa.

Vitoria-Gasteiz, 11/03/2019             

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.460.000 euro onartu ditu arte eszenikoen ekoizpena sustatzeko, iazko ekitaldian baino 160.000 euro gehiago. Diru-laguntza deialdi berri bat sortu du horretarako, orain arte indarrean zeuden beste bi lerro uztartzen dituena: antzerki-ekoizpena sustatzeko deialdia (iaz, 880.000 euro) eta dantza ekoizteko lerroa (iaz, 420.000 euro). Lehenengo lerro horren bitartez 24 proiektu lagundu ziren iaz eta dantza ekoizteko deialdiaren bidez, berriz, 22 ekimen. Gobernu Batzordeak iragan astean onartu zuen diru-laguntza deialdi berri hau.

Deialdi bi horiek bakar batean bildu dira arte eszenikoak ikuspegi bateratu batetik landu nahi direlako, antzerkia zein dantza kontuan hartuz. Deialdi berriak lau modalitate izango ditu, aurreko bi modalitateetan zeuden zazpiak batzen baititu (antzerki-ekoizpenerako diru-laguntzetan lau modalitate zeuden eta dantza ekoizpenetarakoan beste hiru).

Honako hauek dira deialdi berri honek proposatzen dituen lau modalitateak:

  • Hitzartutako zirkuituarekin egindako ekoizpenei zuzendutako laguntzak: Modalitate honen bitartez lagunduko dira SAREAko antzokietatik bira bat ziurtatuta duten produkzio proiektuak.
  • Ekoizpen eszenikoak I eta banaketa: Modalitate honetan eta hurrengoan produkzioa egitera laguntzeaz gain honen banaketa ere laguntzen da. Modalitate honetan kalitatezko eta interesa duten proiektu emergenteak lagundu nahi dira batez ere, eta horregatik ibilbidea ez du pisu esanguratsurik.
  • Ekoizpen eszenikoak II eta banaketa: Modalitate honetan, aldiz, kalitatezko eta interesa duten proiektuak laguntzeaz gain egituren iraunkortasuna bultzatu nahi da eta ibilbideak pisu handiago du.
  • Arte eszenikoetako konpainien bi urteko jardunetarako laguntzak: Euskadiko konpainia finkatuen bi urtetako antzerki jarduera laguntzeko, epe luzeko estrategiak abian jartzeko aukera hobeagoak izan ditzaten.

Deialdi honekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baditu bestelako diru-laguntza deialdi irekiak arte eszenikoak sustatzeko. Alde batetik, 630.000 euro inbertitzen ditu arte eszenikoak sustatzeko deialdiaren sei modalitateen bidez. Bestetik, Kultur Sormena deialdiaren barruan badaude bi deialdi arte eszenikoei loturik daudenak: koreografien sorkuntza eta antzerki testuak. Bi modalitate horietan 80.800 euro inbertitzen dira. Azkenik, Sailak baditu deialdi zuzenak eta arte eszenikoak sustatzeko programa zehatzak.